Amaya Sport San Antoniok denboraldiko bigarren garaipena lortu nahi du, gaur, Galizian (20:45). Octavioren aurka jokatuko du, eta, Asobalera igo berria bada ere, Juanto Apezetxea entrenatzailea ez da fidatzen. Horregatik eta jokalari guztiak osaturik dituenez, Julen Lopez eta David Jimenez hegalekoak utzi ditu deialditik kanpo.
San Antoniok joan den larunbatean denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Iruñean, eta bide horretatik jarraitu nahi du gaur, baina, oraingoan, etxetik urrun. Denboraldiko lehen aukeran kale egin zuten iruindarrek, Huescaren aurka galdu ondoren, eta Iruñetik kanpo lehen garaipena lortu nahi dute. Gainera, garaipena ezinbestean behar dute goiko postuetatik urrundu nahi ez badute. «Aste honetan ongi entrenatu dugu, sentsazio onak berreskuratuz. Bide horri eustea espero dute gaurko partidan, garaipena lortzeko», esan zuen atzo Juanto Apezetxea San Antonioko entrenatzaileak.
Partida zaila izango dute iruindarrek, Octaviok iragan sasoian ez baitzuen partidarik galdu bere pistan. Azken hamasei partidetan garaipena erdietsi dute. Orain bi denboraldi galdu zuten azken aldiz, Bartzelonaren aurka. «Errekorrarekin jarraitzea ona izango litzateke, garaipena lortu dugun seinale baita. Baina badakigu lan oso ona egin behar dugula horretarako, San Antonio talde indartsua baita», esan zuen Quique Dominguez entrenatzaileak, atzo. Joan den larunbatean bezala, Cacheda eta Cedillo jokalariak ezingo ditu kantxaratu Pontevedrako entrenatzaileak, biek min hartuta jarraitzen baitute oraindik.
Igo berriak bezain beteranoak
Igo berriak badira ere, Apezetxea ez da fidatzen. «Denboraldi hasiera honetan gehien gustatu zaidan taldea da», onartu zuen atzo. Huescan galdu ondoren, oraingo honetan lezioa ikasia dute, eta ez dute faboritoaren rola hartuko, hori tontakeria izango litzatekeela uste baitu entrenatzaileak. «Erasoan baloi gutxi galtzen dituzte, eta defentsan 6-0eko lerro erasokorra dute, Vargas defentsako buru dela. Esperientziadun jokalari asko dituzte, eta, horregatik, partidaren erritmoa guk eraman behar dugu, bestela min handia eragingo baitigute. Esperientziadun jokalariak izatea garrantzitsua da Asobal ligan, horrek zelaian kokatzen laguntzen baitu», aztertu zuen arerioa Iruñeko entrenatzaileak. Arerioaren jokoaz gain, jokalari batzuk ere nabarmendu zituen Apezetxeak, Polakovic, Vargas, Dasilva eta Vico, besteak beste.
Garaipenaren bidetik jarraitu nahi du San Antoniok Galizian
Jokalari guztiak osatuta, Julen Lopez eta David Jimenez deialditik kanpo utzi ditu Juanto Apezetxeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu