Bidaiaria

Ane Miren Miralles: «Garai bateko bidaiarien espiritua dut oraindik ere»

40 urte baino gehiago daramatza Mirallesek bidaietan eta abenturetan murgilduta. Nairobitarrarekin hasi zen lehen bidaiak egiten, eta oraindik ere leku berriak ezagutzeko grinari eusten dio. Beti dago prest bidaiatzeko.

Ane Miren Miralles bidaiaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ane Miren Miralles bidaiaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Unai Ugartemendia.
Lezo
2025eko urtarrilaren 22a
05:05
Entzun

Gaur egun Lezon bizi da Ane Miren Miralles (Ordizia, Gipuzkoa, 1956). Han izan da hitzordua, eta irribarretsu azaldu da. Argazkiak ateratzeko garaian, zuhaitzez inguratutako eremu bat aukeratu du. Gustuko du natura. Hitz errazekoa da, eta begiak ñir-ñir dituela mintzo da egindako bidaiez gogoratzean.

Hainbat esparrutan ibili eta gero, nola definitzen duzu zeure burua?

Naturan asko gozatzen dut. Horrez gain, gure geneetan badaukagu nomaden ezaugarri bat, eta niri, behintzat, berdin zait bizikletan, arraunean edo oinez joatea leku batetik bestera. Egunero leku ezberdin batean egotea ere oso gustuko dut. Horregatik dugu nomada espiritua. Oso abenturazalea ere banaiz.

Nondik datorkizu abenturarako zaletasuna?

Neuk ere ez dakit oraindik! Txikitan, asmatutako ipuin asko kontatzen zizkidan aitak. Beti abenturako istorioak ziren, eta urteak aurrera joan ahala askotan pentsatu izan dut aitari entzundakoetatik datorkidala zaletasuna. Badaukat bitxikeria bat horren inguruan. Sei hilabete igaro nahi nituen Hego Amerika zeharkatzen, zaldiz. Baina artean zaldian ibili gabea nintzen. Nik ere askotan galdetzen nion neure buruari: «Eta zergatik egin nahi duzu zaldi gainean?» Denborarekin konturatu nintzen aitakaskotan kontatzen zizkidala Rayo veloz izeneko zaldi baten abenturak, eta agian horregatik izango zela. Askotan kontatzen zizkidalako izango zela beharbada. Aitak kontatutako istorio asko egia bihurtzen ari naiz [barrezka].

Gogoan daukazu egin zenuen lehen bidaia?

Hiru pauso hiru norabide espedizioan izan zen, 1998an. Josu Iztueta bidaiariak egin zidan gonbidapena. Aurretik bidaia batzuk eginak nituen Nairobitarrarekin, eta haiekin joatea eskaini zidan. Ni ordurako irakaslea nintzen, eta urtebeteko eszedentzia eskatu nuen lehenbizi. Hasieran, espedizioko lehen zatia egitea zen nire asmoa, alegia, eskien gainean egin behar zutena. Eskiekin egin genuen lehen zatian 2.000 kilometro egin genituen, eta Oslotik Ipar lurmuturreraino [Norvegia] joan ginen. Eskiatzen jakitea zen gutxienekoa. Izugarrizko zama generaman gainean! Bi hilabete pasatu genituen lehen bidaia hartan.

Hurrengo bi zatiak ere egin zenituen?

Bai, azkenean dena egitea erabaki nuen! Horretarako, beste urtebeteko eszedentzia eskatu nuen. Bigarrena piraguarekin egin genuen, eta Oslotik Helsinkiraino joan ginen. 1.500 kilometroko zeharkaldia izan zen. Oso gutxi ibilia nintzen piraguarekin, eta, ondo prestatzeko, garai hartan jokatzen ziren proba batzuetan ere hartu genuen parte. Talde txikiagoa ginen, eta oso gogorra izan zen. Eskiatzen baino hotz handiagoa pasatu genuen piraguan! Ura izoztu egiten zen! Bi hilabete izan ziren. Itsaso Baltikoa zeharkatu behar genuen. Ez ditut ahaztuko han ikusitako parajeak. Azkena, berriz, bizikletan egin genuen. Lehen bi zatiak osatu eta gero, jada ezin nuen alde egin [barrezka]. Oslotik Kirkeneseraino [Norvegia] joan ginen. Beste 3.500 kilometro bizikletan hilabete eta gutxian. Hura amaitzean, Ipar lurmuturreraino luzatzea erabaki genuen. Nahiz eta hiru espedizioak Josu Iztuetak eta biok bakarrik egin genituen, jende asko ibili zen espedizioetan, eta harreman bikainak egin nituen jendearekin. Bizimodu horrekin kateatuta gelditu nintzen.

Bere garaian hain ezagun egin zen Apaizac obeto espedizioan ere ibili zinen 2006an.

2000. urtetik nago Albaolan. Xabier Agote Pasaiara iritsi zenean, Xabier Portugal zen herriko alkatea. Nire lankidea zen Pasaia Lezo Lizeoan. Agotek bere asmoak azaldu zizkionean, Portugalek nitaz hitz egin zion. Haren proiekturako egokia izango nintzela esan zion, eta handik gutxira haren deia jaso nuen. Aspalditik zeukan ideia hura buruan. Lehen bileran jada konbentzitu egin ninduen. Zazpi espediziokide izan ginen, eta ondoan zodiak bat generaman dena grabatzeko. Ni izan nintzen emakume bakarra, baina askotan pasatzen zait hori. Ohituta nago horretara. Espedizioaren xedea hau zen: Euskal Herriko arrantzaleek  XVI. eta XVII. mendeetan Ternuan eta San Laurendi ibaian utzitako arrastoak berreskuratzea. Oso espedizio gogorra izan zen hura ere, baina kide gehienak ondo ezagutzen nituen. Berriz errepikatuko nuke espedizio hura!

Hego Amerika zeharkatzera ere joan zinen motxila bizkarrean hartuta. Nola gogoratzen duzu bidaia hura?

Ez nekien ziur zenbat denborarako joango nintzen, baina, hara joateko, beste urtebeteko eszedentzia hartu nuen badaezpada. Lehen aipatu bezala, zaldiz zeharkatzeko asmoa nuen hasieran. Horretarako, asko ikasi nuen, eta bikain prestatu nintzen. Gredoseraino [Avila, Espainia] joaten nintzen zaldian ibiltzera! Zaldia Hego Amerikan bertan erosteko asmoa neukan, eta bidaia amaitzean berriz ere saltzekoa. Patagoniara iritsi nahi nuen. Horretarako, La Pazen hasi behar nuen bidaia, eta Txile zeharkatuz iritsiko nintzen Patagoniara. Oinez abiatu nintzenean, jende askorekin gurutzatu nintzen, eta jendeak ez zidan batere gomendatzen zaldiz egitea. Dena hesituta dago, eta aurrez baimen asko eskatu behar dira haiek zeharkatzeko. Aldez aurretik lan handia egitea eskatzen zuen, eta nik jada ez neukan denborarik. Azkenean oinez egitea erabaki nuen. Azkenerako sei hilabete joan ziren bidean. Bakarrik egin nuen lehen espedizioa izan zen hura.

Espedizioetan ez ezik, 2010ean San Juaneko emakumezko trainerua sortzen ere ibili zinen. Nondik etorri zitzaizun horretan parte hartzeko ideia?

Gu orduan Albaolan ibiltzen ginen arraunean. Izugarriak entzun behar izan ditugu gizonezkoak eta emakumeak batera ibiltzen ginelako! Gure helburua hori da azken finean, jendeari itsasoaz gozatzeko aukera ematea eta itsas ondarea ezagutaraztea. Denak onartzen ditugu! 2010ean emakumeen trainerua atera nahi izan zutenean, arazo handiak izan zituzten taldea osatzeko. Orduan entrenatzaile moduan hasi zenari, gure ikasle izandako bati, esan genion lagun bat eta biok animatuko ginela urtebeterako baldin bazen. Asmoa argia zen, alegia, urtebete horretan emakume gehiago animatzea, eta ondoren guk haiei lekua uztea. Ozta-ozta osatu zen taldea, eta halaxe ekin genion denboraldiari. Askotan, baten bat ez bazen entrenatzera azaltzen, gizonezkoren batek sartu behar izaten zuen.

Zer-nolako urtea izan zen?

Bakarrik egiten nuen kirola ordu arte. Baina traineru batean sortzen den indarra, energia eta magia ezin dira hitzez deskribatu. Zur eta lur geratzen nintzen! Egun bakarra libratzen genuen aste guztian, baina ez nuen bakar batean ere huts egin. Urte gogorra izan zen, baina izugarri gozatu nuen. Orain ere pentsatzen jartzen naizenean, oilo ipurdia jartzen zait. Ez ginen Kontxarako sailkatu. Bigarren urterako, jada jendea gerturatuz joan zen, eta guk utzi egin genuen. Handik gutxira, izugarrizko emaitzak lortzen hasi ziren, tartean, bost Kontxa ere irabazi zituzten. Kontxa haietan lortutako banderen hari asko neureak ere badira [barrezka]!

Bidaietan beldur handia pasatzea tokatu zaizu?

Bidaietara joan aurreko gauetan izaten dut beldur handiena. Hor pasatzen zaizkit okerreko gauza guztiak! Behin bidaia hasitakoan, horiek denak ahazten zaizkit. Bizitza erreala da, eta horrelakoetan badakit gauzei aurre nola egin.

«Bidaietara joan aurreko gauetan izaten dut beldur handiena. Behin bidaia hasitakoan, horiek denak ahazten zaizkit»

Ba al duzu bereziki gogoratzen duzun bidaiarik?

Ezin dut bat esan! Bidaia guztietatik ditut oroitzapen asko, eta sarritan etortzen zaizkit burura bidaia haietako irudi batzuk, edozein unetan. Bidaia bakoitzeko mila momentu gordeko ditut oroimenean.

Eta ezabatuko zenukeenik?

Horrelakorik ere ez daukat ba!

Inoiz sentitu al zara deseroso bidaiaren batean?

Behin gertatu zitzaidan, baina ez zetorren gurekin zuzenean. Askotan, bidaia bat izorratzeko ez da asko behar, eta orduan ere eskerrak ez zetorren gurekin. Eguneko momentu askotan ez ginen batera egoten, eta momentu horiek ondo etortzen ziren denontzat.

Zer behar du bidaiari edo abenturazale on batek?

Momentuan tokatzen denarekin gozatzen jakitea! Gauza txikiekin asko disfrutatzen dut oraindik ere. Denbora izanez gero, ez da askorik behar. Orain gainera erretiroa hartuta nago. Beraz, denbora gehiago daukat gauzez gozatzeko. Nahiz eta nire lanarekin asko gozatzen nuen, erabaki bikaina izan zen erretiro aurreratua hartzea!

Askok diote gaur egun dugun informazio guztiarekin abenturarako espiritua itzaltzen ari dela. Hala dela uste duzu?

Ez dakit. Duela hilabete batzuk, agian, horixe bera pentsatzen nuela aitortuko nizun, baina egin berri dudan azken bidaiaren ondoren… Ez naiz gauzak asko begiratu zalea, justukoa begiratzen dut. Non edo non galtzen banaiz, ez dut nabigatzailean bilatzen, nahiago dut galdetu. Horretan, garai bateko bidaiarien espiritua dut oraindik ere. Orain ere, furgonetan joaten naizenean, mapari begira joatea gustatzen zait. Oso larri egon behar dut nabigatzailean begiratzeko! Inoiz ez dut galtzeko beldurrik izan!

«Non edo non galtzen banaiz, ez dut nabigatzailean bilatzen, nahiago dut galdetu. Horretan, garai bateko bidaiarien espiritua dut oraindik»

Oraindik ere baduzu bidaiatzen jarraitzeko grina?

Ez naiz egiteko ditudan gauzetan asko pentsatzen jartzen. Gauzak momentuan erabakitzea gustatzen zait, eta di-da batean egiten ditut bidaiak. Gertukoren batek gustuko bidaiaren bat elkarrekin egiteko eskatzen badit, ez daukat arazorik egun batetik bestera martxan jartzeko. Azkena ere horrela egin dut Josu Iztuetarekin. Esan zidan ea nahi al nuen Midiko kanala kanoaz jaistea elkarrekin, Sete herrian hasi eta Bordeleraino [Frantzia], Mediterraneotik Atlantikoraino [500 kilometro]. Ez nuen asko pentsatu beharrik izan baiezkoa emateko.

Bidaia asko dituzu oraindik buruan?

Beti izan dut buruan Atlantikoa gurutzatzea. Bere garaian, belaontzi batean zeharkatzeko baimena ere lortu nuen, baina azken unean armadoreak ez zigun baimenik eman. Arantza hori badaukat, eta egunen batean gustatuko litzaidake ateratzea.

Motzean

  • Bidaiatzen egin duzun lagunik onena? Josu Iztueta. 
  • Bidaiatzeko garraiobide bat? Oinez.
  • Ezagutu duzun lekurik politena? Basoak izugarri gustatzen zaizkit! Bat esatearren, Yukon [Kanada].
  • Ezagutzeke duzun leku bat? Asko, esaterako, Antartika.
  • Itzuliko ez zaren leku bat? Ez dut horrelakorik, baina ez ditut oso gustuko hiri handiak.
  • Inoiz jan duzun gauzarik bitxiena? Australian kangurua eta krokodiloa.

  • Oporretarako leku bat? Furgoneta hartu eta ibiltzeko leku nahikoa dagoen leku bat.

  • Etxe inguruan galtzeko leku bat? Jaizkibel

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.