Euskal Herriko Itzulia

Galtzeko gehiago irabazteko baino

Irunen jokatuko den erlojupeko laburrarekin abiatuko da Euskal Herriko Itzuliaren ehungarren aldia. Ez dira alde nabarmenak espero, baina euriak saltsa eragin dezake.

Haimar Etxeberria Finisher taldeko txirrindulari irundarra, herrian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Haimar Etxeberria Finisher taldeko txirrindulari irundarra, herrian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 31
05:05
Entzun

Bi urteren ostean, erlojupeko saioa izango du Euskal Herriko Itzuliak. Irunen izango da (Gipuzkoa), eta horrekin abiatuko da lasterketa, bihar. Ondoko herriak hartu zuen 2022an egindako erlojupekoa: Hondarribiak. Ordukoaren antzekoa izango da etapa. Primoz Roglic izan zen garailea etapa hartan; orduan Jumbo-Visman zebilen, baina Borako maillotarekin ariko da aurten. Kern Pharmaren bigarren taldean ari den Haimar Etxeberriak (Irun, 2004) bere herriko etapa aztertu du, eta aurreratu du etapa «guztiz desberdinak» ikusiko direla eguraldiaren arabera.

Azken urteetan kilometro gutxiko erlojupeko asko jokatu dituzte astebeteko itzulietan. Ez dira zaleek gehien maite dituztenak, baina gutxien espero denean ekartzen dute ustekaberen bat. Batzuek arriskatu egiten dute segundoen joko horretan hasieratik buru-belarri arituz. Beste batzuek, ordea, nahiago izaten dute askorik ez arriskatu, prestakuntza guztia xehetasun batengatik pikutara joan ez dadin. Etxeberriak dioenez, profesionaletan irabaztea «oso garesti» dago, eta une bakoitza baliatu nahiko dute: «Ez dirudien arren, erlojupekoan lortzen duten alde txiki hori garrantzitsua izan daiteke, eta erne ibili beharko dute hasieratik»

Etapa laburra izango da, baina gorabeheratsua. «Ez da espezialistentzako etapa bat, ez baitago zuzengune luzerik bizikletaren gainean konkortuta joateko», azaldu du. Hori dela eta, faboritoak ikusten ditu aurrean; Jonas Vingegaard (Visma), Remco Evenepoel (Quick-Step), Roglic eta enparauak. Lehenengo zatian, harrizko galtzada txiki bat egongo da, eta, hasi bezain laster, %10eko pendiza dauka. Ez dauka arrisku handirik, baina kontuz aritu beharko direla nabarmendu du: «Bihurgune txarra dago galtzada hori hasi aurretik, eta, euria egiten badu, zorua arriskutsu egongo da. Hala ere, zulatuak ikustea zaila izango dela uste dut. Gerta liteke, zorte txarrarengatik. Baina, gaur egun, dena oso neurtuta dago, eta tubular berriekin aterako dira».

Zenbait aldiz gora eta behera ibili ondoren, igoera gogor bakarra iritsiko da, 1,7 kilometrokoa, %5,2ko maldarekin. Hortik Olaberria auzo osoa zeharkatu beharko dute, beherantz, udaletxera igotzeko aldapara iritsi arte. Beheranzkoan ikusten du Etxeberriak arriskurik handiena: «Olaberriko jaitsiera oso azkarra da, eta faboritoek segundo bakoitza bereganatu nahiko dute. Hor aldeak handitu daitezkeela uste dut. Desberdina izango da ohiko bizikletarekin edo erlojupekoarekin egiten badute; eta euria eginez gero, saltsa egongo da hor».

«Ez da espezialistentzako etapa bat, ez baitago zuzengune luzerik bizikletaren gainean konkortuta joateko».

HAIMAR ETXEBERRIAFinisher taldeko txirrindularia

Gaur egungo txirrindularitza aldatu egin dela dio Etxeberriak, eta ziur dago faboritoek arriskatu egingo dutela. «Lehen, inork ez zuen erasorik jotzen etapa amaitzeko ordu eta erdi falta zenean. Orain, ordea, dena da indarrak neurtzea, ea nork egin dezakeen gehiago. Vingegaardekin ikusi zen O Gran Camiñon, nola jaisten zituen maldak lasterketan izugarrizko aldea zeukanean. Hala ere, horrelako etapetan gehiago izaten dute galtzeko irabazteko baino».

Erlojupekoak emango dio hasiera Itzuliari, eta, hurrengo egunetako etapak ikusita, Etxeberriak uste du «Irunen lortzen duten alde berarekin» iritsiko direla Eibarko azken etapara (Gipuzkoa). «Azken etapan buelta emateko aukera izango dute, baina ordura arte oso gutxi aldatuko da sailkapena».

Itzulia du amets

Irungo txirrindulariak profesionaletan aritzea du helburu. Ibilbide ona egin du orain arte Caja Ruralen zein Eolon, baina auto batek harrapatu zuen iaz, eta lepauztaia hautsi zuen. Finisherren dabil orain, Kern Pharmaren bigarren taldean. Amets hori betetzeko gogoz dago, eta Itzulia bezalako lasterketa batean aritu nahiko luke: «Itzulian ibiltzea da nire umetako ametsa. Txikitatik etapa askotara joan izan naiz, eta asko bizi dudan lasterketa bat da».

Irungo txirrindularitzaren egoeraz galdetuta, txalotu egin du udalak eta bertako taldeek egiten duten lana: «Gaur egun, txirrindulari gazteak ari dira ateratzen Irundik. Herrian ondo egiten dituzte gauzak. Lasterketak aurrera eramaten dituzte haurrentzat zein afizionatuentzat, eta Itzulia edo Espainiako Vuelta bezalako profesionalen etapak ere ekartzen dituzte. Zailtasun guztiak kontuan hartuta, Irunek posible duen guztia egiten du txirrindularitzaren alde».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.