Azken postuan dauden arren, aurtengo denboraldian Tiranek erakutsi du nabarmen egin duela hobera. Moañako taldeak ez du estropada etxean jokatuko asteburuan, baina Galizian aritzea pizgarri da haientzat. Irene del Rio patroia (Moaña, Galizia, 2006) «gogotsu» dago asteburuko bi estropadetarako, eta taldearen onena erakutsi nahi du.
Erlazionatuta
Zer esanahi du zuentzat berriro Galizian lehiatzeak?
Normaltasunera itzultzea da berriro Galizian aritzea. Gainerako asteekin alderatuta, betidanik ohiko izan zaigun normaltasunera hurbiltzea da, eta estropada familiarrak dira guretzat. Hala ere, ez dugu etxean jokatuko, estropada Galizian izango baita, baina beste probintzia batean. Etxetik gertuen Bueun aritu ginen, baina, hala ere, Galiziako eremu guztiak ezagunak dira guretzat.
Hainbeste bidaiaren ondoren, eskertzekoa da kilometro gutxi egin beharra, ezta?
Asko eskertzen da joan-etorria motza izatea. Azkenean askoz gehiago deskantsatu ahal izango dugu, eta etxean egingo dugu lo larunbatean. Denbora izango dugu gauzak prestatzeko. Izan ere, Euskal Herrira joan behar dugunean, ostegunean dena prest utzi behar izaten dugu, ostiral eguerdian hara joateko.
Galizian jokatzea aparteko pizgarria da?
Ez dakit motibazio handiagoa dugun, baina, Galizian arraun egiten dugunean, geure konfort eremuan gaude. Ingurua hobeki ezagutzen dugu, eta beti iruditzen zaigu gainerakoekin konparatuta abantaila txiki bat izan dezakegula. Euskal Herriko estropadetan besteek ateratzen digute abantaila hori, eta, asteburu honetan, guk baliatu behar dugu.
Beraz, konfiantza handiagoz aritzen zarete etxean?
Bai, hala da. Hemengo eremuak ezagunak dira guretzat, eta lagunak gertu izateak ere konfiantza ematen digu.
Horrek presioa sortzen du?
Ez du presio handiagoa eragiten. Ahalik eta hobekien egiten saiatzen gara, eta egin dugun lan guztia erakusten. Negu osoan prestatu dugun taldea erakutsi nahi dugu. Baina ez Galiziako estropadetan soilik, baita Euskal Herrikoetan ere.
Zer helburu duzue asteburu honetarako?
Azken asteko sentipenei eustea da helburua, baita horiek hobetzea ere. Cabo eta Hibaika atzean uztea litzateke onena guretzat, nahiz eta badakigun oso zaila izango dela bi talde indartsu horiek menderatzea. Baina lehenago ere lortu dugu, eta berriro egiten saiatuko gara.
Galizian ariko zaretela jakinda, baliteke orain arteko Tiran onena ikustea asteburuan?
Asko gustatuko litzaiguke. Hala ere, uste dut estropada onak egin ditugula aurretik, baina gauza handia litzateke denboraldiko emaitza onena Galizian lortzea. Lortzen badugu, bide onetik goazen seinale izango da.