Iaz irabazitako munduko binakako txapela defendatuko du gaur Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan (17:00, ETBk). Esteban Gaubekarekin ariko da, Pablo Fusto eta Koldo Larrinagaren aurka. «Haiek dira faborito, baina guk irabazteko aukerak ditugu», ohartarazi du. Mikel Aierbe Zumaiara bildutako zarauztar jatorra da, hiztuna, eta argi mintzo da (Gipuzkoa, 1976). Palan aritzeaz gain, lan ere egiten du anaiarekin. «Astea Mallabiko gure biltegi aurrean pilaturiko elurra beste pala batekin kentzen hasi nuen; hori da nire gimnasioa» Txapelarekin bukatu nahiko luke.
Iaz txapeldun, aurten berriz finalera, ia 36 urterekin bada zerbait.
Azken urte eta erdi honetan inoiz baino hobeto ari naiz jokatzen. Nik ez diot neure buruari iraungitze datarik jartzen, baina 40 urteak bete arte antzera jokatzen jarraitu ahalko dudala uste dut.
Ilusioak bizi jarraitzen du?
Bai, eta, gainera, oso lehiakorra naiz. Entrenatzeak ere ilusioa egiten dit; gaur entrenatzera noa eta ordua noiz iritsiko irrikan nago. Jendeak esaten didanez, gustuko du nirekin entrenatzea, nire onena ematen dudalako. Txikitatik beti izan naiz horrelakoa: gauzak fundamentuz egin, edo ez egin.
Urduritasunik sumatzen al duzu?
Tira, oraingo honetan hedabideen aldetik kasu handiagoa egin digute, eta eskertzekoa da. Baina urduri ez. Finalaren egunean bai, beti daukazu zirrara, baina ni finaletara gustura joan izan naiz.
Zein itxura hartzen diozu gaurkoari?
Zaila, baina gurea ematen badugu, aukerak ditugu. Ni ondo ari naiz, eta Estebanek (Gaubeka) goraka egin du. Lehiakorrak gara, eta horregatik, ondo moldatzen gara elkarrekin; harreman ona dugu, baita pilotalekutik kanpo ere. Dena den, galdu ondoren izan ditugu haserreak ere. Senar-emazteak bezalakoak garela diote; «asko exijitzen didazu, ezin dut kale egin», esaten dit, eta nik hari: «hi berdina haiz eta!»...
Aurkariak bikain aritu dira.
Fusto bere maila ematen ari da, oso altua alegia, eta Larrinaga ere ondo ari da. Elkar ondo hartzen dute, eta ez da erraza Fustorekin ondo jokatzea, asko sartzen da eta itxaroten jakin behar da.
Pilotaleku luzera itzuli zarete txapelketan, gustura?
Bai, ni bai, eta gipuzkoar naizen aldetik, gozamena izan da Donostian jokatzea. Pala Bizkaitik ateratzea gauza handia da. Jendeari pala erakusteko aukera izan da.
Garbizaleentzat, baina, Miribillanjokatzen duzuena ez da pala...
Iritzi bat da. Beste batzuek diote, aldiz, pilotaleku luzean ez direla hiruzpalau pilotakada baino gehiago ematen jarraian. Miribillara Bizkaiko Aldundiak eraman gintuen, Deportivon ezin zelako jarraitu. Egoerak eraman gintuen hara eta guk han jokatu behar dugu, eta ahal den hobekien. Ikuskizunari dagokionez, jendea gustura dago, telebistan ere pozik daude... Ez dela pala? Bada ez dakit, baina niri gustatzen zait.
Nola dago pala Gipuzkoan?
Gaizki; afizionatu maila ez dut asko jarraitzen, baina Bizkaian bizpahiru gazte on badaude, Nafarroan ere bai... baina Gipuzkoan... palan jokatzen duena pilota eskolako arraroa da.
Eta zu? Nola hasi zinen?
Aita palista bikaina izan zen afizionatuetan, munduko txapeldun... eta harekin, bere pilota kuadrillarekin, eta noski, bi anaiekin. Gero Juan Ezkerro Antxin-ekin jarraitu nuen, eta jendaurrean eskertu nahi nioke nirekin eginiko lana. Harengatik nago ni hemen, jarraitzeko aukera eman zidalako. Baina hasi, aitarekin, txikitako argazkietan beti palarekin agertzen gara hiru anaiak. Nik astero jokatzen nuen aitarekin, larruz! Hori bai, ez ninduen inoiz pilotalekura joatera behartu.
Askok diote palaren etorkizuna emakumeengan dagoela.
Lanean ari dira bai, eta ez dut uste arrazoia falta zaionik hori dionari. Gipuzkoan norbait lan ona egiten ari da: txapelketak, eskolak... eta hala lotzen da jendea.
«Pala profesionala» koma artean izendatu duzu zuk beti.
Nik ez dut neure burua profesionaltzat jotzen, hori hitz potoloa da. Ni ez naiz hortaz bizi, ahalko nuke, laguntzen du, eta jendeak gure soldata irabazteko, zortzi ordu egin behar ditu tornutik burua altxatu gabe. Eskertzekoa da, noski, eta ikusten baduzu nola dagoen erremontea, eskua ere jaitsita dago... Niri gustatuko litzaidake Irujo eta horiek bezala kobratzea, hurrengo egunean jai, gero mendira joan, baina ezin dut.
Aro ezberdin asko ezagutu izan dituzu zuk 10 urtean: Eusko Basque, Emanbilbo, Asfedebi, ia urtebeteko etenaldia eta Innpala orain.
Asko ezagutu izan dugu: enpresa arloan txarra ona baino gehiago, baina tira, nik ikusten dut pala itxita egon zitekeela jada, eta guk hor jarraitzen dugu. Agian pribilegiatu batzuk gara, eta eskertu egin behar da ahalegina: Donostiako Udalari, Bizkaiko Aldundiari... pala herri honen kulturaren zati bat dela ikusi dute. Garai okerragoak ezagutu izan ditugu palistok: itxiera bat, enpresaren zorrak... Asfedebirekin gogorra izan zen itzulera datekin izandako dantza. Innpalaren onena da Bilbotik ateratzen ari garela.
Bizkaia pilotalekua ireki eta bost hilabete igaro ziren lehen pala partida jokatu zenerako.
Hanka sartze handia izan zen hura. Lehen egunetik han egon behar genuen, ospakizun guztietan. Eskuz aritzen direnak palarekin ez dituztela nahastu nahi iruditzen zait; ez dakit lehia gisa ikusten gaituzten. Palistak minduta sentitu ginen. Baina tira, aurrera segitu behar da, itxaropentsu, lau urterako akordioa baitago sinatuta Bizkaiko Aldundiarekin.
Mikel Aierbe. Innpalako palista
«Garai okerragoak ezagutu izan ditugu palistek, pentsa: enpresa itxiera bat, zorrak...»
Munduko txapeldun izan zen iaz, eta gaur bigarren urtez jarraian jokatuko du finala. Gaubekarekin ariko da —«senar-emazteak garela diote»— Fusto-Larrinagaren aurka: «Txapelketa bikaina egin dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu