Errugbia

Gaitzespena eragin du Miarritzek indarkeria matxistagatik zigortutako bat fitxatu izanak

Miarritzeko Mutilak zaleen taldeak iragarri du ez dela Aguilerara joango Mohamed Haouasek taldean jokatzen duen bitartean. Jokalaria Clermontetik eta Frantziako selekziotik kanporatu dute bere bikotekidea jotzeagatik.

Miarritzek jokalariaren fitxaketa iragartzeko zabaldu duen irudia. @JBALDIGE
Paulo Ostolaza.
2023ko uztailaren 4a
17:03
Entzun

Mohamed Haouas (Le Havre, Frantzia, 1994) fitxatu izanak hautsak harrotu ditu Miarritzen. Errugbi jokalariari urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten joan den maiatzaren 30ean, bere emaztea jotzeagatik merkataritza gune baten kanpoaldean. Jokalariak Top 14ko Clermont taldean jokatu behar zuen datorren denboraldian (Montpellierren ibili da orain arte), baina talde horrek bertan behera utzi du hiru urterako sinatu zuten kontratua. Frantziako selekziotik ere kanporatu dute. Frantziako Errugbi Federazioaren iritziz, Haouasen portaera «onartezina da gure nazioa nazioartean ordezkatzen duen batentzat». Miarritzek, ordea, ez ikusiarena egin, eta bi urterako fitxatu du.

Bere emaztearena, gainera, ez da Haouasek epaitegietan izan duen afera bakarra. Bi zigor gehiago ditu, 2014ko bi kontugatik: iazko otsailean 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten tabako lapurreta batzuk egiteagatik, eta, aurtengo ekainaren 30ean, berriz, diskoteka batetik irten ostean izandako borroka bategatik zigortu zuten. Bere abokatuak erabaki horiei alegazioak jarri izan ez balizkie, kartzelan egongo zen orain. Printzipioz, epaileak udazkenean hartuko du azken erabakia.

Klubaren erabakiak gaitzespena eragin du Miarritzen. Maider Arostegi alkateak haserre hitz egin du. «Jota nago, Haouase fitxatu dutela eta. Begi bistakoa da jokalari bikaina dela, baina modu horretako jarrerek ez dute bat egiten kirolaren eta errugbiaren balioekin. Harritu egin nau Miarritzek Frantziako federazioarenaren aurkako erabakia hartu izanak», esan du Mediabask-i egindako adierazpenetan. «Kezka sortzen dit emakumeei eta gazteei bidaltzen ari garen mezuak».

Zalerik ez

Max Brisson senatariak, berriz, adierazi du jokalari hori fitxatu izana «irain bat» dela klubarentzat, haren historiarentzat, haren balioentzat, eta etorkizunean hango hezitzaile izango direnentzat: «Ez dago dena onartzerik».

Gainera, eskerrak eman dizkio Miarritzeko Mutilak zaletu taldeari. Hark gutun bat plazaratu du, esanez, Haouasek taldean jarraitzen duen bitartean, ez direla klubeko bazkide izango eta ez direla Aguilerara joango. Gainontzeko zaleei erabaki bera hartzeko deia luzatu diete: «Haouasen jarrera gure balioen erabat aurkakoa da, eta haiekin erabat bateraezina. Jokalari hori taldean dagoen artean, Aguileran ez da izango banderarik eta danborrik».

Beste aldean, Louis-Vincent Gavek, Miarritze errugbi taldeko presidenteak, gutun baten bidez erantzun die kritikei. «Badakit Haouas fitxatu izanak asaldatu egin dituela batzuk; agian, duela lau urte Steffon Armitage fitxatu genuenean baino gehiago [sei hilabeteko zigorra ezarri zioten hari indarkeria matxistagatik]», hasi da. Haserrea adieraziz hainbat mezu jaso dituela azaldu du, baina eskerrak eman dizkie idatzi diotenei: «Ulertzen dut jarraitzaileen sentimendua, baina ez nator bat haiekin».

Zergatia esplikatu du: «Gure gizartearen oinarririk garrantzitsuenetako bat barkamena da. Mohamed Haouas fitxatu aurretik haren emaztearekin hitz egin genuen, eta eskerrak eman zizkigun berriz hasteko aukera bat emateagatik. Horrek ez du esan nahi gertatutakoa gaitzesten ez dugunik; gure gertukoak, ordea, ez ditugu epaitu behar. Pertsona bat errudun izan daiteke, eta zigorra merezi du, baina inoiz ez da erabat gaiztoa izango. Bekatua higuingarria da, bekataria ez», amaitu du.

Borrokalaria

Kirol ikuspegitik bakarrik begiratuta, Haouas fitxatzea ikusgarria da gaur egun bigarren mailan dagoen Miarritzerentzat. 1,85 metro eta 123 kilo den jokalariak sei urtez jokatu du Top 14an Montpellierrekin, eta hamasei bider Frantziako selekzioarekin, berriki kanporatu duten arte. Ondo bidean, irailean Frantzian jokatuko den Munduko Kopan izango zen.

Zelaian ere borrokazalea da 29 urteko jokalaria: 2020. urtean hiru asteko zigorra ezarri zioten Eskoziako selekzioko jokalari bati ukabilkada bat emateagatik, eta, aurtengo otsailean, Frantziako selekzioarekin bi aldiz txartel gorria ikusi duen lehen jokalaria bilakatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.