Gaurko etapa amaituko den lekuan, baina duela 40 urte, Peio Ruiz Cabestany txirrindulari donostiarrak Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen; etapa bikoitzean gainera. Goizean, Amurriotik (Araba) Beasainera (Gipuzkoa) 113 kilometroko etapa egin zuten, eta, arratsaldean, 14 kilometro pasatxoko kronoigoera izan zuten, Beasainen bertan. Cabestany ez da data zehatzak oroitzekoa; telefonoz deitu, eta harritu egin zen elkarrizketa egiteko eskatzean, efemerideaz ahaztuta, eta elkartzean baieztatu zuen hori. Halere, behin hitz egiten hasita, xehetasun handiz oroitu ditu Itzuli horren bizipen guztiak.
Inoiz baino presenteago du, gainera, garaipen hori, 1985eko apiril arteko bere ibilbidea kontakizun batean jasotzen ari baita orain. Ez du garbi zer egingo duen horrekin, baina azaldu du adierazteko beharra zuela. «Kontatuko du nola Zizurkil bezalako herri batetik ateratako taldetxo batek irabaz dezakeen Euskal Herriko Itzulia, orduko txirrindulari onenen kontra lehiatuta».
Eta arrazoirik ez zaio falta Cabestanyri, Itzuli horrek izan zuen parte hartzea maila gorenekoa baitzen: Sean Kelly, Marino Lejarreta, Greg Lemond, Jorg Muller... «Itzuliaren 25. urteurrena zen, eta ahalik eta txirrindulari onenak ekartzen saiatu ziren», azaldu du. 1984an egin zuen jauzi profesionaletara MG Orbea taldeak —aurrez SD Danena—, eta Cabestanyren debut profesionala ere urte horretan izan zen, aurrez afizionatuetan emaitza onak lortu ostean. Azaldu duenez, gutxinaka kanpoko txirrindulari onak fitxatzen hasi ziren; esaterako, 1985ean Perico Delgado ekarri zuten Reynoldsetik, ostera, besteak beste, Frantziako Tourra irabaziko zuen txirrindularia. «Gu inozo batzuk ginen, gaztetxo batzuk, baina Perico azeri bat zen. Mathieu Hermans herbeheretarra ere iritsi zen; tipo arraroa».
«Itzuliaren 25. urteurrena zen, eta ahalik eta txirrindulari onenak ekartzen saiatu ziren» PEIO RUIZ CABESTANYTxirrindulari ohia
Cabestany berandu hasi zen txirrindularitzan, gurasoen nahiaren kontra. Gogoratu du unibertsitatera joan aurreko kurtsoan matematika suspenditu ziotela, eta ikasketak uztea erabaki zuela: «Pailazo batek suspenditu ninduen. Baina benetan, e! Txiribiton zen gure matematika irakaslea, eta Mirri, gaztelaniakoa. Asko maite dut, baina malapartatuak suspenditu egin ninduen». Nabarmendu duenez, behin lasterketak irabazten hasita, gurasoen onespena lortu zuen.
Garaipenik gabeko Itzulia
1984ko denboraldian, haren lehen lasterketa profesionalean, Valentziako Itzulian, sailkapen orokorreko lehen postua galdu zuen besoak goizegi altxatzeagatik: «Itzuli hori hiru segundoren aldeagatik galdu nuen». Cabestanyk gogorarazi du garai hartan txirrindularitzaren zaletasun handia zegoela, Julian Gorospe bizkaitarraren eta Jokin Mujika gipuzkoarraren arteko lehia baitzegoen: «Eta bat-batean ni iritsi nintzen, eta teorian outsider bat nintzen; hein batean, nire igoera Jokinen jaitsiera izan zen».
Kontatu duenez, bere profesionaletako lehen urtean jada erakutsi zuen trebea zela, Espainiako Vueltako aitzinetapan bigarren geratu baitzen. Eta hala iritsi zen 1985eko Itzulira. Cabestanyk esan du txirrindularitza kaotikoagoa zela garai hartan, eta lehen etapa hala izan zen: «Eraso egin nahi zuen taldeak eraso egiten zuen; ez zegoen agindu zehatzik». Etapa horretan Jokin Mujikak, bere taldekideak, eraso egin zuen, baina kilometro baten faltan harrapatu zuten. Azkenean, Jose Luis Laguiak irabazi zuen.
Bigarren etapan, Imanol Murgak jo zuen erasoa, beste taldekide batek: «Etapa osoa eman zuen ihesean. Aurreko egunean jada Pericok eta biok zazpi segundoren aldea atera genien atzekoei, baina Murga joan egin zen. Nahi zuenak nahi zuenean jotzen zuen erasoa». Horregatik, uste du garrantzitsua zela erne egotea eta azkarra izatea: «Oraingo txirrindulariak ez ziren ezertaz ohartuko garai horretan». Etapa horretan, Delgadok eta Cabestanyk aldea handitzea lortu zuten, eta orduan hasi zen ohartzen Itzulia irabazteko hautagaietako bat zela. «Ni ez nintzen eskalatzailea, baina ondo ibili nintzen igoeretan, eta pentsatu nuen: 'Kontuz, azken etapa erlojupekoa da, eta ni horretan naiz onena'».
«Jaitsieran harrapatu nuen Muller, eta esan nion: 'Zuk eman dena, eta etapa zuretzat'»
PEIO RUIZ CABESTANYTxirrindulari ohia
Zorte txarra
Aitortu du Legorretan (Gipuzkoa) amaitu zen etapa hori irabaz zezakeela: «Bihurgune batean abiatu nintzen, eta neure baitan esan nuen: 'Ezin liteke hain ondo joatea', eta gelditu egin nintzen; horregatik irabazi ninduten». Hirugarren etapan ere gauza bera gertatu zitzaiola azaldu du: Getxoko (Bizkaia) belodromoan amaitzekoa zen etapa, eta Cabestany aurrean zihoan, baina uste zuen oraindik belodromoari buelta bat gehiago ematea falta zitzaiola, eta esprintean atzetik etorritakoek harrapatu zuten. Azaldu duenez, «lur jota» geratu zen horien ostean, etaparen bat irabazi nahi baitzuen: «Dezepzionatuta nengoen, baina orduan pentsatu nuen: 'etapa hauek ez irabazteak Itzulia irabaztea esan nahi badu, bejondeiola!'».
Eta hala iritsi ziren azken egunera: Laguia lider zela, eta «mundu guztia arratsaldeko erlojupekoan pentsatzen» ari zela. Goizeko etapan, azken mendatearen tarte gogorra amaitutakoan, gainontzekoek espero ez zutenean, erasoa jo zuen, eta ihesaldian bakarrik zegoen Muller harrapatu zuen: «Besteek esan zuten: 'Nora doa hau! Arratsaldean erlojupekoa dugu eta!'. Jaitsieran harrapatu nuen Muller, eta esan nion: 'Zuk eman dena, eta etapa zuretzat'». Horrela, lider jarri zen erlojupekoaren aurretik, eta ia minutu erdiko aldea zuela jakinda, lasaiago atera zen arratsaldean. Erlojupeko hori ere irabazi ez bazuen ere, Itzulia eraman zuen etxera.
Lejarretarekin izan zituen tirabirak ez ditu berehalakoan ahaztuko Cabestanyk. Izan ere, kontatu du hasierako urteetan «idolo» bat zela berarentzat, baina izan zuela gorabeherarik harekin: bigarren etaparen ostean, Lejarreta berari buruz gaizki esaka ibili zen prentsaren aurrean, esanez aurpegia eman behar zuela. Horrez gainera, Beasainen amaitu zen etaparen ostean ere Lejarretak esan zuen motor baten atzean joan zirela indarra aurrezteko. Hala ere, adierazpen horiek, lur jota utzi beharrean, are gehiago motibatu zuten Cabestany.