Parekotasuna espero zen Kontxan, eta hala izan zen. Baina inor gutxik espero zuen Tolosaldearen garaipena lehen jardunaldian. Sasoiko lehen garaipena lortu zuten, gainera. Hemezortzi ehunenen aldea dauka Arraun Lagunak-ekiko. 2.16ra dago Donostiarra, eta 4.66ra Orio. Irribarrea ahotik kendu ezinda jarraitzen du Izaro Lestayo patroiak (Getaria, Gipuzkoa, 1998).
Ikusi gehiago:Gorka Aranberri, Urdaibaiko patroia: «Kanpora galdutakoa errekuperatzeak balio handia dauka»
Hogeita lau ordu baino gehiago igaro dira. Nola zaudete? Nola sentitzen zarete?
Estropada amaitutakoan etxera iritsi, estropada ikusi, eta esango nuke orduan hasi ginela lortutakoa barneratzen. Gaur [atzo] aje emozionalarekin jaiki gara.
Estropada handia egin zenuten. Espero zenuten horrelakorik?
Bagenekien gure arraunketa hartuz gero lehian aritzeko gai ginela. Baina esango nuke guk ere ez genuela imajinatzen lehenengo postu hori lortu genezakeenik. Nahi? Bai, noski; nahi genuen, baina sinestea beste gauza bat da!
Gutxik zeukaten Tolosaldea Kontxa irabazteko kinieletan. Horrek presiorik gabe aritzen lagundu dizue?
Bai. Estropada aurretik elkarrekin hitz egin genuen denek.Eta entrenatzaileak eta nik esan genien neskei berdin zuela zein postutan gelditzen ginen, baina denboraldia arraunketa txukun batekin bukatu nahi genuela. Estropada bukatu eta esan: «Gure estropada egin dugu». Baina behin amaitutakoan, desberdina zen. Garaipena espero gabe iritsi da, baina haren bila ibili gara. Alde horretatik, sorpresa izan da, eta oso pozik gaude.
Hasieratik sartu zenuten branka aurretik, nahiz eta gero Donostiarrak aurretik egin zuen estropadaren zati handi bat. Hori zen estrategia? Irteera gogor bat egitea?
Bai, guk estropada prestatzerakoan aipatu genuen brankaz dena ematera joango ginela. Itzultzerakoan bueltatuko ginela, baina joaten hustu behar genuela. Hasieratik azken txanpa izango balitz bezala aritzeko esan nien neskei, ez uzteko ezer barruan. Hori izan zen gakoa. Hasieratik indartsu ateratzea. Buelta beti egiten da nola edo hala.
Taldekideei sinesteko esaten zenien ontzitik, baina zu sinesten ari zinen ikusten ari zinena?
Egia esatea nahi baduzu, ez! [barrez]. Ramonek [Erostarbe] lehenengo gindoazela esaten zidan entzungailutik, eta jarraitzeko arraunean. Momentuan ni ere ez nintzen guztiz jabetzen nola geunden. Neskei sinesteko esaten nien, lehenengo gindoazela. Estropada amaitu arte nik ere ez nuen sinetsi.
Azken txanparaino eutsi zenion kaleari. Ez zenuen Donostiarra zuen kaletik bota nahi izan, baina hirugarrenera ere ez zinen joan. Hala erabakia zenuten, edo unean uneko erabakia izan zen?
Ramonekin itsasoa ikustera joan nintzen goizean, eta esan zidan olatuak hirugarren kalera markatzen zuela, istriborrera. Baina bueltan Donostiarrarekin lehia polita geneukan, Arraun Lagunak urrutiago zegoen, eta apustu bat egin behar genuen. Hirugarren kalera joan, edo kalea mantendu eta Donostiarrari sartzen ez utzi. Gure kaleari eutsi genion, eta esan daiteke ondo irten zitzaigula.
Datorren iganderako lau ontzi lau segundoko tarte batean. Nola kudeatu daiteke hori uretatik?
Badakigu lau segundo oso gutxi dela. Eta zer esanik ez hemezortzi ehunen. Hutsetik hasi beharreko estropada izango da. Hala ere, guk gure garaipena lortu dugu: lehenengo igandean irabazi dugu. Gure taldeak irabazi du dagoeneko. Banderaren bila goaz, noski, baina harro egoteko denboraldi bat egin dugu jada.
Orain arte baino presio handiagoa izango duzuela uste duzu? Horrek asteko entrenamenduetan eragin dezake?
Talde gaztea da. Ez dakit nola joango den astea. Azken finean denen ahotan gaude; hedabide guztiak gure atzetik daude, eta ez dakit nola kudeatuko dugun. Espero dut ez hartzea presio moduan, eta denen ahotan egoteak bultzadatxoa ematea sinesteko. Aste honetan taldea lasaitzea egokituko zait. Ni ere urduri egongo naiz, baina lasaitasuna transmititzen saiatzen naiz. Nahikoa lan izango dut aste honetan! Baina behin eta berriro errepikatuko diet gure lana eginda dagoela.
Baina, behin honaino iritsita, irabaztea izango da helburua, ezta?
Dudarik gabe! Agian sinestea falta zitzaigun, eta honek horretarako balioko digu. Jendeak esaten dit: «Izaro, datorren igandean berdin!». Nik esaten diet zaila dela. Lau handi egongo gara elkarren ondoan. Baina, dudarik gabe, bandera nahi dugu.
Hala ere, urte osoa egin duzue zortzi taldeko ligan ohorezko txandan egonkortuta. Zuk lehenengo urtea duzu bertan, baina proiektua finkatzen ari dela esan daiteke, ez?
Zortzi arraunlarik utzi zuten taldea iaz, eta entrenatzailearentzat hutsetik hastea bezala izan da aurtengoa. Guk ere ez genuen espero hain ondo aritzea; aurrekoengandik hain gertu, alegia. Batzuetan atzean gelditu gara, baina gure arraunketarekin aurrean egon gara. Aurten horrela aritu bagara, datorren urtean zergatik ez aurrerago? Uste dut Tolosaldeak proiektu hori landu nahi duela, eta hori egiten ahaleginduko gara.
Izaro Lestayo. Tolosaldea traineruko patroia
«Garaipena espero gabe iritsi da, baina haren bila ibili gara»
Ezustean irabazi zuen Tolosaldeak Kontxako Banderako lehen saioa. Lau ontzi daude lau segundoko tarte batean, eta igandean erabakiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu