Garaipen historikoa

Italiak etxean eta aurreneko aldiz irabazi du erlojupeko Munduko Txapelketa, Filippo Gannarekin. Van Aert bigarren, eta Kung hirugarren

Filippo Ganna, ahalegin betean, atzoko lasterketan. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Erlojuaren aurkako probak nagusi bat izan dezake datozen urteetan. Italiarra da, Filippo du izena, Ganna abizena. 24 urte dauzka. Eta atzotik herrialdeko txirrindularitzaren palmares loriatsuan lekua dauka: munduko txapeldun izan zen, non eta Imolan, Italian bertan. Mugarri historikoa ezarri zuen, gainera: aurreneko aldiz lortu du Italiak proba horretan txapeldun izatea. 1994an izan zen aurrenekoa, eta ordutik hirutan bakarrik lortu dute dominaren bat: aurreneko aldi hartan, Andrea Chiurato bigarren izan zen; 2015ean, Adriano Malorik gauza bera erdietsi zuen; eta, iaz, Ganna bera hirugarren izan zen.

Atzo bi koska jan zizkion podiumari. Kolpetik. Bigarrenetik pasatu gabe. Eta ezin ezustetzat hartu. Duela hiru urte egin zuen debuta profesionaletan Ineos taldeko txirrindulariak, eta hasieratik erakutsi zuen erlojuaren aurkako espezialista petoa dela.

Orduko 53 kilometroko batez besteko abiaduran egin zituen31.7 kilometroak —haizea alde zuten ibilbideko bigarren erdian—. Bigarren Wout van Aert flandriarra izan zen, 26 segundora, eta Stefan Kung suitzarrak jantzi zuen brontzea, 29 segundora. Aurreko bi urteetako txapelduna, Rohan Dennis australiarra, bosgarren sailkatu zen, 39 segundora, eta haren aurretik Geraint Thomas galestarrak egin zuen, 37 segundora.

Hasi eta bukatu menderatu zituen aurkariak Gannak. 14,9. kilometroan zegoen erreferentzia puntuan aurrena zihoan, eta atzetik zituen Dennis (20 segundora), Thomas (35era), Kung (41era) eta Tom Dumoulin (45era).

Lasterketaren bigarren zatian, haizea alde izan zuten horretan, podiumeko bigarren eta hirugarren postuetan izan zen aldaketa. Van Aert ere ziztu bizian joan zelako, eta Stefan Kungek muturra sartu zuelako hirugarren koskan. Erreferentzia puntuan, seigarren denbora egin zuen Van Aertek, Gannarengandik 46 segundora. Azkeneko 17 kilometroetan, Ganna ez beste aurkari guztiak gainditu zituen, eta hari ere 20 segundo jan zizkion.

Pello Bilbao 26. sailkatu zen, Gannarengandik 2.33 minutura.Atzo zuen debuta erlojuaren aurkako Munduko Txapelketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.