Hondartzan paseo bat eman berri du Alba Menendezek (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). «Izugarri» sumatu du horren falta. «Zarauztar batentzat gogorra da hondartza parez pare ikusi, eta bertan ezin ibiltzea. Izan dut tentazioa ezkutuan sartzeko, baina etxean egon beharra zegoen. Orain, aldiz, bai, egin dezaket, eta izugarri eskertzen dut. Bizipoza ematen dit».
Nola ospatu duzue liga irabazi izana?
Ez dugu gauza handirik egin. Hasieran, asmoa genuen taldekide guztiok Interneten elkarrekin ospatzeko, baina oso berandu iritsi zen erabakia [gaueko hamarretan], eta ezin izan genuen egin. Gaur [atzo] dugu asmoa egiteko.
Etxean, behintzat, ospatuko zenuten, ezta?
Bai, baina apal-apal. Garagardo bat hartu eta topa egin genuen etxekook [gurasoekin eta Adriana Cardoso taldekidearekin bizi da]. Egoera honetan ezin da gauza handirik egin. Izango dugu denbora behar bezala ospatzeko.
Uste orokorra da taldean: sentipen gazi-gozoa duzue.
Hala da. Pozik gaude, egindako lanak saria izan baitu, baina politagoa litzateke titulua pistan eta partida guztiak jokatuta irabazi izan bagenu. Ez da poz bete-betea.
Merezia, behintzat, bada: sekulako sasoia egin duzue.
Etenaldia izan aurretik, oso denboraldi ona egiten ari ginen, azken urteetako onenetakoa. Ez genuen partidarik galdu, eta bi ez beste guztiak irabazi genituen.
Liga gero eta parekatuagoa dela kontuan hartuta, meritu handia du neurketa bakar bat ere ez galtzeak.
Liga gero eta berdinduagoa dago, eta gero eta zailagoa da txapeldun izatea, baita neurketak irabaztea ere. Edozein taldek eman diezazuke susto bat; adibidez, azkenak aurrenekoari. Hori oso argi izanda jardun gara, eta gure lana egin dugu, ondo egin ere.
Non egon da gakoa?
Oso talde polita dugu, eta kide guztiok helburu berbera genuen: txapeldun izatea, ahal genuen erregulartasun handienari eutsita. Denok helburu berbera izanda, errazagoa da hori lortzea.
Oso ondo ari zineten koronabirusak dena hankaz gora jarri zuenean. Amorrua eman dizue?
Bai, oso bide ona generamalako, eta bat-batean eten zelako. Baina inork ez zuen espero halako zerbait pasatuko zenik.
Nola ari zara bizitzen egoera hau guztia?
Eramaten zaila izaten ari da. Taldekide guztiek dugu sentipen bera. Hasieran, gogotsu hasi ginen lanean, uste genuelako bi asteko kontua izango zela, baina, egunek eta asteek aurrera egin ahala, gero eta gogorragoa egin da, batez ere psikologikoki, lehiatzeko beharra baitugu, adrenalina askatzeko beharra, eta etxean kirola egiteak ez du premia hori inondik inora asetzen.
Inoiz egon zinen horrenbeste denbora jokatu gabe?
Behin bakarrik, duela hamar bat urte bizkarreko lesioa izan nuenean.
Kapitaina izanik, ohi baino lan gehiago izaten ari zara?
Ez bereziki. Jarduera batzuk egin ditugu elkarrekin, kontaktua ez galtzeko eta talde giroari eusteko.
Zerbait ikasi duzu esperientzia honetaz?
Gauza txiki batek nola alda dezakeen mundua, eta nola irauli dezakeen gure bizimodua. Argi geratu da erantzukizun zibilaz jokatu behar dugula. Eta, noski, gauza txikiagoak gehiago baloratzeko balioko digu honek guztiak. Adibidez, eguzkia dagoen egun batean ez zaigu sartuko alferkeria, eta kalera irtengo gara, horretaz gozatzera. Egunak gehiago aprobetxatuko ditugu, eta uneak gehiago disfrutatu, inoiz ez baitakizu noiz gerta daitekeen horrelako zerbait.
Koronabirusak ondorioak izan ditu alor guztietan, horien artean ekonomikoak. Adibidez, eskubaloian, ia talde guztiek aurkeztu dituzte enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenak, tartean Bera Berak. Nola bizi izan duzu prozesu hori guztia?
Egoera honek alor guztietan eragin ditu kalte ekonomikoak, eta kluba enplegua aldi baterako erregulatzeko txosten bat aurkezteko beharrean izan da. Baina klubak agindu digu gure kontratuan ageri den diru kopuru osoa ordainduko digula. Ahalegin handia egingo du, partidarik ez denez jokatuko diru iturri hori gabe geratuko baita. Denok eginbehar dugu esfortzu bat, eta klubak egin du, eta eskertzekoa da.
2008ko krisiak gogor jo zuen eskubaloia. Beldur zara honek ere beste horrenbeste egitea?
Beldur naiz, noski, krisiak beti eragiten baitu alor guztietan. Kirolari dagokionez, kirol gutxituak izan ohi dira gehien sufritzen dutenak. Itxaropenari eutsi behar diogu, eta pentsatu ez dela halakorik etorriko.
Emakumezkoen kirolari ere kalte egin diezaioke?
Ezetz pentsatu nahiko nuke, baina, diru kontuei eta oihartzunari dagokienez gizonezkoen kirola baino koska bat beherago gaudenez, uste dut honek guztiak guri pixka bat gehiago eragingo digula. Denok estutu beharko dugu gerrikoa, baina klubak beti zaindu du hori guztia; oso ondo kudeatu ditu diru kontuak, eta ziur naiz oraingoan ere halaxe egingo duela. Espero dugu egoera honek guri ez eragitea, baina ziurrenik gure mailako klub askok oso gaizki pasatuko dute.
Egoera zaila izan arren, kontratua berritu duzu, beste urtebeterako. Horrek agerian uzten du konfiantza osoa duzula Bera Beraren proiektuan.
Hala da. Honek guztiak eztanda egin baino lehen ados ginen kluba eta biok kontratua beste urtebete luzatzeko. Baina orain ere baietz esango nuke jarraitzeari. Bera Berak beste urtebetez jarraitzeko eskatzen badizu, ezin diozu ezetzik esan. Pozik gaude bi aldeak, beste urtebetez segituko baitut hemen.
Jada kirola egin dezakezue. Ez duzu izan tentaziorik baloi bat hartu eta herriko txokoren batera joateko?
Bai, baina ez dut baloirik, eta pena da, etxe aurrean frontoi bat baitut.
Alba Menendez. Super Amara Bera Berako kapitaina
«Gakoa izan da denok helburu bera genuela: txapeldun izatea»
Alba Menendezek aitortu duenez, «nahi baino askoz apalago» ospatu dute liga irabazi izana. Pozik daude, denboraldiko lana saritu baitute, baina poztasun hori ez da betea. «Pistan irabazi eta ospatu nahi genuen titulua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu