RIO16. Olinpiar oroitzapena. Londres 2012

Galbahetik pasatu gabe

Duela lau urteko Olinpiar Jokoak dakartza gogora Seaskako zuzendariak. «Espainiar eta frantses telebistek inposatutako ikuspegi prefabrikatuari ihesi», Jokoak zuzenean bizitzearen garrantziaz mintzo da. Emakumezkoen maratoia adibide.

Hur Gorostiaga.
2016ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Frantziako Eurokopa atzean utzi, eta Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoen garaia heldu zaigu. Lau urte besterik ez da Londresko Olinpiar Jokoetako egun eta gau goxo haietarik. Telebista frantses eta espainolen galbahetik pasatu gabe, jokoak zuzenean Londresko karriketan bizitu nituen. Hide Parkeko Fan Zonean pantaila erraldoiei begira pasatutako orenak ditut gogoan. Kirol saioen ondoren antolatzen zituzten kontzertuak plazer hutsa izan ziren, nahiz garagardoa garestia izan eta euria etengabea... Mundu osoko herritarrak elkarrekin benetako olinpiar izpirituan; eta ez hemengo telebistek inposatu diguten frantses eta espainiar kirolarien ikuspegitik prefabrikatutako Jokoetan. Edozoineik irabazirik ere berdin pozten ginen, kirolarien balentria baloraturik, soinean zeramatzaten koloreak baino gehiago, gizon edo emakume berdin. Milaka jende elkarrekin, Usain Bolten jestua elkarrekin eginez, irabazlea nornahi izanik ere.

Ez genuen estadiorako sarrerarik erosi, baina emakumeen maratoia karrikara atera zenean bizi izan genuen kirola hurbilenik. Ikurrina eta gezidun bandera ere ateratzeko parada izan genuen, Londresko karrika hotzetan barna, hirugarren itzulirako errenka zihoazen horiei, oihu eta biba, gure animo guztiak nola helarazi ez genekiela.

2016an Brasilera joanen ginela hitzeman genion elkarri. Copacabanan gutienez euririk eginen ez zuelakoan. Sanba dantzetan trebatzeko lau urte genituen aitzinean, eta obrigado baino zerbait gehiago erraten ikasteko ere denbora aski.

Baina heldu da urtea, eta hegazkineko txartelen prezioari so egitea aski izan da ideiaz fite aldatzeko. Olinpiar Jokoak Euskal Herriko kanpin batetik ikusi beharko ditugu oraingoan, telebistarik edo pantailarik topatzen badugu bederen. Bestela, BERRIAren bidez, gustura. 2020rako egin dugu hitzordua, dantzarik eta hitzik ikasi gabe, Tokion izanen garelakoan.

ARGAZKIA

Eguna. 2012ko abuztuaren 6a.

Ekitaldia. Londresko Olinpiar Jokoak. Emakumezkoen maratoia.

Emaitza. Tiki Gelana etiopiarra lehenengo (2.23.07), Priscah Jeptoo kenyarra bigarren (2.23.12) eta Tatiana Arkipova errusiarra hirugarren (2.23.29). Gogorra joan zen. Euripean. 14 gradu abuztuan. Eta %90eko hezetasuna. Londresko tokirik ezagunenak inguratu zituen 42 kilometroko lasterketak: Buckingham jauregia, Westminster,St. Paul katedrala eta Londresko dorrea, bestea beste. Jendetza bildu zen ibilbidean. Gelana irabazleak ezustekoa emanda lortu zuen urrea —bera da argazkikoa—, kenyarrak baitziren irabazteko hautagai nagusiak. Haien eraso guztiei erantzun, eta Gelana bera izan zen indartsuena azken txanpan. 16 urte geroago, Etiopiako atleta batentzat izan zen urrezko domina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.