Espazioaren eta denboraren mugei desafio egin die gaur Filippo Gannak (Ineos). Izoztu egin ditu erlojuaren orratzak, pedalei indarrez eragin ahala. 35 minutu eskasean osatu ditu Castiglione delle Stiviere eta Desenzano del Garda arteko 31 kilometroak. Alegia, orduko 53 kilometrotik gorako abiaduran osatu du erlojupekoa, aurtengo Giroan jokatu den bigarrena. Aurreko ostiralean muino bat igo zuten bukaeran, eta garaipenak han egin zion ihes Gannari. Gaur, ordea, ibilbide etzanean otzandu egin ditu aurkariak.
Batek, ordea, kontra egin dio: Tadej Pogacarrek (UAE). Areago, esloveniarrak denborarik onena ezarri du lehen mugarrian; lau segundo atera dizkio Gannari. Hortik aurrera, baina, Italiako txapeldunaren denborak ihes egin dio. 29 segundo galdu ditu azkenean. Halere, berriz aise gailendu zaie sailkapen nagusiko arerioei, eta sendotu egin du lidergoa: 3.41era du orain Geraint Thomas (Ineos), eta 3.56ra Daniel Felipe Martinez (Bora). Galestarrak aurrea hartu dio kolonbiarrari; 31 segundo azkarragoa izan da gaurko etapan.
Gannak, bestalde, sasoi honetako lehen garaipena lortu du. Giroan 2021ean nagusitu zen azkenekoz. Bukatu da itxaronaldia. Jada zazpi etapa ditu irabaziak Italiako proba horretan; horietatik sei, erlojuaren aurka. Gaur, Pogacar baino ez da harengandik minutu bat baino gutxiagora gelditu. 1.07 eta 1.14 atera die, berriz, Thymen Arensman eta Thomas taldekideei. Hirugarren eta laugarren izan dira, hurrenez hurren. Ineos taldeak erakustaldi handia egin du. Eta are handiagoa zatekeen Magnus Sheffield erori izan ez balitz.
Ineosek Tobias Foss ere sartu du lehen hamarretan: zortzigarren izan da. Norvegiarrak denborarik onena ezarri du behin-behinean, baina Ganna helmugaratu da berehala. Italiarra ukiezina izan da, hasieran izan ezik. Sheffield asko hurbildu zaio lehen mugarrian, baita Arensman ere. Herbeheretarrak saio aparta egin du, eta hamargarren postutik seigarrenera egin du salto sailkapen orokorrean. Ben O’Connor (Decathlon) eta Antonio Tiberi (Bahrain) ere ondo moldatu dira, eta berdin jarraitzen dute sailkapen nagusian: laugarren dago O'Connor, 4.35era; eta bosgarren Tiberi, 5.17ra.
Bihar, igotzaile petoek aukera izango dute erlojupekoan galdutakoa berreskuratzeko. Izan ere, Giro honetako etaparik luzeena eta gogorrena jokatuko da, Manerba del Garda eta Livigno artean: 5.400 metroko desnibela pilatuko dute 222 kilometroko ibilbidean. Hasiera ez da oso bortitza, baina azken 80 kilometroetan lehen mailako hiru mendate kateatuko dituzte: Mortirolo, Foscagno eta Mottolino. Azken horren tontorrean egongo da helmuga, 2.385 metroko altueran. Akituta eta mendiko gaitzak jota gelditzeko arriskua izango dute txirrindulariek.