Garaipen garratza

Bera Berak 33-32 irabazi dio Corona Brasovi, baina EHF kopatik kanpo geratu da, joaneko partidan bost golen aldeaz galdu baitzuen

Bera Berako jokalariak, zaleei babesa eskertzen, partida amaieran, atzo, Gaska kiroldegian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Kito. Egin du Super Amara Bera Berarenak EHF kopan. Donostiako taldeari maldan gora jarri zitzaion bigarren kanporaketa, Errumanian, joanekoan, bost golen aldeaz galduta. Etxean kanporaketa iraultzea beste aukerarik ez zuen aurrera egiteko. Eta kale egin zuen asmo horretan. Irabazi, irabazi egin zuen itzulikoa, baina erdibidean geratu zen, gol bakar batengatik nagusitu baitzitzaion Corona Brasovi atzo Gaska kiroldegian: 33-32. Beraz, lehiaketatik kanpo gelditu zen.

Nahi baino gutxiago lehiatu eta gozatu ahal izan dute donostiarrek EHF kopan. Kolpea da, itxaropena baitzuten lehiaketa horretan aurrerapausoa emateko. Baina beste aldi batean izan beharko du. Kanporatzeari zerbait ona bilatzekotan, Bera Berak aukera izango du orain Espainiako Ligan eta kopan buru-belarri aritzeko. Balorazio hori, baina, egun batzuk igarota egin beharrekoa da, atsekabea pasatutakoan.

Donostiarrek argi zuten egitekoa aukeraren bat izateko: sendo aritu behar ziren defentsan, bizkor jokatu eta eraginkorrak izan erasoan. Hori egin ezean, oso zail izango zuten Brasov ustekabean harrapatzea. Ondo bete zuten egitekoa lehen hogei minutuetan, eta horri esker, hiru golen aldea lortu zuten: 12-9. Helburua lortzeko bidean ziren. Egiten ari zirenari eutsi egin behar zioten.

Baina Brasoveko entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen, eta etenalditik bueltan, goitik behera aldatu zen neurketa. Timoxenkovak harresia eraiki zuen atean, eta erasoan, Tirca etxekoen defentsa zigortzen hasi zen behin eta berriro. Hala, errumaniarrek 2-9ko partziala lortu zuten lehen zatiko azken hamar minutuetan: 12-9tik 14-18ra pasatu zen emaitza. Bigarren zatia falta zen jokatzeko, baina miraria behar zuen Bera Berak sailkatzeko: bederatzi golen aldeari buelta eman behar zion ordu erdian. Ez zen halakorik gertatu. Gutxienez, irabazten saiatu ziren etxekoak, eta hori, behintzat, lortu zuten, azken minutuetan behetik gora eginda. Garaipena azkenean, baina garaipen garratza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.