Garaipenak, bilakaera landuaren ondorio

San Juanek hirugarren denboraldia du Euskotren Liga irabaztearen gozoa dastatzen. 2014tik da 'Batelerak' traineruko entrenatzaile Juan Mari Etxabe, eta taldeak zein bilakaera izan duen azaldu du.

Juanmari Etxabe Kontxako estropadaren bezperatan, lan saio baten ondoren, iaz. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Pasai Donibane
2016ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Emaitza ona lortzea lanaren ondorioa dela ari da zabaltzen gero eta gehiago kirolean. Lehen, orain gutxi arte, eta oraindik ere leku batzuetan, helburutzat hartzen da emaitza. Baina irabaztera heltzeko egin behar den lana ona izatea da helburua, eta emaitza, ondorioa. Ondo daki hori Juan Mari Etxabek, San Juango emakumezkoen taldeko entrenatzaileak. Hirugarren denboraldia du zeregin horretan, eta, BERRIAk eskatuta, arraunlariek hiru urte hauetan izan duten bilakaera nolakoa izan den kontatu du, emaitza onak lortzera heldu arte.

Bilakaera psikologikoa, fisikoa eta teknikoa aztertu ditu oiartzuarrak, eta lehendabizi, 2013ko udazkenera jo du, taldearen ardura hartu zuen garaira. «San Juan ez zen talde garailea orduan, baina ikusten zen hobetuz zihoala urteen joanean». Etxaberen aurrekoek egindako lanari segida eman behar zitzaion, eta, hiru urtean, talde garailea lortu du.

Jakina da buruak sekulako eragina duela kirolariengan, eta arraunlariak ez dira salbuespena. Etxabek azaldu du buru aldetik nolako arraunlariak aurkitu zituen, 2013an: «Heldu gabe zeuden. Arraunean urte gutxi ibilitakoak ziren gehienak, eta taldea ez zen gai estropadetan sortzen den urduritasuna menderatzeko». Berehala heldu zion entrenatzaileak arazoa konpontzeari, eta, horretarako, ondorengoa egin zuen: «Aldagela barruan ordu asko pasatu genituen hizketan gaiari buruz, eta hasi ziren buruko lana menderatzen, nolabait esateko». 2014ko denboraldian, lan horrek fruitu handi bat eman zuen, beste guztien gainetik: Kontxako Bandera irabazi zuten Batelerek aurreneko aldiz.

Beste aurrerapauso bat eman zuten iaz arraunlariek buruko lana menderatzeko orduan,eta aurten ere bai. «Ikusten da orain gai direla heldutasunez arraun egiteko, eta uretatik kanpoko gauzetan ere antzematen zaie. Adibidez, joan zen igandean, Zarautzen, lehorrean igarri nien estropada irabazi egingo genuela. Orain badakite lanean kontzentratzen eta estropada aurreko uneak behar bezala bizitzen».

Arlo fisikoa da aztertu beharreko bestea, eta hor ere zaildu egin dira Etxaberen arraunlariak. Filosofia zehatz baten berri eman du entrenatzaileak: «Taldera heldu nintzenean, arraunlari batzuk oso onak ziren ordurako. Horiekin ez zegoen aparteko lanik egin beharrik arlo fisikoan. Beste multzo bat zegoen pixka bat landu beharrekoa, eta, azkenik, bazeuden beste batzuk lanketa handia eskatzen zutenak. Oso garbi esan nion taldeari irabazle izateko azkeneko multzokoek hobetu egin beharko zutela. Eta lortu dute».

Neguan egiten du arlo fisikoa arraunlariak, eta horretan ere ikusi du bilakaera Etxabek: «Lehenengo urtean, denek batera egin zuten lan fisikoa, elkarren babesean. Hala eskatu nien. Orain, hiruzpalauko multzoetan egiten uzten diet, badakidalako lan ona egingo dutela».

Teknikaren arloa falta zaio aztertzeko entrenatzaileari. Ikusi besterik ez dago nola egiten duen arraunean San Juanek orain, eta lehen nola egiten zuen, jabetzeko badela lan ona hobekuntzaren oinarrian. «Dena dago lotuta, eta lan psikologikoaren, fisikoaren eta teknikoaren uztartzea dago arraun egiteko oraingo eraren atzean. Orain, oldarkorragoak gara pala uretan sartzeko orduan, eta lehen baino lasaitasun handiagoarekin dabiltza hura ateratzeko orduan. Heldutasuna da hori».

«Hobetzeko tartea dute»

Arlo guztietako bilakaera onak lasaitasuna eman dio Etxaberi, eta, lehengo aldean, askatasun handiagoa ematen die arraunlariei. Badaki erantzun ona emango diotela; «batez ere, estropadetan. Gai dira aldi zailetan lasai jarduteko, eta gauza handia da heldutasun horren jabe izatea». Goia jo ote du San Juanek? Ezezkoa izan da erantzuna: «Badute zer hobetu oraindik, eta taldeak elkarrekin jarraitzen badu datozen urteetan, gai izango da hamar minutu azpitik ibiltzeko. Orain, uste dut gai direla hamar minutu eta hogei segundoren bueltan ibiltzeko».

Azkenik, aldarrikatu egin du emakumezko arraunlariek egiten duten lana, kanpotik datorkien esamesen inguruan: «Esaten da lan asko egin gabe lortzen dutela arraunean ondo egitea, mailarik ez dagoela, eta abar. Hori ez da horrela, eta lan handia dago atzean, bai eta maila ona ere». Bistan da bai, San Juanen badela lan ona, neurtua eta zehatza. Ondorioa: emaitza onak. Hiru urtez segidan Euskotren ligako garaile, eta hirugarren Kontxa jarraian irabazteko aukera irail honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.