Mikel Urrutikoetxeak eta Jon Ander Albisuk lortu dute Binakako Txapelketako lehen puntua. Partida gogorra jokatu dute Laso eta Imaz egungo txapeldunordeen aurka, baina hobeto iritsi dira azken tantoetara, eta hori baliatu dute puntua poltsikoratzeko (19-22). 666 pilotakada jo dituzte, eta ordu eta laurden iraun du norgehiagokak.
Atzo, Amets Arzallus izan zen Bizkaia pilotalekuko bertsolari onena, eta, gaur, Urrutikoetxea izan da pilotaririk onena. Neurketaren lehen erdian atzetik ibili dira urdinak, Albisuren hainbat huts tarteko —hamar pilota galdu ditu—; atzelariak bere jokoa hobetu duenean, ordea, nagusitu egin dira. 16-13 galtzen ari zirela gertatu da hori. Hortik aurrera, ezinean ibili dira Laso eta Imaz, eta markagailua irauli dute Urrutikoetxeak eta Albisuk.
Gauzak horrela, puntu banarekin iritsiko dira hirugarren jardunaldira gaur lehiatu diren bi bikoteak.
Bigarren jardunaldiko azken neurketa asteartean jokatuko da, Eibarren (Gipuzkoa). Elezkanok II.ak eta Tolosak parean izango dituzte Peio Etxeberria eta Rezusta. Lehen puntua lortu nahi dute bi bikoteek.