Juanma Garate. Blancoko txirrindularia

«Galdu egin da errugabetasun presuntzioa»

Maillotaren kolorea aldatuta, gazteen makulu baino zerbait gehiago izan nahi du Juanma Garatek aurten. Lehiatzeko ilusioz dago, baina inguruarekin «oso nekatuta».

unai zubeldia
Hondarribia
2013ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Hamalaugarren denboraldiari ekin berritan —15.a ere osatu nahiko lukeela aitortu du—, itxuraldatuta dago Juanma Garate (Irun, Gipuzkoa, 1976), Juanma Style. «Oso pertsona serioa eta arduratsua naiz, baina Twitterren 10.000 jarraitzaile lortuz gero Juanma Style dantzatu beharko nuela esan zidan managerrak. Zer zen ere ez nekienez, baietz esan nion. Bideoa jarri zidanean estutu nintzen, eta hor aritu nintzen itxurak egiten». Youtube-n dago ikusgai. Blancoren kolore berriekin indarberrituta, Italiako Giroa dauka jomugan irundarrak.

Juanma Style dantzatzen, dokumental bat grabatzen... Pertsona serioa zinela esaten zuten, baina...

[Barrez] Belgikako ekoizpen etxe batena da ideia. Mont Ventouxeko azken bost garaileekin dokumentala prestatzen ari dira (The King of Mont Ventoux —Mont Ventouxeko erregea—). Eddy Merckx (1970), Jeff Bernard (1987), Marco Pantani (2000), Richard Virenque (2002) eta nirekin (2009) lasterketa birtual bat egin dute. Elkarrizketa luzea egin didate Belgikan, eta irudi batzuk grabatzen ere aritu zaizkit.

Zer moduz hasi da 14. denboraldia? Pentsatzekoa da ohiko lana egiten aritu zaretela denboraldi-aurrean...

Ez pentsa! Ohi baino atseden luzeagoa izan nuen urte amaieran, eta abenduaren 10ean ekin nion lanari, normalean baino hilabete geroago. Kilometro gutxi pilatu ditut, eta atzeratuta nabil denboraz, baina iazko emaitza berberak lortu ditut esfortzu probetan.

Herbehereetan iraupen egonaldi antzeko bat ere egin duzue, ezta?

A zer-nolako muntaketa egin zutena! Autobus batean sartu, eta mendiko pista batera eraman gintuzten, gauez. Herbehereetako armadako militarrak geneuzkan zain! 01:00ak arte igerian eduki gintuzten, arropa eta guzti; zero azpitik bost gradutan pasatu genuen gaua, baso batean, plastikoekin eta egur batzuekin etxola bat eginda; ez genuen ezer jan... Proba gogorrak izan ziren, eta hasieran inori ez zitzaion gustatu. Baina bakoitza muturrera eramaten saiatu dira, egoera zailetan nola erantzuten dugun ikusteko, eta gorputza kontrolatzen ikasteko.

Zer dio aurtengo egutegiak?

Mallorcan hasiko naiz, Haut Varreko Tourra egingo dut gero, Murtzia, Almeria, Kataluniako Volta, Euskal Herriko Itzulia, Lieja-Bastogne-Lieja, Romandiako Tourra eta Italiako Giroa. Girorako ez da gustukoen dudan egutegia, azken urteotan oso baliagarria izan zaidalako altuerako egonaldia. Baina Euskal Herriko Itzulian Mollemaren ondoan egoteko eskatu dit taldeak, eta, tira... Podiumera igo zen iaz, eta apustu serioa egin nahi dute berekin.

Lan egiteaz gain, zein helburu dauzkazu denboraldi honetarako?

Garaipenen bat lortzea. Iaz ere helburu hori neukan, eta ez nuen lortu; gaixorik egon nintzen Giroan, eta hiru aldiz geratu behar izan nuen urte osoan. Zerbait irabazi nahi dut aurten, txispa horri eusten diodalako oraindik. Eta, horrez gain, Giroko podiumera igotzen lagundu nahi diot Robert Gesinki.

Koloreaz gain, zer aldatu da Rabobanketik Blancora?

Inguruan gertatu den guztiarekin, asko heldu da jendea, bat-batean. Txirrindulariek koloreak sentitzen dituzte orain. Bilera asko egin ditugu, eta filosofia aldaketa nabaritu dut. Taldearen egitura jada ez da piramide itxurakoa. Rabobankena ere ez zen erabat halakoa; baina horretan saiatzen ziren. Taldean, agian, ez daukagu Valverde, Rodriguez edo Gilberten gisako errematatzaile argi bat, baina oso altua da batez besteko maila. Keldermann eta Slagter, bi gazte joan ziren Down Underrera, eta itzulia irabazi dugu, lehen hamarretan bi txirrindulari sartuta. Pentsa.

Slagter aipatuta, iazko bideari segika, bere urtea izan daiteke 2013a?

Bera da nire txirrindulari kutuna. Ezezaguna ez da, iazko Giroan jada gauza politak egin zituelako. Entzutea gustatzen zaio, ikastea, galdetu egiten du, seguru sentitu nahi izaten du; oso jatorra da, oso zintzoa, eta asko gozatzen ari naiz haren garaipenekin.

Zure maillotari dagokionez, Espainiako bandera agertzen da beti besoetan eta lepoan. Asko ari dira galdezka behartu egiten ote zaituzten.

[Barrez] Babesleentzat garrantzitsua da xehetasun hori. Espainiako Txapelketa irabazi ondoren, Saunier Duval eta Quick Stepentzat marketin kontua zen, eta gainerako taldeetan ere harro erakusten dituzte herrialde bateko garailearen koloreak; horri etekina ateratzen saiatzen dira. Niri oraindik eskutitzak iristen zaizkit Belgikatik eta Herbehereetatik Espainiako bandera daukan maillota bidaltzeko eskatzeko. Baina, tira, aurten alde batean ikurrina bat ere badaukat...

Armstrong, Puerto auzia, Nelissen, Dekker eta Niermannen esanak... Rabobank dute jomugan azken horiek [Rasmussenen aitortzaren aurretik dago eginda elkarrizketa].

Grischa Niermannen testigantzak utzi nau bereziki ukituta. Grischa da hamalau urteotan ezagutu dudan txirrindularirik profesionalena. Denok genekien iazko Vueltako azken etapan erretiratuko zela, baina azken-aurreko etapan, goizean eta gauean, biriken gaitasuna areagotzeko ariketak egiten ari zen artean. Profesional handia izan da, eta hain da zintzoa, ez da gai akatsik ez zuela egin esateko. Oraingo ikuspuntutik dira hutsegiteak, ordea, garai hartako ekintzak. 2000tik 2003ra artekoak onartu, barrua askatu, eta lasaiago sentitu da. Deitu egin zidan, hori aitortuko zuela esateko, eta babes guztia eman nion. Ausart jokatu du.

Bere errealitatea baino zerbait gehiago dago, ordea, aitorpen horietan. Rabobank aipatzen dute denek.

Espainiako sistema salatzen aritu dira orain arte nazioartean, eta Rabobanken urrezko aroko kontuak ateratzen hasi dira orain. 2009tik egon naiz ni Rabobanken, eta hitzematen dut inoiz ez dudala ikusi dopin kasurik; are gehiago, inoiz ez dugu hitz egin dopinari buruz. 2002, 2003, 2004... urte horietako kontuez ari dira hizketan. Txirrindularitzan aspaldi aldatu zen mentalitatea. Lehenagoko zikinkeria da hau guztia.

Nola gera daiteke zurrunbilo hau?

Ezin da geratu. Nola geratuko da, ba, garai bateko eta oraingo joko arauak desberdinak badira? Nola geratuko da, egungo ikuspuntutik begiratuta garai hartako ekintzak delituak baziren? Iraganaz hizketan jarraitzen badugu, hori ezin da geratu. Zenbat jende itzultzen zen lehen sagardotegitik etxera autoan? Mundu guztia. Orain, berriz, taxian itzultzen dira denak. Geure autoan zenbat itzultzen ginen aitortzen hasi behar al dugu orain? Berdin-berdina da hau. Azken urteotan dena ondo egiten ari zarela jakin arren, egiaztatu egin beharra dago orain. Txirrindularitzan galdu egin da errugabetasun presuntzioa. Baina eduki dezagun argi: profesionaletan nagoenetik, inoiz izan dugun txirrindularitzarik onena daukagu orain, nahiz eta beti egongo diren ardi beltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.