Bolada ezin hobean dago Amorebieta. Bi partida falta dira liga amaitzeko, eta puntu bakarrera dauzka salbazio postuak. Iker Unzueta (Abadiño, Bizkaia, 1998) neguko merkatuan itzuli zen etxera, Portugaleko Vizela taldeak utzita, eta gol erabakigarriak sartzen ari da. Lau gol egin ditu azken zazpi partidetan, eta gola sartu duen bakoitzean taldeak irabazi egin du. Felix Garreta taldekideari eskaini dizkiote azken biak, burezurreko traumatismo batengatik koma artifizialean egon baita. Espanyolen aurka ariko dira asteburuan, azken-aurreko jardunaldian. Aukerak dituztela «sinetsita» dago aurrelaria.
Garaipen garrantzitsua lortu zenuten Tenerifen. Zer moduz joan zen partida?
Oso ondo, egia esan. Hasieratik bagenekien hiru puntu lortzeko asmoz aritu behar genuela. Haiek ez zeukaten ezer jokoan, baina zaleen aurrean zeuden, eta bagenekin partida irabazi nahi zutela, eta horrela izan zen. Jonmik [Jon Mikel Magunagoitia, atezaina] egundoko geldiketak egin zituen, eta zortea eduki genuen, penalti bat alde izan genuen eta.
Eibarren kontra 5-0 galdu ostean, bitan irabazi duzue jarraian, eta bizi-bizirik zaudete.
Hori da. Autokritika egin genuen Eibarren aurkakoaren ondoren. Ez genuen nahi bezala jokatu, eta kolpe handia izan zen 5-0 galtzea. Baina oso bolada onean geunden, eta lanean jarraitu behar genuen, ordura arte bezala. Vila-realen aurka irabazi genuen gero, eta Tenerifen larunbatean. Espanyol dator orain, aurkari handia da, baina hiru puntuak lortzeko gogoz gaude.
Azken hamar partidetatik sei irabazi dituzue, eta bi berdindu. Denboraldiko aldirik garrantzitsuena da oraingoa, eta aurtengo sasoirik onenean zaudete.
Zalantzarik gabe. Garai erabakigarrian boladarik onena egokitu zaigu, eta aprobetxatu egin behar dugu. Urtarriletik gaur arte partida bakarra galdu dugu etxetik kanpora, eta esango nuke erakusten ari garela zertarako gai garen. Hala ere, ez gara horrekin konformatzen.
Zein izan dira Amorebieta biziberritu hori ikusteko gakoak?
Gogoratzen naiz ni iritsi nintzenean lehen partidak ez zirela onak izan. Taldea sinetsita zegoen, baina egia da Elxen eta Racingen aurka ez genuela ondo jokatu. Hala ere, salbaziotik hamar puntura geundenenean ere taldeak sinetsi egin du. Jokalarien motibazioa izugarria zen, eta motibazio horrek ekarri gaitu gauden egoeraraino.
Zu iritsi zinenerako, Jandro Castrok hartua zuen Haritz Mujikaren tokia aulkian. Zer moduz harekin? Zer ematen dio taldeari?
Entrenatzailea da gugan konfiantza daukala erakusten lehena. Konfiantza handia dauka gugan, eta sinetsita dago helburua lortu dezakegula, oso entrenamendu onak egiten ditugulako. Orain gauzak ondo ateratzen ari zaizkigu, eta jokalariok ere konfiantza daukagu lan egiteko modu horretan.
Denboraldiko aldi garrantzitsuenean kolpe handia hartu duzue Felix Garreta taldekideari gertatutakoa dela eta. Azken garaipenetan harekin oroitu zarete. Aldagelan daukazuen erlazioaren erakusgarri da hori, ezta?
Urtarrilean, iritsi nintzenean, berehala ikusi nuen duela bi urteko Amorebietan neukan familia bera. Jokalari asko aldatu dira, baina familia izaera hori ez da aldatu. Oso batuta gaude, eta Felixena kolpe oso handia izan da guztiontzat. Argi dago irabaztea oso garrantzitsua dela klubarentzat eta guretzat, baina azken garaipen horiek Felixentzat izan dira. Guk helburuak bete nahi ditugu, noski, baina futbola, orain, bigarren edo hirugarren planora igaro da.
«Felixena kolpe oso handia izan da guztiontzat. Guk helburuak bete nahi ditugu, noski, baina futbola, orain, bigarren edo hirugarren planora igaro da».
Espanyol hartuko duzue asteburuan Lezaman. Mailaz igotzeko hautagai nagusietako bat.
Neurketa oso gogorra espero dut, Bigarren Mailako guztiak bezala. Baina Levanteren etxera joan, eta irabazi egin genuen, adibidez. Aurkari zail askori aurre egin diegu, eta irabazteko gai izan gara. Egia da Espanyolek talde izugarria daukala, baina tira; bete-betan sinesten dugu gure jokoan, eta badakigu gure partida eginez gero aukerak izango ditugula.
Azken jardunaldian Anduvara joango zarete, eta aurkari zuzen bat izango duzue parean: Mirandes. Final bat izan daiteke.
Hori nahi dugu, bai: azken jardunaldira bizirik iritsi. Hori lortzea izugarria izango litzateke Amorebietarentzat, batez ere ikusita duela hilabete batzuk nola geunden. Inork ez zuen espero azken jardunaldietan Amorebieta Bigarren Mailan geratzeko lehian ikustea, eta horretan gabiltza. Azken bi urratsak gelditzen zaizkigu orain.
Kanpotik ikusita, izugarrizko konfiantza sumatzen da zuen hitzetan.
Eta hala da, bai. Partida bat galdu, arren taldeak indartsu jarraitu du. Egia da bolada txarretan gol bat sartzen zigutenean behera egiten genuela. Baina orain gola sartzen badigute, beste aldarte batekin aurre egiten diogu horri. Gelditzen diren bi partidetan horrela jarraitzea da helburua.
Hemezortzi partidatan bost gol sartu dituzu, eta azkenek partida irabazteko balio izan dute. Garrantzitsua da hori aurrelari batentzat, ezta?
Bai, noski. Iritsi nintzenean, nire helburua Amorebietari laguntzea zen, posible zen moduan. Azkenaldian golak egiteko parada izan dut, eta, zorionez, taldeari laguntzen ari natzaio. Ea laguntzen jarraitu dezakedan! [barrez].
Amorebieta Bigarren Mailara igo zen lehen aldi hartan zu ere taldean zeunden. Kluba asko aldatu da ordutik?
Denak berdintsu jarraitzen du. Lehengo familia bera ikusten dut nik, bolada onenetan eta txarrenetan elkarrekin dagoen multzo bat. Hori kirol profesionalean ez da beti izaten, eta guk badaukagu.
«Lehen Mailan jokatzeko aukera izanda, motibazio handiarekin joan nintzen Portugalera, baina gauzak ez ziren ondo irten. Aukera oso gutxi izan nituen jokatzeko, eta ezin izan nuen erakutsi zer egiteko gai naizen»
Amorebietarekin jaitsi ondoren, urte bikaina egin zenuen SD Logroñesen, eta Portugalgo Lehen Mailako talde batek fitxatu zintuen, Vizelak. Hala ere, Amorebietara itzuli zara, utzita. Gauza asko gertatu zaizkizu oso denbora gutxian.
Esperientzia berri bat bizitzeko asmoz joan nintzen Portugalera. Lehen Mailan jokatzeko aukera izanda, motibazio handiarekin joan nintzen Portugalera, baina gauzak ez ziren ondo irten. Aukera oso gutxi izan nituen jokatzeko, eta ezin izan nuen erakutsi zer egiteko gai naizen. Urtarrilean argi neukan jokatu egin behar nuela, eta etxera itzultzea erabaki nuen. Ezin hobeto nago familiaren eta lagunen alboan, eta kirol arloan gauzak oso ondo irteten ari zaizkit. Orain bai, zertarako gai naizen erakusten ari naizela uste dut.