Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Castro

Galdera marka

Aldaketa urtea da hau Castron, iazko arraunlari multzotik dezente falta baitira; berriek nahiz harrobikoek ordezkatu dituzteDenboraldi-aurreko estropadetan txukun jardun du 'La Marinera'-k

Castroko trainerua, iaz, Pasai San Pedron jokatutako Kofradien Banderan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Aldaketa bakarra bada, lehengoa ez da batere aldatzen. Aldaketa asko badira, lehengoa irauli egiten da: beste itxura bat hartzen du, ezberdina. Horrelakoxea da aurtengo Castro. Ez dauka iazkoaren inolako antzik. Neguan gogor jo du Galiziako haizeak, eta handik ekarri dituzte arraunlari dezente. Haize horrek Castrotik bueltan ekarri ditu Euskal Herrikoak.

Horixe da aldaketa nagusia. Azken urteetan, beren lurraldearen mugetatik ekialdera begiratzen zuen klubak fitxaketak egiteko; aurten, berriz, mendebalderantz luzatu ditu begiak, Galiziarantz. Garbi dago aldatzeko erabakia hartzen denean, aurrekoarekin konforme ez dagoelako hartzen dela. Iaz, oso denboraldi tristea izan zuten, eta beste itxura bat eman nahi izan diote taldeari aurten.

Galiziako arraunlariak ederki ezagutzen ditu Joseba Fernandez entrenatzaileak, hiru urtez ibili baitzen Mecosen. Badaki arraunlari zailduak eta oso lehiakorrak izaten direla, eta ezaugarri horiek eduki nahi izan ditu traineruaren lana hobetzeko. Lortuko duen edo ez, uretan ikusiko da. Inork ez baitaki argi nola ibil daitekeen Castro. Batzuen ustez, goian aritzeko taldea osatu du; beste zenbaiten arabera, goitik urrun antzean behar luke. Castro entzun, eta bai edo ez esan, dudan aritzea bezalakoa da.

Misterio kutsu hori klubak berak ere elikatu du. Ez dabiltza aurreko urteetako mezua zabaltzen, beraiek ere ez dakitelako segurtasun osoz zenbat ibiliko den La Marinera ontzia. Beste denboraldietan bazekiten oilarren artean zeudela, baina aurten ez. Isilik daude, zer gertatuko zain; traineru gorriak uretan zer emaitza lortuko dituen esperoan.

Neguko jardunari begiratzen badiote, itxaropentsu egoteko motiboak badituzte. Ontzi txikietan ondo moldatu dira, postu onak lortuz bai bateletan eta bai trainerilletan. Traineruak lehian izaten diren jaitsieretan ere ondo ibili dira; batez ere, Orioko estropadan, oso segundo gutxitan sartu baitziren lehen sei sailkatuak, eta tartean zen Castro. Gerora, joan zen asteburuan, CajaCantabria banderan Castro izan zen onena, eta Hipercor banderan bigarren egin zuen. Zerbait ona egin dezakeen zantzuak dira emaitza guztiak, baina, beti esaten den bezala, negua eta denboraldi-aurrea gauza bat dira, eta uda beste bat. Ematen du ibili egingo dela Castro, baina hainbeste aldatu eta gero, galdera marka eramatea tokatzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.