Galtzeko ezer ez duela, gozatzeko erronka dauka gaur Barakaldok

unai zubeldia
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Zeruak eta lurrak bat egin dezakete gaur, bai, baina joaneko partidan amaitu zen Barakaldo eta Valentziaren arteko kanporaketa. Lehen zati on-ona jokatuta, bizkaitarrek oso estu hartu zuten aurkaria, baina, indarrak xahutzearekin batera, amore eman behar izan zuten gero. Azken uneko penaltiarekin, 1-3 nagusitu zen Valentzia Lasesarren, eta huts larri-larria egin beharko luke gaur Espainiako Kopako final-zortzirenetatik kanpo geratzeko. Hori bai, ezer galtzeko ez duela, gozatzeko erronka dauka gaur Barakaldok, oso gutxitan izango baitu aukera Lehen Mailako talde baten aurka indarrak neurtzeko.

Horren jakitun, goiz-goizean Barakaldotik abiatu eta Valentziaraino joango diren 50-60 bat lagun elkartuko dira Mestallako harmailetan. Gary Neville aulkian dela, entrenatzaile aldaketari neurria hartu nahian dabiltza valentziarrak, eta joan den igandean Ipuruan nabarmen geratu zen lantzeko gauza asko dauzkala oraindik. Gaur, aldaketa asko egingo ditu, gainera. Ezusterik ezean, Ryan izango da atepean, eta Barragan, Santos, Ruben Vezo eta Orban atzealdean; oreka bila, Parejo, Barbosa eta Andre Gomesen alde egingo du; eta Negredo, De Paul eta Piatti ariko dira aurrean, golaren bila.

David Movilla Barakaldoko entrenatzailea ziur dago «aukeraren bat» edukiko dutela. «Lehen edo bigarren aukeran asmatuz gero, kanporaketan sartuta egongo gara». Talde guztia sartu du deialdian, Jaume Valens atezaina barne, zigortuta dagoen arren.

VALENTZIA-BARAKALDO

Valentzia. Ryan; Barragan, Santos, Vezo, Orban; Danilo, Parejo; Andre Gomes, De Paul, Piatti; eta Negredo.

Barakaldo. Alejandro; Aguiar, Quintanilla, Etxebarria, Pomares; David Martin, Cerrajeria, Cusidor, Armiche; Alain Arroyo eta Iurrebaso.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. Mestalla (55.000 ikusle).

Ordua. 21:00 (Movistar + Multi. 9).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.