Final handi bat jokoan Londresko Wembley estadioan herenegun iluntzean, Ingalaterrako Ligako Kopakoa. Chelsea eta Manchester City parez pare. Minutu eskas bat falta da oraindik luzapena amaitzeko. Hutsean daude. Penalti jaurtiketak, gertu. Min hartu du, edo minez da Kepa Arrizabalaga Chelseako euskal atezaina (Ondarroa, Bizkaia, 1994). Ematen du ez dela gauza jokatzen jarraitzeko. Joan zaizkio masaje emailea eta medikua, osatzen laguntzera. Handik metro gutxira, Londresko taldearen aulkian, erabakia hartu du Maurizio Sarri entrenatzaileak: atezaina aldatuko du. Prest da Willy Caballero argentinarra. Kepak, orduan, keinua egin dio Sarriri, kopeta erabat belztuta: ezetz, bera ez doala aulkira, ondo dagoela adieraziz hatz lodia gorantz jarrita. Sarri, sutan, atezainaren jarrerak gainezka eginda, aldagelara doa, bere agintea azpiratu baitio jokalariak. Damutu, eta itzuli da aulkira entrenatzailea. Epailea Keparen albora joan da, azalpen eske. Baietz, jokatzen jarraitu nahi duela. Araudiari so, epaileak jokoari jarraitzeko agindu du, jokalari bat ez baitago zelaia uztera behartuta nahi ez badu. Penalti jaurtiketak segituan: Kepak bakarra geratu du, haren taldekideek bi huts egin dituzte, eta Chelsea koparik gabe geratu da.
Partida amaieran denak zain ziren zer esango entrenatzaileak eta atezainak. Sarri lasai mintzatu zen, gertakariari garrantzia kenduz. Baina zorrotz ere bai Keparekin: «Gaizki-ulertu handia izan da. Ez nuen atezaina erdizka egotea nahi penaltietan, eta aldatzea erabaki dut. Medikuak gero esan dit Kepa ondo zegoela, zelaitik itzuli denean. Zain egon behar nuen. Kepak ondo egin du, baina bide okerra hartu du». Handik gutxira eman zuen iritzia Kepak, baina sare sozialetan: «Nire asmoa ez da izan entrenatzailearen agintea edo erabakia ezbaian jartzea. Gaizki-ulertua izan da, final handi batean eta bihotz taupadak oso bizi geneuzkala gertatua. Damu naiz emandako irudiarekin; ez zen hori nire nahia, eta barkamena eskatzen dut».
Horra gertakari objektiboa. Horra errealitatea. Zelai askotan, makina bat partidatan ikusia: jokalaria minez, entrenatzaileak aldatzea erabaki, eta jokalaria, zain egoteko eskatuz, ondo dagoela. Halakoetan, batzuetan, entrenatzailearen erabakiak izaten du indarra, eta jokalaria aldatzen du. Beste batzuetan, aldiz, entrenatzaileak kasu egiten dio jokalariari, eta zelaian uzten du.
Londresko gertakariari, baina, egundoko garrantzia eman dio iritzi publikoak: Anarkia, matxinada, lotsagarria... Horra lerroburuetako batzuk. Bi protagonistek azalpenak eman bitartean, asko piztu zen iritzien sua, eta denek edo ia denek hari hau hartu zuten sugai: Kepa Sarri entrenatzailearen erabakiaren eta agintearen gainetik jarri zen, eta hori oker handia da futboleko talde batean. Sua hainbesteraino pizteko, bada azaldu beharreko egoera bat: Sarriren lana kolokan dago Chelsean. Baita jokalarien aurrean duen agintea zenbaterainokoa den ere. Ez da kontu berria Roman Abramovitxen taldean. Urteak omen dira taldean ez dela giro. Jokalariak jaun, eta haiek jabe. Testuinguru horretan egin behar da herenegun gertatu zenaren ondorengo azterketa.
Ez horretan bakarrik, ordea. Askoz sakonagoa ere bada auzia. Kontu jakina da egungo jokalariek zer-nolako estatusa daukaten talde eta klubetan. Milioi askoren jabe, dirua erraz eginda, gizartearen aurrean giza talde ukiezin gisa azalduak izaten dira. Futbolaren oihartzun eta garrantzi neurrigabekoaren adierazpide garden askoa da hori. Milioika zaleren idolo, sekulako boterearen jabe sentitzen dira, eta eman ere egiten zaie botere hori kluben aldetik. Ez al du indarra galdu entrenatzaileak jokalarien aurrean? Ez da batere dudarik lehengo aldean hala izan dela. Kepak aldaketari uko egitearen atzean jokatzen segitzeko nahia bakarrik dago, ala badago entrenatzailearen gainetik dagoela uste izatetik zerbait ere?
Beste ertz gehiago ere baditu gaiak. Zeinen esku daude orain aldagelak? Kepak gauza bera egingo al zuen taldekide John Terry eta Frank Lampard izan balitu? Marcelo Bielsak Athleticeko jokalariei esandakoak ere badatoz burura halakoetan: «Aberats goiztiarrak zarete zuek».
Kepa Arrizabalaga
Gaizki-ulertuaz haratago
Kepa Arrizabalagak min hartu zuen Ingalaterrako Ligako Kopako finalean, penaltien atarian. Maurizio Sarri Chelseako entrenatzaileak hura aldatzea erabaki zuen. Baina muzin egin zion aginduari. Gaizki-ulertua izan zela esan dute biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu