Gaizki hasi eta gaizki bukatu

Urdaibaik bota egin du Joseba Fernandez, «emaitzengatik», eta Aitor Altzibarrek ordezkatu du

Anton Uriarte Urdaibaiko ordezkaria eta Joseba Fernandez, iaz, Kontxako Banderan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Hemendik hilabete baino lehenago amaitu behar zuenak aurreratu egin du data, eta Joseba Fernandezen aroa atzo amaitu zen Urdaibain. Entrenatzaile pasaitarra kargutik kentzea erabaki zuen zuzendaritzak, «kirol emaitzengatik», ohar batean azaldu zuenez. Aitor Altzibarrek ordezkatuko du, KAE 2 ligan laugarren den B ontziko arduradunak.

Duela hamabi egun jakin zen Fernandezek esana ziola zuzendaritzari ez zuela Bermeon (Bizkaia) segituko datorren sasoian.«Hobeto da nik uztea, taldea hautsi baino lehen. Arraunlariek ez dute nire mezuan sinesten». Agustin Aranbururen zuzendaritzak azaldu zuen onartzen zuela erabakia, eta «denboraldia ahalik eta ondoena amaitzeko» nahia azaldu zuen. Ontzia, baina, ez da zuzendu, eta orain etorri da klubaren erabakia. Bertsio nahasiak ere badira tartean, ordea; Fernandezek berak, atzo, Euskadi Irratiari esan zion ez duela «zentzurik»egoerak: «Berritzea eskaini zidaten duela gutxi... Pena handia dut horrela amaitu delako».

Nolanahi ere, ez da harritzekoa kirol emaitzak aipatzea erabakiaren eragile gisa. Urdaibai aspaldiko udarik txarrena ari da egiten: ez du ezer irabazi Eusko Label ligan; seigarrena da sailkapenean, Orio liderretik 44 puntura; eta azkar geratu zen lehiaketa laugarren urtez segidan irabazteko aukerarik gabe. Udako poz bakarra Bizkaiko Txapelketan izan du.

Liga nagusiko estatistiketan, beste hiru urtetan azaltzen da Urdaibai garaipenik gabe: 2003an, 2005ean eta 2009an. Bakarrarekin, berriz, bitan: 2006an eta 2012an. Aspaldiko emaitza txarrenak ditu, beraz, Bermeoko klubak, eta Kontxako Bandera ate joka dela, zirt edo zart egin du zuzendaritzak, asteburuko Galiziako bi estropaden atarian.

Aurrekariak izan dituzte

Ez dira berriak halako egoeretan Urdaibai eta Joseba Fernandez, aurretik egondakoak direlako trantze berean. Bermeotarrek 2009ko uztailean kalera bota zuten Fran Gonzalez galiziarra. Iker Zabala etxeko arraunlariak eta orain Santurtziko entrenatzaileak ordezkatu zuen.

Fernandezek 2011n jasan zuen kargutik bidaltzearen estutasuna. Castron zebilen orduan, eta abuztu hasieran bota zuten kalera, han entrenatzaile lanetan zebilen laugarren urtean —lehen biak Juan Mari Etxaberekin batera—. Iker Gimeno patroiak hartu zuen Fernandezen lekua, orain Deustuko patroia denak.

Ez da oso ohikoa arraunean entrenatzailea denboraldi erdian kalera botatzea. Urdaibairen eta Joseba Fernandezen salbuespenez gain, azkenekoa oso berria da, aurtengo udan bertan. San Juan taldeko zuzendaritzak Juan Mari Etxabe kendu zuen, eta Jose Luis Korta jarri haren ordez. Lehenago, 2016ko ekainean, Donostiarrak Jose Ramon Mendizabal ipini zuen, Xabi Zabalaren lekuan, eta urtebete lehenago, Meira Galiziako taldeak Jose Ferral kendu zuen uztailean, Kike Lopez jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.