PILOTA

Garaik eta Osesek irabazi dute Berria Txapelketa

Gasteiztarrak eta oñatiarrak Miren Larrarte eta Itxaso Erasun hartu dituzte mendean final oso estuan: 22-20.

Andoni Alvarez Andoaingo alkatea, Uxue Oses, Leire Garai, eta Ainara Arratibel BERRIAko ordezkaria, txapelak eman berritan. MAIALEN ANDRES / FOKU
jon eskudero
2023ko ekainaren 24a
15:58
Entzun

Emozioa eta kalitatea izan ohi dira finalen aldagai nagusienetako bi, eta III. Berria Txapelketako finalak bietatik sobera du gaur, Andoaingo Arrate pilotalekuan (Gipuzkoa). Partida gogorra, ona eta emozioz betea jokatu dute lau pilotariek, eta azkenean Leire Garaik eta Uxue Osesek 22-20 menderatu dituzte Miren Larrarte eta Itxaso Erasun. Hasi eta buka, tanto distiratsuak ikusteko aukera izan dute pilotazaleek, eta bi bikoteek izan dute irabazteko aukera. Dezenteko gorabeherak izan dira markagailuan, baina inork ez du lortu tanto askoko alderik, eta azkenean opari gutxien egin duen bikoteak jantzi du txapela. Azken txanpan tentsioa eta urduritasuna hobeto kudeatu dituzte txapeldunek, eta merezita gailendu dira.

Finalari hasiera hobea eman diote Larrartek eta Erasunek. Batez ere, aurrelariak bizi-bizi abiatu du lehia, eta haren tantoei esker 3-0 aurreratu dira gorriak. Ez luzerako, ordea. Osesek neurria hartu dio kantxari, eta haren hobekuntzari etekina atera dio Garaik. Aurrean inspiraturik agertu da gasteiztarra, eta emaitza irauli dute urdinek: 3-6. Hori ikusirik, finala gogortzeko erabakia hartu dute gorriek, eta bete-betean asmatu dute. Bai, behintzat, epe laburrera, zortzina berdindu baitute. Gerora ere aldetxoak izan dituzte Garaik eta Osesek (11-8), baina hortzak estututa, aurkariei parean eustea lortu dute Larrartek eta Erasunek. Hamalauna zirela sartu dira azken txanpan bi bikoteak.

Ordurako oso gogortua zegoen finala, eta hauspoak ere garrantzia izango zuela begien bistakoa zen. Kikiltzetik urrun, ausart jokatu du Larrartek, eta batez ere, ezker airearekin min egin du. Pilotazale bat baino gehiago aho zabalik utzi ditu jokaldi horrekin. Gauzak hala, gorriak aurretik izan dira ia beti: 16-14, 17-16 eta 20-18. Txapela oso gertu izan duten Larratek eta Erasunek, baina azken lau tantoak Garaik eta Osesek egin dituzte. Ondo jokatuta, gainera. Oso gaztea izanagatik ere, nabarmentzekoa izan da Osesen patxada eta segurtasuna. Pilotarik galdu gabe aritu da bukaeran oñatiarra. Eta Garaik ere taktikoki egoki jokatu du, aurkarien artera pilota mozten asmatu baitu.

Bestalde, XVIII. Berria Txapelketako finala bihar jokatuko da, Hernanin (Gipuzkoa) 17:00etan. Iruñeko Oberena eta Ultzamako (Nafarroa) Buruzgain ariko dira aurrez aurre. Pronostikoen arabera, faborito garbi da Oberena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.