Arraunean urte asko eta asko daramaten arraunlariak daude, euren ametsei segika. Askok lortuko ez dituzten ametsak, ez merezi ez dutelako edota lan nahikoa egin ez dutelako, noski, beti ez baita emaitzetan islatzen egiten den lana eta esfortzua.
Badira beste arraunlari batzuk, beste batzuek hainbat eta hainbat urtetan borrokatu dituzten emaitzak eta ametsak hasi berritan lortzen dituztenak. Ez da hauek meritu gutxiago dutelako, ez. Baina emaitzak etortzearen gakoa hori baita, garai, leku eta jende egokiarekin topo egitea. Norberaren esperientziak, lanak edota sakrifizioek ez dute beti behar den saria ematen.
Ibilbide luzeko arraunlariek jende ugarirekin topo egin izango dute, momentu garratz eta on asko pasatutakoak izango dira, segur aski. Motxila esperientzia eta bizipen handiz betea izango dute, baina hori dena ez da beti kirol sarietan islatzen.
Garaipen eta denboraldi guztiak ez dira gozoak izaten, baina ametsak borrokatu eta hainbestetan irudikatzen dugun momentu hori lortu eta bizitzeko aukera izatea izugarria da, estimatu beharrekoa, ez baitute merezi duten guztiek lortuko. Horregatik, garai, leku eta jende egokiarekin topo egiten dutenek izango dute arraunaren historian euren izena idatzia uzteko aukera. Une hori noiz iritsiko den jakin gabe, arraunlari guztiek jarraituko dute ametsen borrokan.