Jokin Etxaniz. Aspeko zuzendari teknikoa

«Gakoa? Oso orekatua dela gure pilotari koadroa»

«Pozarren» dago Jokin Etxaniz, buruz burukoan bezala lau eta erdikoan ere bi mailetako finalerdietan ariko diren zortzi pilotarietatik zazpi baitira Aspe enpresakoak. Partida «parekatuak» izango direla uste du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Jo eta ke dabil Jokin Etxaniz (Bergara, Gipuzkoa, 1970) entrenamenduak antolatzen. «Seinale ona» dela dio, bi mailetako lau eta erdiko finalerdietan makina bat pilotari sartu izanaren seinale: zortzitik zazpi; guztiak, Oinatz Bengoetxea ez beste. Nabarmendu du Aspek kopuru bera lortu zuela azken buruz burukoan, eta haren pilotarientzat izan direla 2017ko maiatz bukaeratik maila nagusiko txapel guztiak; bederatzi guztira. Haren arabera, horrek agerian uzten du Baiko baino gehiago direla «aspalditik».

Bi lau eta erdikoetan finalerdietan ariko diren zortzi pilotarietatik zazpi dira Aspekoak. Gustura egongo zarete enpresan, ezta?

Oso pozik gaude. Ederra izan zen Lehen Mailako azken buruz burukoaren finalerdietan enpresako lau pilotari sartzea, eta ederra izan da orain beste horrenbeste egitea Promozio Mailan. Bolada onean gaude. Pilotari asko ari gara sartzen finalerdietan eta finaletan.

Aspaldikoa da bolada on hori.

Bai, 2017tik hona jokatu diren txapelketa nagusi guztiak irabazi baititugu. Gehiago ari gara izaten. Oso ondo ari gara lanean, eta, zorionez, lan hori emaitzetan islatzen ari da. Horrek asko laguntzen du lanean segitzeko, gogoari eusteko eta giroa ona izateko.

Uste orokorra dago desoreka handia dagoela Asperen eta Baikoren pilotari koadroen artean. Zer iritzi duzu?

Nik esan diezazukedan bakarra da oso pozik nagoela gure pilotari koadroarekin. Binakakoan, adibidez, leporatu izan digute Rezusta eta Zabaleta izatea, eta bai, atzelari indartsuak dira, eta aldea markatu dute azken urteetan: Rezustak lau aldiz jokatu du finala, eta Zabaletak, hirutan. Baina buruz burukoan eta lau eta erdikoan ere pilotari mordoa ari gara sartzen: Altuna, Ezkurdia, Irribarria, Elezkano, Jaka, Dario, Peio Etxeberria... Aspe ez da soilik Ezkurdia eta Altuna aurrean eta Zabaleta eta Rezusta atzean. Pilotari gehiago daude. Gure lan onaren gakoa da pilotarikoadro oso orekatua dugula: beteranoak, gazteak... Nahiz eta enpresa barruan lehiakortasun handia egon, pilotari asko aurrerapausoak ematen ari dira, eta horrek zoriontsu egiten gaitu.

Azkenaldian, hala ere, enpresak bikote mistoen alde egiten ari dira. Halaxe jokatu zen Mastersa, halaxe jokatzen ari dira azkenaldiko partida asko; eta halaxe joka daiteke baita binakakoa ere. Gustatzen zaizu formula hori?

Nik nahiago dut bikoteak enpresa berekoak izatea, baina garrantzitsua da txapelketa parekatua izatea, batez ere binakakoa, denbora luzean jokatzen baita. Zaila da hori lortzea, baita bikote mistoak izanda ere. Beti jarri ohi dira izen batzuk besteen gainetik, eta, gero, ezustekoak gertatzen dira. Adibidez, gutxik espero zuten Ezkurdia eta Martija txapeldun izatea. Ea binakako parekatu bat egiten asmatzen duten. Ona litzateke denontzat.

Koronabirusaren pandemia dela eta, txapelketa laburrak eta parte hartzaile gutxikoak izaten ari dira. Gustatzen zaizu hori?

Guretzat arazoa izan daiteke, pilotari asko eta toki gutxi baitago. Adibidez, azken buruz burukoko finalerdietan aritu ziren Jaka, Altuna, Dario eta Elezkano zerrendaburu izan beharko lirateke datorren urtean, eta, haiez gain, Ezkurdia eta Irribarria daude. Hor dago Peio Etxeberria ere, eta Elordi txapeldun izan balitz, tokia beharko luke. Rezustak galdu egin zuen atarikoa, baina erakutsi du gai dela buruz buru jokatzeko. Jende asko dugu, eta toki gutxi. Berriro seirentzako lekua bakarrik izanez gero, atariko mordoa jokatu beharko lirateke. Niri gustatuko litzaidake denek jokatzeko aukera izatea, baina ez dago nire esku. Ea nola antolatzen duten. Horren arabera moldatu beharko dugu.

Lau eta erdikora bueltatuta, Altuna III.ak eta Bengoetxea VI.ak jokatuko dute aurreneko finalerdia, larunbatean, Bilbon. Zer moduz dago Altuna III.a?

Ondo dago, sasoiz eta eskuz. Baina egia da kolpe handia hartu zuela buruz buruko finala galduta. Askotan, kosta egiten da txapelketa bat bukatuta beste bati ekitea. Baita txapeldun izanda ere. Zergatik? Zuk lan bat bukatzen duzunean, lehen erreakzioa da pentsatzea jada egin duzula egitekoa, bete duzula helburua. Baina ez, hortik bospasei egunera beste txapelketa bat jokatzen hasi behar duzu. Jokinekin, batez ere, buruko lana egin behar izan dugu, berriro gogoz eta buru-belarri aritu dadin; finean, txispa berreskura zezan. Gaizki pasatu zuen hasieran Danelen aurka, baina horretan meritu handia izan zuen Danelek, oso ondo ekin baitzion partidari. Baina Jokin gai izan zen egoera zail horri buelta emateko, eta ziur naiz horrek konfiantza handia eman diola datorrenari begira. Berriro bete-betean ikusten dut.

Zer-nolako lehia espero duzu?

Pentsatzen dut Oinatz saiatuko dela beti bezala jokatzen: aukera duenean jokoa nahasten ahaleginduko da, eta aurrean bukatzen. Elkarren aurka aritutakoak dira lau eta erdikoan, eta partidak beti izan dira parekatuak. Biek dute aukera polita beste final bat jokatzeko: Jokinek bosgarrena luke jarraian lau eta erdikoan; ikaragarria da; Oinatzek, berriz, sekulako gogoa izango du bere adinarekin [36 urte] beste final baterako sailkatzeko; gauza handia litzateke harentzat. Tentsiozko partida bat izan daiteke. Gakoa izango da zeinek asmatzen duen gehien eta zeinek egiten dituen opari gutxien.

Irribarria egon zitekeen Bengoetxea VI.aren tokian, baina galdu egin zuen haren aurka.

Lehenbizi, esan beharra dut pena izan dela Mikelek txapelketari uko egin behar izatea [Urrutikoetxea]. Jokatu izan balu, zaila izango zen hari irabaztea. Ikerrek eta Oinatzek elkarren aurka jokatu ostean jakin zen ez zela ariko, eta irabazlea zuzenean pasatuko zela finalerdietara. Hori jakinda, pena da Ikerrek galdu izana. Baina ez dago atzera-bueltarik. Aurreko lau eta erdikoekin alderatuta, hobeto aritu da, baina agerikoa da oraindik lana egin behar duela hobetzeko.

Zer itxura hartzen diozu Jakaren eta Ezkurdiaren artekoari?

Ez dago bi partida berdin, baina iaz, Erik Josebari irabaztear izan zen. Hortxe izan zuen garaipena. [22-20 irabazi zuen azkenean Ezkurdiak, finalerdietan]. Baina Joseba txapeldun handia da, eta erakutsi du zein ondo moldatzen den lau eta erdikoan: azken bi txapelak irabazi ditu. Biek gainditu dute lehen azterketa, lehen partida jokatu eta irabazita. Josebarentzat, egoera ez zen batere erraza. Aurretik eta denbora oso gutxian binakako bi neurketa oso gogor jokatu zituen, tartean final bat. Hain zuzen, finala jokatu eta bost egun eskasera beste partida bat jokatu beharra zuen, beste diziplina batean, eta hil edo bizikoa. Berriro egon behar zuen bete-betean. Kanpotik, erraza dirudi, baina oso zaila da. Meritu handia du. Partida hasieran, kosta egin zitzaion, baina, gero, sueltoago aritu zen. Oso garai onean dago.

Askoz gehiago sufritu zuen Jakak. Peio Etxeberriaren azkeneko erremateak txapa jo izan ez balu, kanpoan legoke.

Erikek sufritu egin zuen, bai, baina hark ere ez zuen egiteko samurra. Kunplitu egin zuen, irabazita eta sailkatuta, eta, orain, konfiantzaz joango da partidara. Buruz buruko txapelak konfiantza handia eman dio. Oso partida gogorra izango da, eta bizia. Biak ari dira tantoak oso ondo amaitzen. Beraz, opari gutxien egiten duenak irabaziko du.

Zer itxura hartzen diezu bi finalerdiei?

Parekatuak daudela uste dut. Jendeak, ziurrenik, faborito bat aipatuko du, baina agerian geratu da partida guztiak jokatu egin behar direla. Begira zer pasatu zen buruz burukoan: Erik lehiatik kanpo geratzear izan zen lehen partidan, Bakaikoaren aurka [22-20 irabazi zuen], eta gero txapeldun izan zen. Maila honetan denek jokatzen dute asko, eta, horregatik, garrantzia izaten du bakoitza une horretan nola dagoen konfiantzaz.Egun ona ez baduzu, aurkaria beti dago prest horri probetxua ateratzeko.

Ezustean hartu zaitu Jakak?

Ez. Nik beti esaten nuen ez genekiela non zegoen haren muga. Eta begira, buruz buruko txapeldun izan da. Beti joan da aurrerapausoak ematen, eta orain lortu duena izan da, aurrerapausoak emateaz gain, goian eustea. Diziplina guztietan kontuan hartzeko pilotaria da. Ez da kasualitatea hor egotea.

Esperientzia handia duzu halako partida garrantzitsuetan. Oraindik urduri jartzen zara?

Bai, tentsioz, batez ere aurreko egunetan, eta are gehiago aurkaria beste enpresakoa bada. Gure pilotarien artekoetan, saiatzen naiz denak gustura egon daitezen. Partidetan, berriz, sufritu egiten dut ikusten dudanean gure pilotaria ez dela ari dakien bezala.

Halakoetan, oso garrantzitsua da botileroaren lana. Buruz burukoan, enpresako teknikari batek izan behar zuen, eta lau eta erdikoan, enpresako edozeinek. Zein iritzi duzu gaiaz?

Onena litzateke bakoitzak nahi duen botileroa eramatea: lasaitu dezakeen norbait, ala jokoaz gomendioak eman diezazkiokeena. Asko eskertzen da banakakoetan: ez du jokatzen, baina, gomendio on bat emanda, zure maila igo dezake. Are gehiago egoera honetan, ikuslerik gabe. Hotzagoa da dena, eta pilotariari askoz gehiago kostatzen zaio partidan sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.