Julen Mujika. Bidasoako jokalaria

«Gakoa da oso lehiakor ari garela hasieratik»

Bikain ari da Bidasoa: bost partida jokatu ditu, eta lau irabazi ditu, eta bat berdindu, Bartzelonaren aurka. Mujikak nabarmendu egin du une zailetan jakin dutela aurrera egiten.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Etxeberria.
Errenteria
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Asteburu biribila izan berri du Julen Mujikak (Errenteria, Gipuzkoa, 2003): Bidasoak laugarren aldiz irabazi zuen jarraian, eta berak lan ederra egin zuen; sei gol sartu zizkion Puente Genili. «Inoiz ez nituen horrenbeste gol sartu lehen taldearekin», aitortu du. Konfiantza hartzen lagunduko diote.

Zer sentitzen duzu Asobal ligako sailkapena ikustean?

Harrotasuna. Pozgarria da goian egotea, eta ikustea egiten ari garen lanak saria izan duela. Bartzelonarekin berdinduta, ikusi zen zer egiteko gai garen. Gero, partida zailak jokatu ditugu, baina, halere, guztiak irabazi ditugu. Meritu handia du horrek.

Espero zenuten halakorik?

Nik, ez. Partida zailak jokatu behar genituen Torrelavegaren eta Logroñoren pistan; biak kontrario zuzenak. Eta biak irabazi ditugu. Oso ondo ari gara lehiatzen.

Jacobo Cuetara ez zegoen oso baikor liga hasi bezperan: «Hasieran, kosta egingo zaigu», esan zuen.

Denboraldiaurreko azkeneko bi asteetan ez ginen ondo aritu, eta horrek zalantzak eragin zizkigun. Normala ere bazen, talde oso berria baikara. Baina lehiakor izanda uxatu ditugu zalantza horiek. Une zailetan jakin dugu aurrera egiten. Garrantzitsuena da entrenatuz hobeto jardungo dugula, baina izaera lehiakorra badugula.

Zenbaterainoko mesedea egin zizuen lehen partidan Bartzelona ahaltsuarekin berdintzeak?

Nire ustez, partida horrek balio zigun konturatzeko egiten ari garenak funtzionatzen duela; eta, etxean, ezin hobeto. Partida ia osoan joan ginen aurretik, eta baloi denak azkena balira bezala borrokatu genituen. Bartzelonak gogotik sufritu zuen. Horrela jokatuta, oso talde gutxik irabaziko gaituzte.

Zein da gakoa horren ondo hasteko?

Hasieratik oso ondo lehiatzen ari garela. Maila honetan oso garrantzitsua da partidan atzetik joanda ere, beti saiatzea ahalik eta hurbilena egoten. Halaxe ari gara gu: oso lehiakor eta borrokalari beti. Horri esker, gaude gauden tokian.

Fitxatu berriak ondo egokitu dira.

Hala da. Marko [Jevtic] oso ondo ari da defentsan, eta erasoan, ari da kontzeptuak barneratzen. Esteban [Salinas], berriz, apustu segurua da, bi urtez aritu baitzen Bidasoan. Titori [Diaz], aldiz, kostatzen ari zaio bere kalitatea sisteman txertatzea, baina oso jokalari erabakigarria da. Azkenik, Jakub [Sladkowski] oso ondo ari da.

Hala ere, Bidasoaren indarra da oinarri sendoa duela.

Dudarik gabe. Bidasoan denbora daramagunok oso barneratua dugu jokamoldea; badakigu zer egin behar dugun une oro defentsan eta erasoan, eta errazago irits gaitezke perfekziora. Ni, adibidez, hobeto ari naiz defentsan, baina ez da defendatzaile hobea naizelako, baizik eta jokamoldera egokitu naizelako eta badakidalako une oro zer egin behar dudan. Hala, gabeziak apur bat estal ditzaket.

Europan ez jokatzeak ere mesede egin dizue?

Faena handia izan zen Europan ez aritzea, baina alde ona ere badu: astean partida bakarra dugu, eta behar duen garrantzia eman diezaiokegu; gehiago eta hobeto entrena gaitezke. Nik bi urtez jokatu dut Europan, eta esperientzia oso polita eta aberasgarria da, baina baita nekeza ere; ligan igarri egiten da; ez dituzu partidak behar bezala prestatzen.

Benidormen (Herrialde Katalanak) jokatuko duzue igandean: galdu egin duzue han azken bi urteetan. Partida zaila da.

Bartzelonaren aurka jokatu genuenetik ari gara esaten partida guztiak direla zailak. Asobal ligan ez dago arerio errazik; oso estu dago dena, eta partidak xehetasunengatik erabakitzen dira. Benidorm oso ondo ari da; ez du galdu. Partida oso polita da. Irabazten badugu, honek itxura serioa hartuko du. Garaipenak balio bikoitza izango luke: aurkari zuzen bati irabaziko genioke, eta azken bi urteetan han galdu izanaren zama kenduko genuke gainetik.

Bidasoa bikain ari da. Zu, zer moduz ari zara?

Konfiantza hartzen ari naiz pixkanaka. Denboraldiaurrean ondo aritu nintzen, baina kostatzen ari zait ligan aurrerapausoa ematea; eta sasoi honetan eman behar dut. Denbora eta konfiantza kontua da. Puente Genilen aurka oso gustura aritu nintzen. Alde handiz ari ginen irabazten, eta horrela hobeto jokatzen dut. Baina jakin behar dut ere ondo jokatzen lehia estu doanean. Entrenatzaileek eta taldekideek lasai egoteko esaten didate, badakitelako inoiz lortuko dudala. Normala da horrek lanak ematea; ligan ez daramat denbora asko alboko gisa jokatzen. Eskarmentua hartzen joan behar naiz.

Cuetarak hau esan du zutaz: «Asko heldu da pertsona zein jokalari gisa. Lasaiago eta egonkorrago dago, eta gorabehera gutxiago ditu». Ados zaude?

Bai. Duela bi urte Bidasoara iritsi nintzenean, Jacobok esan zidan boladaka jokatzen nuela: hiruzpalau gol sartzen nituen jarraian, eta segidan bi huts egin. Hori orekatzen joan naiz. Ahalegindu behar naiz partida guztietan 7-8ko maila ematen. Badakit hutsak egingo ditudala, halakoa baita nire izaera, baina heltzeko modu bat ere bada, hutsetatik ikasten baita.

Sobera duzu denbora ikasteko. 20 urte besterik ez dituzu.

Bai, baina kirolariek gero eta lehenago egiten dute jauzi. Nik lasaitasunez eramaten dut: gaztea naiz, eta urte pila bat dut ikasteko. Nire helburu nagusia jokatzen dudanean ahalik eta ondoena aritzea da. Baina barneratua dut sasoi honek asko ikasteko balioko didala.

Igarri duzu erantzukizun handiagoa duzula taldean?

Bai. Aurreko sasoian, bi jokalari nituen aurretik eskuin albokoan; orain, ordea, bakarra dut, eta ia partida guztietan jokatzen dut. Alde handia da. Duela bi urte asko jokatu nuen, baina ez zen errealista; lesioengatik izan zen. Azken sasoia, ordea, errealagoa izan zen, eta gutxiago jokatu nuen. Presio handiagoa dut orain, baina ez du nire jarduna mugatzen.

Psikologia ari zara ikasten. Horrek mesede egingo dizu.

Bai, gainera, kirol psikologia gustatzen zait gehien. Aurreko sasoian kirol psikologo batekin aritu nintzen, eta mesede egin zidan.

Bidasoarekin sinatu, Asobal ligan eta Europan jokatu, Espainiako selekzioarekin gazte mailako Europako txapeldun izan... Hori dena egin duzu bi urtean. Asko da denbora gutxian?

Bai. Jacobok beti azpimarratzen dit edozein jokalarik ezin duela esan Fuechse Berlin, Wisla Plock eta Sporting Lisboaren aurka jokatu duela. Baina horri erretiroa hartzean emango diot garrantzia. Orain, ez. Orain ahalik eta esperientzia politenak bizi nahi ditut.

Nola edo zeinek laguntzen dizu hori guztia barneratzen?

Nik neuk, lagunek eta familiak. Argi dut nondik natorren: Ereintza taldetik. Ni oraindik mutil bat naiz, urte asko falta zaizkit jokalaria izateko. Oraindik ez naiz inor.

Zein izan da unerik onena goi mailan ari zarenetik?

Bat baino gehiago daude. Polita izan zen Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketa irabaztea. Bidasoarekin, gogoan dut Sinfinen pistan jokatu genuen partida bat: ondo aritu nintzen. Oroitzapen polita dut lehen denboraldiaz ere; zailtasun asko izan arren, aurrera egin genuen.

Eta txarrena?

Aurreko sasoian Malagak Kopatik kanporatu zigunekoa. Gazteok aurrerapausoa eman behar genuen, eta ez zitzaigun ezer atera. Min egin zidan, eta gerora, konfiantza pixka bat galdu nuen. Lehen sasoia oso polita izan zen, baina kirolean ere une txarrak daude. Batzuetan goian egongo zara, eta beste batzuetan, ez. Une horietatik ikasi beharra dago.

Ametsik baduzu?

Txapeldunen Liga jokatzea. Askotan ikusi dugu etxean Lauko Finala [aita eskubaloi jokalari eta entrenatzaile izan zen, eta anaia, Ereintzan ari da jokatzen]. Lehiaketarik kutunena dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.