Real Madril da oparotasunaren isla futbolaren munduan. Klub zuria da garaipen zerrendarik luzeena duena, eta kluben arteko txapelketarik preziatuenak aldirik gehienetan eskuratu dituena. Espainiako Koparen kasuan, ordea, Bartzelonaren eta Athleticen itzalean dago, baina, halere, ez du batere sorta eskasa. Batez ere, Osasunarekin alderatuz gero: espainiarrek hogeigarrena lortzea dute xede. Iruindarrek, berriz, lehendabizikoa.
Carlo Ancelottiren taldea da gailentzeko hautagai nagusia, ondo zaildutako garaikur harraparia denez gero, baina partida bakarrera dena da posible, eta gorritxoek hori probestu nahi dute estreinako Kopa irabazteko. Gainera, Real Madrilek agerian utzi ditu bere ahuluneak azken asteetan, eta sasoiko boladarik makurrenean ailegatuko da Sevillara.
Esaterako, galdu egin ditu ligako azken hiru partidetatik bi. Bata, Gironaren aurka (4-2), eta, bestea, Realaren kontra (2-0). Herenegun jokatu zuen txuri-urdinen kontrako partida, eta lau egunen buruan ariko da finalean. Lezioa ikasita dago Osasuna.
MULTZO ONDU BAT
Olioztatutako makina
Real Madrilek jokalari onak ditu lerroz lerro, eta talde izaera hori nabarmendu egiten zaio norbanakoen distira printzen gainetik. Futbol eraginkorra ondoen egiten duen taldea izaki, atzeko lerroak aurrekoarekin lotura estua du, eta zelai erdiak olioztatzen du makineria hori guztia.
Defentsan tarte gutxi uzten dio aurkariari, porlan zurizko horma handi bat balitz bezala. Thibaut Courtoisengandik abiatzen da sendotasuna, eta Carvajal, Militao, Rudiger, Nacho, Alaba eta enparauak ditu segidako —azken horrek, osatuta, jokatu egingo du, okerrik ezean—. Taldea atzera begira denean, azkeneko defentsak dira. Erasoari ekitean, estreinako aurrelariak. Bloke horrek berehala estutzen du harraparia, eta zaila da handik ihes egitea. Akatsen bat egiten ez badute, bederen. Militaok, esaterako, bi egin ditu astebetean, eta taldeak garesti ordaindu du hori.
MODRIC, APARTEKOA
Rockero zaharraren zain
Eskarmentua eta gaztetasuna uztartzen dituen taldea da Real Madril, eta beteranoenek dute pisurik handiena aldagelaren barruan. Hain justu ere, zelai erdian nabarmentzen dira haietako zenbait; Toni Kroos eta Luka Modric, esaterako.
Kroaziarrak taldetik at egin du azken astea, min hartuta, baina azken egunetan suspertu egin da, Ancelotti prestatzaileak adierazi duenez. Zenbait iturriren arabera, Modric Marijana Kovacevic doktorearen kontsultan egon da asteon, Belgraden, finalerako prest egotea beste xederik gabe.
Hain justu ere, haren balizko parte hartzea berri eskasa da Osasunarentzat. Urte askoko ibilbidea pilatu izanagatik —38 urte beteko ditu irailean—, Modricek ez du lehengo kalitatearen printzarik galdu, eta jokalari garrantzitsua da Real Madrilen jokoa antolatzeko garaian. Kroos, Fede Valverde edota Camavinga bezalako jokalariekin osatzen duen zelai erdiak alderdi teknikoa, taktikoa eta fisikoa uztartzen ditu.
Nolanahi ere, Real Madrilen min hartutakoen zerrenda luzeagoa da finalaren atarian, eta ikusteko da atseden beharrean izan diren jokalari horiek nola dauden etziko neurketari begira. Alabaz eta Modricez gain, Rodrygok ere taldetik kanpora igaro ditu azken egunak, taldearen izar nagusietako batek bezalaxe. Karim Benzemari atseden ematea hobetsi du Ancelottik, Osasunaren aurkako neurketari nahiz Txapeldunen Ligako kanporaketari begira, baina jokatzeko moduan da.
AURREAN, AZTIA ETA PIZTIA
Katua buru duen tropela
Gorengo mailako garaikurrak eskuratzeko garaian, bada aldagai bat huts egin ezin duena: gola. Futbolean oinarrizkoa, eta hura gabe ezin da irabazi. Hortaz, Real Madrilen gisako talde batek munduko onentsuenak ditu bere sailean.
Hain justu ere, Benzema beteranoa da haien guztien burua. Katuak eta haren tropelak eraginkortasuna daukate ezaugarri nagusitzat. Espezialistak dira golak aldez edo moldez sartzen. Vinicius Jr. da taldearen beste ikurretako bat; zelaian sortzen duen giroaz aparte, lantegi zaila da brasildarra geratzea. Benzemak eta Viniciusek 29 eta 24 gol sartu dituzte sasoi honetan, hurrenez hurren. Azti bezain piztia dira azken metroetan.
TEKNIKARIAREN ITZALA
Ancelottiren gaitasuna
Entrenatzaileak izan dira Real Madrilen azken urteetako kiderik esanguratsuenetako batzuk. Garai bateko izar galaktikoen aldia igarota, jokalari multzoa bere erara antolatzen jakin duten prestatzaileak nabarmendu dira azkenaldian, eta kasurik gehienetan hori izan da arrakastari bidea zabaldu dion aldagaia.
Zinedine Zidane eta Carlo Ancelotti gailendu dira lantegi horretan. Egungo prestatzaileari dagokionez, 2021eko ekainean berriz ere zurien aulkian eseri ondotik gutxika eratu du gaur egungo multzoa, eta gailurreraino eraman du.
Joan zen sasoia izan zen horren adibide. Espainiako Liga eta Txapeldunen Liga irabazi zituen, eta, azken garaikur horri esker, Europako Superkopan gailentzea lortu zuen. Teknikari italiarrak esperientzia handia du gorengo mailako taldeak gidatzen —entrenatzaile gisa Txapeldun Liga gehien duena da, lau—, eta sen ona eta kirrinkarik eza ditu ezaugarritzat. Oilategi traza duen otso tropela osatu du hala. Arrakastaren gakoetako bat hortik iritsi da.