Lehenengo zatia. Ordura arte txukun. Baina kito. Hor bukatu zen guztia Lagun Arorentzat. Donostiako taldeak 89-73 galdu zuen atzo Badalonan sasoiko lehen partida, Joventuten aurka. Berriz ere, agerian geratu zen herren eta hankamotz dagoela oraindik Sito Alonsok zuzentzen duen taldea. Asko falta zaio bere punturik onenera iristeko, eta halako hutsak garesti ordaintzen dira ACB moduko liga handi batean. Denboraldi-aurreko zalantzak, are eta zalantza handiago bihurtu dira atzo emandako itxuraren ondoren.
Ondo eutsi zion Sito Alonsoren taldeak lehen bi laurdenetan Kataluniako taldeak jarritako erritmoari (40-35). Markagailua parean ibili zen, baina ia beti atzetik gipuzkoarrak. Atsedenaldiaren ondotik hautsi zen donostiarren jokoa. Defentsan huts larriak egin zituzten, eta garaipena lortzeko itxaropena ereberehalako batean desagertu zen. Aldea handituz joan zen Joventut, minutuek aurrera egin ahala.Erasoan sendo aritu zen. Itxura hobetzen ahalegindu ziren laugarren laurdenaren hasieran Sito Alonsorenak. Baina beranduegi zen.
Denboraldiko lehen partida zela. Horixe onena. Eta Qyntel Woods iritsi berriak emandako maila: taldeko saskiratzailerik onena izan zen, 15 punturekin. Astetik astera joango dira neurria hartzen egoera berriari, astetik astera talde modura gogortzen. Iaz ere, antzeko hasiera egin zuen Lagun Arok, baina dotore borobildu zuen sasoia bigarren zatian. Sasoi honetan ez dirudi halakorik gertatuko denik. Goiz da, bai, gerora zer gertatuko dena aurreikusteko, baina taldeak aurreko den sasoitik izandako aldaketek kalte egin diezaiokete. Jaitsierako postuak saihesteko borrokan ibiliko da ziurrenik.
Estudiantes hartuko du Lagun Arok datorren igandean, Illunben. Beheko postu horietan borroka egiteko aurkari zuzena da. Ikusi egin beharko da zer-nolako garapena erakusten duen. Zazpi egun barru beste azterketa bat izango du. Zaleen aurrean, gainera.
Galtzen hasi du sasoia Lagun Arok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu