Garaipen handi baten peskizan

Carlota Ziganda «pozik» dago egiten ari den sasoiarekin. Postu on asko pilatu ditu, baina, orain, garaipen bat lortu nahi luke LPGA zirkuituan. Atzotik Evian torneoa jokatzen ari da golflari nafarra.

Carlota Ziganda kolpe bat jotzen, denboraldi honetan jokatutako torneo batean. RAFAEL ESPAÑA / EFE.
Iñaki Berastegi.
2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bere kirol ibilbideko garairik onenetako batean dago Carlota Zigandagolflaria (Larraintzar, Nafarroa, 1990). Iaz egindako caddie aldaketarekin urrats bat egin zuen, erregularrago jokatzen hasi zen, eta aurten are eta emaitza hobeak lortzen ari da. «Urtea ondo doa. Ongi jokatzen ari naiz, eta uste dut jarraitutasun handiz ari naizela. Pozik nago».

Iaz ere denboraldi ona egin zuen, baina aurten «beste pauso bat» eman duela uste du. «Nire ustez, iaz baino erregularrago jokatzen ari naiz. Sendoagoa da nire jokoa. Denboraldia hain luzea denez, funtsezkoa da ahalik eta erregularrena izatea».

Emaitzek horixe berresten dute. Esaterako, jokatu diren hiru torneo handietan emaitza onak lortu ditu: Devronen hamabigarren izan zen; PGA Txapelketan, hirugarren; eta AEBetako Irekian hogeigarren postuan geratu zen. «Lan ona egiten ari naiz. Postu on asko lortu ditut, baina gustatuko litzaidake LPGA zirkuituko torneoren bat irabaztea aurten». Erregulartasun horren beste adierazle bat da urte guztian bi txapelketatan baino ez duela mozketa gainditu gabe utzi.

Irabaztea da falta zaion gauza bakarretarikoa. LPGAn garaipenik lortu ez badu ere, LET Europako zirkuituan eta Floridako txapelketan nagusitu egin zen. «Nire zazpigarren garaipena izan da LET zirkuituan. Europan jokatzea gustatzen zait, eta, ahal dudan neurrian, ahalik eta torneo gehienetara joaten ahalegintzen naiz. Egia da LPGAn baino maila apalagoa dagoela, baina irabaztea irabaztea da, inoiz ez da erraza, eta motibatu egiten zaitu gauzak ondo egiten jarraitzeko».

Emaitza on horiei esker, mundukozerrendako 31. postuan dago Ziganda. «Egiari zor, zertxobait gorago egotea gustatuko litzaidake. Ondo dago munduko 30 golflaririk onenen artean egotea, baina nire asmoa da hamar onenen artean egonkortzea». Zerrenda horretan gora egiten jarraitzearekin batera, Zigandak beste bi helburu ditu denboraldi honetan: major edo torneo handi bat irabaztea, eta Solheim Cup torneoan aritzea.

Lehen garaipen handia ez du urruti izan, lau aldiz amaitu baitu torneo handietakoren batean hiru onenen artean. «Aurten, PGA txapelketan, lehenengo bi egunetan hobeto jokatzea falta izan zitzaidan; putt-arekin huts egin nuen. Azken egunean, aldea nabarmen murriztu nuen, ia putt guztiak sartu bainituen, baina ez zen nahikoa izan garaipena lortzeko». Hain justu, putt-a da aspaldian gehien lantzen ari den kolpea. «Caddie berriak asko lagundu nau putt-arekin. Bata besteari egokitzeko denbora behar izaten da, eta orain askoz ere erosoago ari gara lanean: kolpeen xehetasunekin asko laguntzen nau». Laguntzaile aldaketa ez ezik, materiala ere aldatu berri du Zigandak. «Makila berriekin ari naiz, eta esango nuke hobetzen lagundu didan aldagai bat izan direla».

Urteek ematen duten heldutasuna eta inguruan duen taldea ere «funtsezkoak» dira Zigandarentzat. «Denboraldi batzuk badaramatzat jada goi mailan, eta esperientzia hori nabaritu egiten da. Gauzak oso modu profesionalean hartzen ditut, eta oso lantalde zabala daukat nirekin: nutrizionista, prestatzaile fisikoa, entrenatzailea... Talde on bat inguruan izatea funtsezkoa da, zalantzarik gabe. Babes handia ematen didate».

Gizonezkoen zirkuituan torneo handiak lau dira, eta emakumezkoetan, berriz, bost; arestian aipatutako hirurak, Evian torneoarekin eta Britainia Handiko Irekiarekin batera. «Torneo handi bat irabaztea ez da batere erraza. Urtean bost aukera dituzu, eta 155 golflarik jokatzen dute txapelketa bakoitza. Asko motibatzen nauten torneoak dira; ilusio handia egingo lidake torneo handi bat irabazteak».

Garaipenaren bila

Atzo hasi zen Evian torneoa, urteko azken-aurreko txapelketa handia, Evian-les-bainsen (Frantzia). «Egutegian gorriz markatuta dauzkadan txapelketetako bat da, noski». Iaz hirugarren postuan amaitu zuen. Abuztuan jokatuko den Britainia Handiko Irekia eta irailean jokatuko den Solheim Cup torneoa izango dira ondorengo bi erronka handiak. «Solheim Cup-i dagokionez, munduko zerrendan daukadan postua dela-eta, aukeratutakoen artean nago oraingoz. Hala ere, oraindik ez dago dena erabakita, eta emaitza eta postu onak lortzen segitu behar dut». Argi dagoena da Zigandak irabazteko gosea duela. «Hobetzen jarraitzeko eta goi mailan lehiatzeko gogo eta motibazio handia dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.