G gaur hasiko da New Yorken Munduko Xake Txapelketako finala. Aurrez aurre izango dira Magnus Carlsen egungo txapelduna eta Sergei Kariakin hautagaia. Carlsenek duela hiru urte irabazi zuen titulua, Viswanathan Anand-en aurka, eta Kariakin martxoan nagusitu zen hautagaien torneoan. Finalean, hamabi partida jokatuko dituzte, hilaren 30a bitartean, eta Carlsen da faborito nagusia, baina Kariakinek erakutsia du zaila dela bera baino borrokalari handiagorik topatzea.
Biak belaunaldi berekoak dira, 1990ean jaiotakoak, baina ibilbide oso ezberdinak izan dituzte. Kariakin historiako maisu handirik gazteena izan zen, baina gorabehera asko izan du bere ibilbidean. Carlsenek, berriz, gorabehera gutxiko ibilbidea izan du, eta arrakala gutxiko teknika erakutsi du azken urteotan. Orain arte, 47 partida ofizial jokatu dituzte elkarren aurka: Carlsenek lau irabazi zituen, Kariakinek bakarra, eta beste berrogeita biak berdinketak izan ziren. Zenbakiek Carlsenen faborito izaera berresten dute. Norvegiarra munduko lehen sailkatua da, 2853 elo punturekin. Errusiarra, berriz, munduko 9.a, 2772 elo punturekin. Teorian, alde oso handia da; baina, praktikan, Kariakinen estiloa nahiko gogaikarria izan daiteke txapeldunarentzat.
Elo puntu aldea, dena den, ez da erabakigarria, eta adibide asko daude hori baieztatzen dutenak. Carlsenek, 2014an bere tituluaAnanden kontra defendatu zuenean, 71 elo puntu gehiago zeuzkan, baina match hura irabaztea ez zen batere erraza izan. Hain zuzen ere, finaleko seigarren partida dena aldatzeko zorian egon zen. Buruz buruko lehia luze batean rankingeko aldeak txikitu egiten dira, eta hautagaiak bereziki, kasu honetan Kariakinek, ez dauka ezer galtzekorik. Ondo prestatzea eta neurriz arriskatzea izango dira Kariakinen armak. Ikusmin handia dago horren inguruan, eta ezustezkoak espero dira.
Garai berriaren munduko txapelketa
Xakelari belaunaldi berriak guztiz hartu du lekukoa, eta Magnus Carlsenek eta Sergei Kariakinek munduko titulurako lehiari ekingo diote gaur New Yorken. Kontrako bi estilo, aurrez aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu