Lo gutxi egin du azken hilabeteetan Julian Erasok. Bilera, ekitaldi eta Euskal Herriko Itzuliaren betebeharrek asko estutu dute haren agenda. Heldu den astelehenean hasiko da lasterketa, Iruñean, eta hilaren 8an bukatuko, Eibarren (Gipuzkoa). Euskal Bizikletaren bulegoko telefonotik erantzun ditu galderak. Afaltzeko garaia da, baina han dago oraindik.
Urtarrilean, dimisioa eman zuten Itzuliko zuzendaritzako kideen erdiek. Nolakoak izan dira aste hauek geratu zinetenentzat?
Eromena izan dira, garai bateko ardura berreskuratzea izan da, Euskal Bizikletan genuena. Antolakuntzaren ardura. 1981ean hasi ginen txirrindularitzan, errebotez, Arrateko Igoera bi urtez ez zela jokatu-eta Eibarko Klub Deportibora etorri ziren laguntza eske. Ni ur azpiko ekintzetan nengoen, eta hura tokatu zitzaidan. Pentsatzen genuen: «Beste batzuek egiten badute, guk zergatik ez?». Ez nuen txirrindularitzari buruz tutik ere ulertzen, eskubaloian ibilitakoa nintzen. Eta 1981az geroztik, horrela. Etapa batetik hirura pasatu ginen; handik, bostera, eta, gero, Euskal Bizikleta antolatu genuen ETBrekin batera.
Euskal Bizikletarena aro polita izan zen, baina, gero, pixka bat ETBk, Jaurlaritzak eta Diario Vascok behartuta, Itzulia eta Euskal Bizikleta elkartu egin ziren, eta OCETA Euskal Txirrindularitza Antolakuntzak osatu. Ura eta olioa bateratzea izan zen, eta, nahiz eta harreman ona ez izan, aurrera egin genuen. Estatutuen arabera, haiek [Itzuliko arduradunek, Diario Vasco Kirol Antolakuntzek] presidentea eta idazkaria zuten, eta guk [Euskal Bizikletak], presidenteordea eta diruzaina. 2009tik hona, horrela ibili gara, lau donostiar eta lau eibartar. Lan sendoena donostiarrek egiten zuten, hasieran gehienbat. Gero, apurka, ardurak hartuz joan ginen: kanpoko harremanak federazioekin, UCIrekin... Azken urteetan indarra hartu dugu. Azken urteetako helmugak guk lorturikoak izan dira, aurtengoak barne.
Trantsizio zaila izan al da?
Pisu handiagoa hartzen ari ginen, baina antolakuntza lanak, xehetasunak, lehenbizi Jaime Ugartek egiten zituen, eta, gero, Jose Luis Arrietak [aurreko zuzendariak], eta ez zeuden taldean lan egitera ohituta. Ez zuten gehiegi delegatzen. Euskal Herriko Itzulia itzuli handia izan da orain arte, eta hor dago horien lana.
Zer pasatu da Donostiako kideek dimisioa emateko?
Ugartek eta Jose Mari Ezeizak zuzendaritza utzi zutenean egin zen lehen trantsizioa [2014an], eta estatutuak arrapaladan egin ziren. Donostiako lau ordezkarietako bat aldatzeko, Diario Vasco Kirol Antolakuntzak izendatu behar zuen; gureak, berriz, Euskal Bizikletak. Jesus Mari Iribarrenek eta Juan Luis Juarezek, Ugarte eta Ezeizaren ordez sartu zirenek esaten zuten Arrietarekin batera utziko zutela. Zer pasatu zen? Urtarrilaren 5ean bilera egin, eta Arrietak esan zuen kargua utziko zuela. Hilabete lehenago beste bilera bat egin genuen, eta ez zigun ezer aipatu. Bagenekien errelebo bila zebiltzala, baina arazoa zuten. Bien bitartean Diario Vasco Kirol Antolakuntzak desagertu egin zelako, Diario Vascok utzi egin zuen elkartea, eta orduan ez egoen lekukoa hartzeko elkarterik. Eta zerbait prestatuz gero, aho batez onartu behar zen. Eta ez zutenez ezer lortu, bada urtarrilaren 5a iritsi zen, eta dimisioa eman zuen.
Lehen zortziren artean egiten zenuten lana orain lauren artean egin behar izan duzue?
Lehen ere ez zen zortziren artean egiten. Arrietak lan handia egiten zuen. Guk ekarpenak egiten genituen, baina ez dakit zehazki nola banatzen zuten antolakuntza.
Orain, Eibarkoak bakarrik?
Bai, bai. Erentxunek Arrietari esan zion ea ez zen hobe aurtengo lasterketak antolatzea, agur normala egin, eta gero uztea. Arrietak ezetz esan zion, bazihoala. Eta harekin batera Erentxun, hark esan zuelako Arrieta joaten bazen bera ere joan egingo zela, eta beste biak, Iribarren eta Juarez, ere bai.
Klasikoa ere zuen esku dago?
Bai, lasterketa biak. Ez da gure esku egotea. Jendeak galdetzen du: «Zer egon da, haustura bat? Haserretu egin zarete?» Bai zera, gu haserretu? Are gehiago, azken urtean inoizko girorik onena izan genuen gure artean. Nik uste dut Arrieta osasunez justuago ibili dela azken urteetan, eta haren erabaki pertsonal bat izan dela.
Harrezkero, zenbat egin duzu lo?
Bi hilabeteotan nola ibili garen jakingo bazenu... Javier Riaño eta biok, zoroen pare. Araudia, ibilbidea, paperak, UCI… denekin. Eta eskerrak aurreko Euskal Bizikletako esperientzia genuela eta bagenekiela nola egiten ziren. Eskarmenturik gabeko pertsonen esku gelditu izan balitz, hau ezingo zenukeen egin. Urtebetean eta batzuetan denbora gehiagoan egiten den lana bi hilabetean atera dugu. Gau eta egun, eta jai eta aste. Datorren urtera eta klasikora begira, gauzak errazagoak izango dira. Begira, Itzuliko Donostiako helmugak lan gehiago eman digu Klasikoak baino.
Itzulia arriskuan egon al da honekin guztiarekin?
Nik ez dut arriskuan ikusi, baikorra naizelako. Erronka bat jartzen dizutenean, aurrera egin behar da, eta nola edo hala atera.
Eta etorkizuna? Ziurtatuta dago?
Bai, bai, garai txarrenak pasatu dira. 2009 urte ingurukoak izan ziren. Hor ibili ginen justu-justu, erakunde publikoei esker, babeslerik gabe… Ziurtatuta daude Sabadell bankua eta Jaurlaritza. Bermatuta daukagu, halaber, UCI World Tour proba garela hiru urterako: 2017, 2018 eta 2019. Horrek lasaitasuna ematen du. Proba guztiek dute hiru urterako lizentzia, baita Tourrak ere.
Zein aurrekontu duzue?
Itzulian, milioi bat euro, milioi bat ehun… Borobilduta, milioia, eta Klasikoan, 400.000 euro. Sekulako aldea dago. Sei eguneko itzuliak, milioia, eta egun bakarrekoak, 400.000. Tasak ere garestiagoak dira egun baterako seirako baino. UCIk World Tourra antolatu zuenean barruan geundenentzat oso erosoa da dena, baina kanpoan hotz handia egiten du. Guk hori Euskal Bizikletan ezagutu genuen. Barruan egoteak beste lasaitasun bat ematen dizu, baina, aurten, World Tour ez balitz, orduan bai ezinezkoa zatekeen Itzulia antolatzea: talde guztiekin negoziatu, zein, nola… Donostiako Udala pentsatzen ari da Klasikoa bultzatzea, eta, bi lasterketak horrela mantentzen badira, ez dugu arazorik segitzeko. Ezaguna da eibartarrak nolakoak garen: «Egin behar bada, egingo dugu».
Hiriburuetara jo duzue. Herrietan ez al dago dirurik?
Ez da hori. Nafarroako Gobernuarekin Iruñetik irteteko asmoari buruz hitz egin genuen. Haiek baiezkoa eman, eta, Arabako Aldundiarekin eta Bilborekin akordioa genuenez, lau hiriburuak lotzea erabaki genuen. Lehen asmoa, halere, ez zen Donostia. Uste genuen nahikoa zuela Klasikoarekin, eta Tolosara joateko asmoa genuen, hiriburu forala izan zelako. Iazko Klasikoan, baina, udalarekin hitz egin, eta esan ziguten egitasmo hori eginez gero Donostia ere sartuko zela. Esan genuen: «lau hiriburuetatik igaroko gara, eta munduko hiriburuan bukatuko dugu: Eibarren».
Nafarroan aldaketa politikoa erabakigarria izan da?
Aurreko urteetan ere egon ginen Nafarroan, euskarak indar gehiago duen eremuan. Baina uste genuen Iruñera joan behar zela; Nafarroa politikoki aldatu egin da, eta onartu egin zuten. Hurrengo urtean hor jarraitzea da asmoa. Derrigorrean egon behar dugu Hegoaldeko lau herrialdeetan. Eta gero, Iparraldera pasatzea...
Baiona urrun al dago?
Urrun ez, baina arazo batzuk dakartza. Frantziako legedia da, eta han Tourra da nagusi. Teknikoki, zaila da, eta ekonomikoki ere ahalegin handia. Euskal Bizikletarekin Donibane Lohizunera joan ginen, helmuga eta guzti. Jendarmeriak ez ditu gauzak errazten. Begira, Urdazubitik Lesakarako bidean 30 kilometro egin genituen Lapurdin, eta jendarmeek errepide osoa itxi zuten. Hori garestia da. Profesionalek lehiatzeko errepide osoa itxi behar duzu; baina hori lasterketa guztiei pasatzen zaie, Paris-Nizari ere bai. Hango lasterketa Tourra da, eta besteak, folklorea.
Julian Eraso. Euskal Herriko Itzuliko zuzendaria
«Garai txarrenak igaro dira»
Euskal Herriko lehen itzulia du karguan, eta «eromenaren» erdian egin du lan. Zuzendaritza erdiak dimisioa eman zuen urtarrilean, eta buru-belarri murgildu behar izan du antolakuntzan. Halere, dena ondo irtengo dela sinetsita dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu