TXIRRINDULARITZA

Gannak irabazi du Vueltan, eta Evenepoel erdizka geratu da

Italiarrak erakustaldia eman du erlojuaren aurka. Flandriarrak ez du irabazi erlojupekoa, ez die alde handirik atera aurkariei, eta ez du maillot gorria berreskuratu. Kussek lidergoari eutsi dio

Filippo Ganna, garaipena ospatzen, gaur. MANUEL BRUQUE / EFE
Julen Etxeberria.
2023ko irailaren 5a
18:26
Entzun

Igandeko etapa bukatu bezain laster eman zuen bere asmoen berri Remco Evenepoelek: «Orain, nire txanda da», esan zuen Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari flandriarrak. Bi egun geroago Valladoliden (Espainia) jokatuko zen 25,8 kilometroko banakako erlojupekoaren inguruan ari zen. Mehatxu itxura zuen. Jumbo Visma taldea Vueltan erakusten ari zen nagusitasunarekin bukatzeko amorratzen zegoen. Nola? Haren kirol ibilbidean famatu egin diren kolpe horietako bat emanez.

Uste osoa zuen bere buruan. Bazuen baikor egoteko arrazoirik, inon ikusgarri moldatzen baldin bada, erlojuaren aurka moldatzen baita. Duela gutxikoa zuen azken erakustaldia: duela hilabete eskas munduko txapeldun izan zenekoa. Hori zuen beste akuilu bat: «Oraingoan, ez dut jantziko gazte onenaren maillota, ezta mendikoa ere; munduko txapeldunaren nire maillota jantziko dut». Motibazioz gainezka zegoen.

Baina erdizka geratu da gaur. Ez du irabazi, ez die nahi bezainbesteko aldea atera aurkariei, eta ezin izan du liderraren maillot gorria berreskuratu. Erlojupekoa amaitu berritan utzitako irudiak ezin hobeto islatzen du Evenepoelen aldartea: ezetz zioen buruarekin behin eta berriro. Etsipenaren eta ezinaren irudia zen.

Filippo Gannak (Ineos) utzi dio garaipena gabe. Italiarra ziztu bizian joan da bizikleta gainean: batez beste 56 kilometro orduko abiadurara. Evenepoelek urrerik gabe utzi zuen Ganna Munduko Txapelketan, baina gaur, hark zapuztu ditu flandriarraren asmo guztiak. Hamasei segundorengatik hartu dio aurre. Hasi eta buka nagusitu da italiarra, eta erakustaldia eman du.

Irabazi gabe ere, Evenepoel pozik legoke aurkariei aldea aterata, baina hori ere ez du lortu. Atzean utzi ditu denak, baina ez hark nahiko lukeen bezain urruti: Primoz Roglic (Jumbo Visma) gerturatu zaio gehien, hogei segundora besterik ez. Joao Almeidari (UAE), berriz, 34 segundo atera dizkio; Aleksandr Vlasovi (Bora), 36; Juan Ayusori (UAE), 55; Marc Solerri (UAE), 56; Jonas Vingegaardi (Jumbo Visma), 1.02; Sepp Kussi (Jumbo Visma), 1.13; eta Enric Masi (Movistar), 1.30, besteak beste.

Alde txiki horiek beste ondorio bat izan dute: Evenepoelek ezin izan du lidergoa berreskuratu. Lan zaila zen, baina erlojupekorako dituen dohain bikainak kontuan hartuta, eskuragarria zirudien. Baina alferrik. Evenepoel ez da nahi bezain ondo aritu, eta, hori gutxi ez, eta Kussek sekulako lana egin du; haren inoizko erlojupekorik onena osatu du.

Horri esker, Kuss, gutxienez, beste egun batez izango da lider. Oharkabean, Jumbo Vismak beste aukera bat du Vuelta irabazten saiatzeko, Kuss oso ondo moldatzen baita maldan gora. Estatubatuarrak 26 segundo ateratzen dizkio Solerri; 1.09 Evenepoeli; 1.36 Roglici; 2.02 Lenny Martinezi (Groupama); 2.16Almeidari; 2.22 Vingegaardi; 2.25 Ayusori; 2.50 Masi; eta 3.14 Vlasovi. Mikel Landa (Bahrain) dator jarraian, 3.21era.

Bihar, berriro goian amaituko da

Bihar, goian amaituko da etapa, 11.a, Lerma eta Laguna Negra artekoa (Espainia). Etapak 163,5 kilometro ditu: lehen 145ak lauak dira, eta azkeneko 18,5ak maldan gora. Azken horietan igoko dute Laguna Negra Lehen Mailako gaina. 6,5 kilometro ditu, eta %6,8ko batez besteko pendiza. Azken bi kilometroak dira gogorrenak, %14ko aldapak baitaude. Aukera aproposa dirudi ihesaldiren batek arrakasta izan dezan, edo faboritoren batek erasoa jo dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.