Irizpideak ezarri, eta azken erabakia hartu. Klub bateko kirol arloko giza baliabideak hautatu, koordinatu eta zuzentzea dagokio nagusiki kirol zuzendari bati. Ez da soilik merkatuan jokalariak edo entrenatzaileak bilatu, aurkitu eta sinatzera mugatzen den norbait. Hori baino konplexuagoa da. Eta zaila. Asmatzea da zaila. Galbahe lana nola egin erakusten die alboan lan egiten dutenei, jardunean bakarrik ari ez bada, bederen. Edonola ere, beti jakinda azken galbahea, erabakia, berea dela. Onerako edo txarrerako, beti asmatzea ezinezkoa baita.
Hamarkada bat darama Braulio Vazquez (Pontevedra, Galizia, 1972) Osasunako kirol zuzendariak antzeko lanetan. 2017an iritsi zen Iruñera, eta joan den astean 2026ra arte berritu zuen klubarekin zuen hitzarmena. Bost profesionalek osatzen duten kirol zuzendaritzako burua da galiziarra: Jose Antonio Prieto Cata da haren bigarrena, eta haren alboan daude Alejandro Alfaro, Sergio Amatriain eta Nacho Leblic. «Oso gutxi gara. Valladoliden, iaz, hogei pertsona zeuden esparru horretan. Baina tira, nahiago dut gutxi izan eta nire lan egiteko moduan sinisten dutenak izatea». Wyscout eta SkillCorner programekin egiten dute jokalarien jarraipena.
Tati Garmendia (Donostia, 1974), Super Amara Bera Bera klubeko eskubaloi saileko burua izateaz gain, beste gauza asko ere bada. Espainiako Ohorezko Mailan dagoen taldearen erantzule nagusia da, eta, beraz, taldea atontzeaz arduratzen da, entrenatzaile taldearen laguntzarekin. «Imanolek [Alvarez] laguntzen nau, noski, baina iragazki lana nik egiten dut. Ezin dut taldea nire irizpideen arabera bakarrik osatu eta gero entrenatzaileari emaitzak exijitu. Konfiantza dugu elkarrengan».
Alex Mumbru taldeko entrenatzaileak laguntza ematen badio ere, Rafa Pueyo (Bilbo, 1971) bakarka ari da lanean Surne Bilbo Basketeko kirol zuzendaritzan. «Jarraitutasun handiko lana da, eta opor gutxi izaten dut. Baina emaitzek laguntzen badute, harro sentiarazteko moduko lana da. Ni, egiazki, saskibaloi entrenatzailea naiz, eta horrek asko lagundu dit postu berri honetan. Lau denboraldi daramatzat karguan, eta disfrutatzen ari naiz».
Aurrekontua da kirol zuzendari baten lana baldintzatzen duen aldagai nagusia. Osasunak 65 milioi eurokoa onartu zuen 2021-2022ko denboraldirako, Bilbo Basketek hiru milioi euro pasatxokoa du sasoi honetarako, eta Bera Berak 600.000 euro ingurukoa dauka. Agerikoa den moduan, aurrekontu horien zati bat baino ez da bideratzen lehen taldeko fitxaketetara. «Lehendabiziko liga irabazi genuenean, 2012-2013ko denboraldian izan zuen klubak bere historiako aurrekonturik handiena. Nik kudeatzen dut arlo ekonomikoa, eta argi daukat fitxaketa guztiak aurrekontua gainditu gabe egin behar direla. Agian, Imanolek garestiagoa den jokalari baten aldeko apustua egin nahi du, baina badaki taldean jokalari bat gutxiago izan beharko duela horretarako. Lehen talderako dugun dirua ez dugu soldatetara bideratzen. Aurten, inbertsioa egin dugu jokalari bakoitzaren prestaketa fisikoa kontrolatzen duen zentro batean», azaldu du Garmendiak.
Gainera, jokalari bat fitxatzerakoan, soldata ez da klubak ordaindu behar duen gauza bakarra, Garmendiak azaldu duenez: «Jokalari batek daukan kostua bere osoan ulertu behar da: fitxaketa, soldata, kotizazioa, ostatu hartzea... Eta bitartekariei ere ordaindu behar zaie batzuetan. Horrek guztiak jokalari baten azken soldata baldintzatzen du. Jokalari kanpotarren kasuan, lehendabiziko urtean Espainiako Federazioari zerga bat ordaindu behar zaio: 3.000 euro inguru dira».
Bera Berak edo Bilbo Basketek baino askoz ere aurrekontu handiagoa badu ere, egungo futbolaren merkatuan muga handiak ditu Osasunak. Hala, ezinbestekoa da fitxaketak egiteko irizpideak argi izatea. «Arlo ekonomikoari lotuta, idazkaritza teknikoari eskatzen diot aukera errealistak jar ditzala egiten dugun lehentasun zerrendan. Hori da fitxaketa posible batek gainditu behar duen lehen iragazkia. Esaterako, ezingo genuke Mario Hermoso fitxatu, baina bai talde handi baten harrobian dagoen antzeko jokalari bat. Manu Sanchezekin denok ados geunden, eta ekonomikoki posible zen: ikusi orain emaitza. Fitxaketetan, entrenatzailearen iritzia ere garrantzitsua da, eta nik asko sinisten dut batak bestea konbentzitzean», azpimarratu du Osasunako kirol zuzendariak.
Arriskuak txikitu
Astelehenetik asteazkenera, zenbait ligatako estatistikak aztertzen dihardu Rafa Pueyok. Hori egin ostean, InStat programaren laguntzarekin, arreta piztu dioten jokalariak bideoan ikusten hasten da. «Datu base handi-handia dugu. Endesa Ligan ibilitako jokalaria bada, normalean asko ezagutzen dugu. Bestela, bideoak ikusi behar dituzu: partida osoak, eta ez soilik bideo laburrak edo highlight-ak».
Bera Beran ere prozesua antzekoa da jokalariak kanpotarrak direnean. «Bitartekariek highlight-ak bidaltzen dizkizute, baina ezin zara horretaz bakarrik fidatu. Bideo eta partida osoak ikusteaz gain, jokalaria ezagutzen duen jendearekin hitz egiten dugu.Bitartekari agentziak ere ezagutuz joaten zara. Iberdrola liga ez da Europako liga indartsuenetako bat. Hortaz, errendimendu handia eman eta soldata izugarria ez duen norbait fitxatu nahi duzu.Oso zaila da. Gainera, kanpotarrei, lehendabiziko urtean, egokitzea kosta egiten zaie ia beti. Horregatik, bi urteko kontratua egin ohi zaie», argitu du Bera Berako buruak.
Hartara, etxeko jokalariak edo Herrialde Katalanetakoak, Galiziakoak edo Espainiakoak dira lehentasuna: «Gehiago ezagutzen dituzulako. Maila hobeagoa edo txarragoa emango dute, baina berme gehiago duzu. Gure entrenatzaile taldeak XPS Network programarekin lan egiten du, eta aurkariak eta jokalariak oso aztertuak dituzte». Horrez gain, azken urteetan, Bera Beran jokatu nahi duten jokalariek ere zuzenean deitzen dute klubera.
Donostiako Klubaren antzeko filosofia dauka egun Osasunak: etxekoak, ezagunak edo liga bereko jokalariak. «Espainiatik kanpoko ligei ere begiratzen diegu, noski. Baina, kanpotarrei beti kostatzen zaie egokitzea, eta, horiek horrela, fitxatu ditugun kanpotarrak ligan aritutakoak dira: Budimir, Estupiñan, Brasanac eta Chimy Avila, adibidez. Lehendabiziko denboraldian River Platetik ekarri genuen Joaquin Arzura da salbuespena», azaldu du Brauliok. Fitxatzeko moduari buruz sakonago galdetuta,«oso gutxi» fitxatzen dutela dio: «Egon naizen talde guztietatik, hemen fitxatzen dugu gutxien. Beraz, horrek esan nahi du gehiago asmatu behar dugula. Arriskua txikiagotzen ahalegintzen gara».
Bestelako lan egiteko modua du Bilbo Basketek. «Ahalik eta merkatu zabalena» arakatzen dutela dio Pueyok: «Lituaniako edo Frantziako ligako jokalariekin esperientzia ona dugu, baina Europako beste liga nagusietara begiratzen dugu, baita Estatu Batuetako ligetara ere. Dena den, talde handiagoek begiratuko ez luketen tokietara ere begiratu behar dugu. Esaterako, Jeff Whitey Hego Koreako ligatik fitxatu dugu».
Horrekin batera, hiru kirol zuzendariak ados daude fitxaketa bat egiteko orduangarrantzia ematen zaiola jokalariaren izaerari. «Arlo pertsonala oso garrantzitsua da, gure aldagela berezia delako», esan du Brauliok. «Lehen mailako informazioa bilatzen duzu. Damien Inglis fitxatu dugu, eta bagenekien Jonathan Roussellekin Limoges taldean aritutakoa zela. Zerbait aurkitu nahi duzu, edo, hobeto esanda, ez duzu fitxaketa atzera bota dezakeen ezer aurkitu nahi», erantsi du Pueyok. «Agian jokalari batzuk interesgarriak dira, baina uste duzu ez direla taldean ondo sartuko, joko motagatik edo beste arrazoi batzuengatik. Multzoari garrantzia eman behar zaio», gehitu du Garmendiak.
Aurretiazko lana
Denboraldi bat jokoan ari dela, hurrengoa prestatzen hasi behar izaten dute kirol zuzendariek. Hori da haien lanaren beste ezaugarri nagusietako bat. «Urtebeteko epearekin lan egiten dut nik. Ikusi duzun gabezia bat konpontzeko astia duzulako horrela, besteak beste», kontatu du Brauliok. Azaroan izaten dituzte denboraldi berrirako lehen elkarrizketak Bera Berako entrenatzaile taldeak eta zuzendaritzak, nahiz eta jokalariekin beranduago jarriko diren harremanetan, urte hastearekin batera. Bilbo Basketi dagokionez, sasoi berria prestatzeko denbora jokoan ari den sasoiko emaitzek «baldintzatzen» dutela nabarmendu du klubeko kirol zuzendariak: «Otsailean jokatu ohi den kopa izaten da mugarria. Iaz, adibidez, sasoi berrirako bi jokaleku prestatu behar izan nituen, ez genekielako ACB ligan jarraituko genuen edo ez».
Jokalarien merkatuarekin alderatuta, entrenatzaileena bestelakoa da. Pueyok Mumbrurekin baino ez du lan egin, eta espero du aurtengoa azken denboraldia ez izatea. Osasunan dagoenetik, Diego Martinez eta Jagoba Arrasaterekin aritu da Braulio: «Jagobarekin dugun harremana idilikoa da, baina hori ez da batere ohikoa». Bestalde, Tati Garmendiak eta klubak argi dute zer entrenatzaile mota nahi duten: «Imanol bezala klubean inplikatzen den entrenatzaile bat nahi dugu, eta ez soilik Ohorezko Mailako taldea zuzentzeaz arduratzen den norbait». Berezitasun hori bilatzen dute.
Kirol zuzendari baten lana ez da erraza, eta Pueyok argi du zein den bere laneko zatirik zailena: «Ez da erraza jokalari bati esatea ez duela taldean jarraituko. Ez da traumatikoa, baina ez da gustagarria». Garmendia antzeko bidetik mintzatu da: «Okerrena da jokalari bati esatea ez duela tokirik hurrengo sasoiko taldean. Txikia izanagatik ere, badago lotura emozional bat».
Bestelako kontuei erreparatu nahi izan die Brauliok: «Jokalarien egoera pertsonalak ez aurreikustea, lesioak edo jokalari baten errendimendu okertzeari ez aurre hartzea zaila da». Kirol zuzendariaren lanak eskolako patioan kromoak trukatzearen edo bideo jokoetan jokalari mordoa fitxatzearen antz txikia du. Irizpideak ezarri, galbahea egin, eta erabakia hartu. Eta asmatu, beti asmatu.
Galbahe lana dagokie
Merkatua arakatu eta jokalariak fitxatzea baino konplexuagoa da klubetako kirol zuzendarien lana. Aurrekontuak lana erabat baldintzatzen dienez, irizpide zehatz eta errealistak ezarri behar dituzte arrakasta izan nahi badute. Orokorrean, jokalari bati taldean ez duela jarraituko azaltzea izaten da zailena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu