SALZBURGO 0-2 REALA

Garaipen handia lortu dute txuri-urdinek Salzburgon

Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak lehen zati perfektua egin du, eta, jokoaren eta eraginkortasunari esker, ederki bideratu du lehia. Eutsi egin dio gero. Oiartzabalek eta Brais Mendezek sartu dituzte golak.

Brais Mendez bigarren gola sartzen. LUKAS HUTER / EFE / EPA
jon eskudero
2023ko urriaren 3a
21:24
Entzun

Hegan joan, hegan egin, eta hegan itzuli. Austriarako bidaia ez du edonola osatu Realak, helburu guztiak ongi beteta igaro baitu Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia. Hegazkineko hegaldietan ez ezik, zelaian ere hegan egin dute txuri-urdinek, hankapean hartu eta ondo merezita gainditu baitute Salzburgo. Lehen zati perfektua jokatu du Imanol Alguacilen taldeak, futbolean behar den guztia baliatuta: nortasuna, jokoaren kontrola eta eraginkortasuna. Hiru aldagai horiek ardatz harturik, talde handien izaerarekin aritu dira txuri-urdinak, eta txiki utzi dute Salzburgo. Pase guztiak zehatz eta bizkor egin dituzte, eta jokoan izandako aldea emaitzan islatzen asmatu dute.

Oiartzabalek eta Brais Mendezek sartu dituzte golak, lehen ordu erdia betetzerako. Bigarren zatian bestelako itxura eman dute etxekoek, baina Realak ez du arazorik izan 0-2koari eusteko. Garaipenari esker, lehen jardunaldian Milango Interren aurka berdindu izana emaitza ona bihurtu dute donostiarrek.

Dudarik ez dago azken urteetan nabarmen hazi dela Reala, baina horixe du hurrengo erronka: asteburuetan liga, eta aste barruan Europako lehiaketak egoki uztartzea. Itxura batean, bada, taldeari ez dio inolako zamarik ekarri aurrez Athleticen aurkako derbiak eragindako nekeak. Partida harekin alderatuta, Imanolek soilik bi aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, eta berritasun nagusia Oiartzabal izan da. Kontuak zer diren, kapitaina bera izan da txuri-urdinen onena.

Realak bizi-bizi ekin dio lehiari, gogotsu eta aurkaria irensteko prest. Oso goian egin du presio, eta itotzear aritu da une oro Salzburgo. Lehen bost minutuetan, hiru aukera alferrik galdu dituzte txuri-urdinek, baina hurrengo aukeran ez dute huts egin. Baloia Oiartzabalen hanketara iritsi da, eta, patxada osoz, aurrelariak maisuki bideratu du baloia sarera, seigarren minutuan. Kalitate handiko errematea izan da, oso jokalari gutxiren esku dagoena.

Gol goiztiarrari esker, berak nahi zuen tokian ipini zaio neurketa Realari, eta, minutuak igaro ahala, gero eta nabarmenagoa izan da bi taldeen arteko aldea. Salzburgoko jokalarien batez besteko adina soilik 21 urte izanik, apur bat tokitik kanpo eta aurkariari neurria hartu ezinda ibili dira etxekoak, eta haien ezina baliatu dute txuri-urdinek distira egiteko. Paseak zehatz eta azkar egin dituzte, eta lehen zatiak datu aipagarri bat izan du: Realak %91ko eraginkortasuna izan du paseetan.

Jokoaren kontrola txuri-urdinena zen, eta, behin Salzburgoren presioa gaindituta, erasoan zernahi egiteko aukera izan dute. Halaxe iritsi da bigarren gola. Bere zelaian baloia hartu eta aurkariaren arearaino iritsita, Brais Mendezek lortu du 0-2koa, kontraeraso dotore batean. Gol gehiago sartzeko aukerak ere izan ditu Realak.

Ziurrenik donostiarren merituz, Salzburgok oso irudi eskasa eman du lehen zati osoan. Baloi luzeetan lasterka eginda, arrisku sentsazioa eragin du pare bat aldiz, baina ezer gehiagorik ez. Hori ikusita, hiru aldaketa egin ditu bigarren zatirako, eta bestelako intentsitate batekin jokatu dute etxekoek, lehen minutuetan bereziki. Partidan bete-betean sartzeko aukera izan dute, epaileak penaltia adierazi baitu haien alde. Ordea, jokaldia errepikatuta ikusi ondoren erabakia atzera bota du. Arnasa hartu du Realak, eta gerora ederki kudeatu du emaitza. Imanolek garaiz egin ditu aldaketak, eta, jokalarien freskotasunari esker, emaitzari bere horretan inolako arazorik gabe eutsi diete txuri-urdinek. Imanol «harro» mintzatu da partida amaieran. «Zoratzeko moduko lana egin dugu. Lehen zatian egin duguna oroimenean geratuko da. Oso zaila da Txapeldunen Ligako partida batean horren ondo aritzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.