ARRAUNA

Galiziako uretatik, zakua beteta

Euskotren ligako lehen bi estropadak irabazi ditu Arraun Lagunak-ek. Ez du parekorik denboraldi hasiera honetan, baina Mar Larrea arraunlariak argi utzi du «hankak lurrean» dituztela.

Mar Larrea, Bueuko estropadako garaipena ospatzen. AITOR ARRIZABALAGA
Mar Larrea, Bueuko estropadako garaipena ospatzen. AITOR ARRIZABALAGA
pettan uralde
2024ko uztailaren 2a
05:05
Entzun

Ez dauka parekorik Lugañene-k. Gutxienez, hori erakutsi du denboraldi hasierako proba guztietan. Gipuzkoako, Euskadiko, eta Espainiako banderak irabazita hasi zuen joan den asteburuan Euskotren liga, eta Galizian jokatutako bi estropadak ere irabazi ditu. Nagusitasunez ari zaie gailentzen gainontzeko traineruei, eta liga irabazteko faborito nagusi gisa egonkortu da.

Coruñan hamabi segundo atera zizkion Orio bigarren sailkatuari, eta Bueun zortzi segundo Tolosaldea bigarren sailkatuari. Erakustaldia emanez altxatu zituzten asteburuko bi banderak, eta abagune ezin hobean daude Arraun Lagunak-eko arraunlariak. Mar Larrea (Ondarroa, Bizkaia, 1994) da horietako bat.

«Bidaia luzea izan da Galiziara joan eta etortzea, baina bi bandera ekartzeak asko errazten du ibilbidea. Oso pozik gaude lehen bi estropadetan egin dugun lanagatik, eta, orain, gogotsu gaude asteburuan datozkigun bi estropadak jokatzeko. Indarberritzea tokatzen da orain, berriro puntan aritzeko asteburuan», adierazi du Larreak Galiziatik bueltan.

Jokatu duten guztia irabazi arren, «oinak lurrean» dituztela nabarmendu du, baina badakite euren lanak ondo egiten badituzte agian koska bat gorago egon daitezkeela beste traineruen aldean. «Esan dudan bezala, horretarako, gure lana ondo egin behar dugu; ez dut uste beste taldeak ez daudenik gure mailan. Orain arte guk erakutsi dugu koska bat gorago gaudela, baina gauzak estutzen joango dira txapelketak aurrera egin ahala, eta goiko postuen artean dantza egongo dela uste dut».

«Uste dut bi bandera lortzeak ez duela ezer esan nahi, eta lehia estutu egingo dela» MAR LARREA Arraun Lagunak-eko arraunlaria

Etengabeko hobekuntzan murgilduta jarraitzen du Arraun Lagunak-ek. Egunerokoan ideia horrekin daudela aipatu du. «Aurreko urteko Kontxan ikusi zen talde benetan sendoa izatea lortu genuela, eta taldea ia osorik mantentzea lortu dugu aurten. Aurreko urtekoa hobetzeko asmoarekin ekin genion neguari, eta etxeko lanak oso ondo egin ditugu hori lortzeko. Horretan jarraitzen dugu, egunerokoan hobetzeko ideiarekin». Gainera, euren beste helburua «gozatzea» dela esan du, arraunean gozatzea lortzen dute «dena ongi» joango delakoan.

Orain arteko estropadetan egoera desberdinei egin behar izan diete aurre traineruek: itsaso zakarra, indar handiko urak, edo haize bortitzak. Hala ere, denera moldatzea lortu du Lugañene-k, eta horrek «konfiantza» eman die arraunlariei. «Motor handiko taldea gara, indar handia dago taldean. Bai itsasoa zakar dagoenean, bai ibaian jokatzen dugunean, motorrak funtzionatzen du gehien. Horri heldu behar diogu, denbora luzean landu dugun motor horri».

Lugañene ontziko arraunlariak ahalegin betean Bueuko estropadan. AITOR ARRIZABALAGA
Lugañene ontziko arraunlariak, ahalegin betean, Bueuko estropadan. AITOR ARRIZABALAGA

Zazpigarren denboraldia du Larreak Arraun Lagunak-en, eta aitortu du inoizko abagunerik onenean ikusten duela taldea. «Aurreko denboraldian goia jo genuen Euskotren liga eta Kontxako Bandera eskuratuz, baina ordutik hona sekulako hazkundea izan dugu talde bgisa, bai fisikoki eta bai mentalki. Hazten jarraitzen dugu astetik astera, eta horrek ematen digu aurrera egiteko konfiantza».

Denboraldi hasierara beste traineruen gainetik iritsi badira ere, Larrea ez da fidatzen beste taldeek egin dezaketenaz. «Talde guztiak ematen dute aurrerapausoa, uda igaro ahala. Tolosaldea bereziki indartsu ikusten dut. Donostiarrak ez du bere mailarik onena ematea lortu. Oriok ere goranzko joera hasiko du laster. Horregatik, uste dut bi bandera lortzeak ez duela ezer esan nahi, eta lehia estutu egingo dela».

Burua, asteburu honetan

Asteburuan Euskotren Ligako hirugarren eta laugarren estropadak jokatuko dituzte Donostian eta Zierbenan (Bizkaia), hurrenez hurren. Lehen eremuan dagoeneko bi aldiz jokatu dute, eta Zierbenakoak badauka saltsa. «Zierbenako estropada eremua nahiko engainagarria da, eta uste dut ez duela jende askok maite. Donostiakoa etxeko estropada da, baina gu ez gara Donostian entrenatzen. Galizian lortutako bi banderek indar handia ematen digute asteburuan beste bi bandera lortzera joateko».

Larreak argi eta garbi dauka zer egin behar duten denboraldia amaitu bitartean: «Olatua hartu, eta ahalik eta denbora gehienez olatu gainean mantentzea izango da gakoa». «Talde gisa, oraindik hobetzeko ditugu gauza asko, eta horretan ariko gara datozen asteetan. Helburua Liga eta Kontxa irabaztea da, eta estutu egin beharko dugu arlo guztietan helburu horiek lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.