Mirza Teletovic. Caja Laboral Baskoniako jokalaria

«Gaizki egindako gauzei bueltak eta bueltak emateak ez du laguntzen»

Kapitaina da, Tiago Splitterrek taldea utzi ondotik. «Pauso txikiak» falta omen zaizkio Baskoniari gailurrera iristeko, eta baikor izateko eskatu du, «serio» ari direlako lanean.

Andoni Urbistondo.
Gasteiz
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Baskonia ez dago ondo, eta zergatik ez dagoen jakiteko asmoz jo du BERRIAk taldeko kapitainarengana, Mirza Teletovicengana (Jablanica, Bosnia-Herzegovina, 1985). Gimnasioan pisuak egiten aritu da, baina antza denez, egindako ariketetan ez du barruan duen adrenalina guztia askatu. Ez dator bat kazetariak taldearen ustezko une txarraren inguruan egin duen analisiarekin, eta tarteka haserre samar sumatzen zaio.

Zer gertatzen zaio taldeari?

Zer gertatzen zaio ba?

21 partida jokatu eta bederatzi galdu dituela, Real Madrilen aurka galdu zuela azken jardunaldian, eta gorabeheratsu ari dela partida berean: batzuetan ondo, besteetan gaizki. Ez da ohikoa Baskonian.

Gauza bat esango dizut. Ez zait batere gustatzen komunikabideak guk zerbait gaizki egin zain egotea, gu kritikatzeko. Horrek ez digu batere onurarik ekartzen, mesederik egiten. Partida dezente galdu ditugu, bai, baina Top16an gaude azken jardunaldia jokatu aurretik. Real Madrilen aurka galdu dugu, bai, baina haiek ere jokatzen dute, eta talde ona dute. Nik neuk ere onartzen dut falta zaigula, baina hobetzen ari gara. Ni Gasteizen nagoenetik, taldea beti izan da lehiakorretan lehiakorrena, eta konfiantza eduki behar da gurekin.

Haserre samar sumatzen zaizu komunikabideekin.

Ez, haserre ez, ez nago konforme, eta uste dut kritika horiek onura gutxi dakartela.

Taldeari zerbait falta zaiola onartzen duzu. Zehaztasunen bat emateko modurik bai?

Ez dakit. Ondo entrenatzen ari gara, eta berriak direnak gauzak ondo egiteko borondatez ikusten ditut. Gure sasoi puntu onenera iristen ari gara, eta lesioekin arazorik ez badugu, lortuko dugulakoan nago. Gaur-gaurkoz daukagun gabezia garrantzitsuena defentsa izan liteke, ez dugula asmatzen azken unea arte defentsa ona egiten.

Kaunasen irabazita zegoen partida galtzear egon zineten, eta Real Madrilen aurka ere aurretik zineten, baina partida hondarrean egin zizuen ihes garaipenak.

Bai, eta Khimkiren aurka irabazi egin behar genuen bai edo bai, eta irabazi egin genuen. Egia da Kaunasen bigarren zati eskasa egin genuela, eta galtzear egon ginela, baina lehen zatian 20 puntuko aldea atera genien lituaniarrei, eta bere etxean. Esadazu zenbat taldek lortu duten azken urteetan halakorik: etxetik at atsedenaldirako 20 puntuko aldea lortzea. Horrek hain txarrak ez garela esan nahi du, eta Europako talde onenetakoa izateko ez zaigula asko falta, pauso txiki pare bat baino ez.

Pauso txiki horiek eragin al zuten Zalgirisek luzapena behartzea?

Jakina. Gauza arraro bat gertatu zen, guk ere badakigu, 20 puntuz irabazten joan eta gero galtzeko zorian egotea ez delako normala. Baina lehen zati bikaina jokatu genuen, eta hori ere goraipatu egin behar da. Ondo egiten diren gauzek lagundu egiten dute, eta gaizki egiten direnei bueltak eta bueltak ematea ez. Ez nire ustez. Kaunasen gertatutakoa ere baliagarria izango da huts berak ez errepikatzeko.

Aurreko erantzunean esan duzu «pauso txiki pare bat» falta zaizkiola taldeari Europako onenetakoa izateko. Jende asko hori irakurri eta harrituta geratuko da. Nola saldu daiteke jendartean mezu hori, emaitzak on-onak ez direnean?

Nik ez dut ezer saldu behar, pentsatzen dudana esaten dizut. Guk helburu jakin batzuk ditugu, eta pausoz pauso goaz, egunez egun taldea hobea izan dadin. Gauza batzuk gaizki egiten ditugula? Ba horiek aldatzen saiatu: hobeto defendatu, baloia hobeto gorde, erlojuarekin jokatu… Gauza txiki horiek aldatu behar dira.

Zure jokoa ere taldearena bezala dabil. Partida batean bederatzi hiruko saskiratzen dituzu, eta hurrengoan jaurtitako denak huts egin. Zer diozu?

Saskibaloian pasatzen den gauza normal bat dela, zer esango dut ba?

Zale batzuk Jainko baten gisa ikusten zaituzte, besteek berekoi samarra zarela.

Nik hor ezin dut sartu, zaleen babesa sentitzen dudalako. Norbera libre da nahi duena pentsatzeko, nik beti hobetzeko grina daukadala esan diezaioket. Ondo ateratzen da batzuetan, eta besteetan ez, ez zaio buelta gehiago eman behar. Bizitzako beste edozein arlotan bezala. Ni laguntzeko nago hemen, Baskoniarentzat kirol arrakasta lortzeko, eta horrela jarraituko dut. Baikorra naiz, baikorra izatea gauza ona da. Gauza txarrak bilatzea ez, eta gauza txarrei buruz jardutea ere ez.

Kirol emaitzen txarrean, abendua da, eta oraindik egoerari buelta emateko moduan dago taldea.

Horregatik iruditzen zait orain arteko porrotak ez direla hainbesterako. Begira, ni Gasteizen nagoenetik denetarik ikusi dut. Izan dira denboraldiak non gure jokoa Europako onena zen, eta ez genuen ezer irabazten. Beste sasoi batean, agian ez duzu hain ondo jokatzen, baina tituluak irabazten dituzu. Pasa den denboraldian gertatutakoa gogoratzea, onena. Taldeak kale egin zuen Kopan, kale Lauko Finalaren atariko kanporaketan, baina ligan, ezinezkoa zirudiena lortu zuen, eta Bartzelona 3-0 menderatuz. Partida garrantzitsuak datozenean, irabazteko grina, desioa edukitzea dira funtsezkoak, joko onaren edo txarraren gainetik, eta Baskoniak, kirol talde moduan, dohain hori baduela esango nuke.

Asko esan eta entzuten da iritsi berrien inguruan, espero baino ekarpen apalagoa egiten ari direla.

Zenbatekoa izan beharko luke ekarpen horrek? Baskonia talde handia da, talde txapelduna. Exijentzia gorena da, eta dinamika hori duen taldean sartzea ez da erraza. Baskoniaren sisteman sartzeko sakrifizioa behar da aurrena, eta defentsan hobetzeko grina, gogoa erakutsi, ondoren. Grina edo gogo hori ez badaukazu, edo erakutsi ez badizute, zaila da hilabete gutxi batzuetan ohitura horiek bereganatzea.

Zu taldeko kapitaina zara. Zer esaten diezu David Logan, Nemanja Bjelica edo Dejan Musli iritsi berriei?

Beraiek profesionalak dira, hori hasteko. Nik, niri gertatu zitzaidana azaltzen diet. Ni, iritsi nintzenean, apenas jokatu nuen. Orduak eta orduak eman nituen aulkian, begira, eta gaur, egoera ezberdina da. Niri talde dinamikan sartzea nekeza egin zitzaidan moduan, eurei ere nekeza egingo zaie, baina saiatzen badira, sartuko dira. Jokalari onak dira.

Gaur Partizan. Zein da taldearen helburua, garaipena lortzea edo beste emaitzekin jokatzea?

Guk gurea egin behar dugu. Irabazi, multzoko bigarren postua lortzen saiatzeko, eta gero gerokoak.

Baina litekeena da 3. edo 4. postuan sailkatuta Top16ko multzoa samurragoa izatea.

Ez dut uste. Normalean, ekuazioa honako hau izaten da: ligaxkan orduan eta sailkapen hobea lortu, orduan eta Top16 samurragoa. Denboraldi honetan ere antzekoa gertatzea da normalena.

Denborarik hartu al duzu Top16an parean izan dezakezuena begiratzeko, edo urrun ikusten duzu oraindik?

Elkarrizketa honetan argi utzi dut partidaz partida joatea komeni dela, urrutira begiratu gabe. Orain lehen ligaxka bukatuko da, eta gero hilabete osoa daukagu Top16a aztertzeko. Lasai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.