Gainera, arma ezkutua du

Txapelduna da. Errekor bat besteari kateatzen dabil. Eta deskuiduan lehiak itsusten badira, Golden State Warriorsek bitxikeria batekin erantzuten du.

2015eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
«Zorte on. Azkarregiak gara, aldakorregiak». NBAren marketinaren ezaugarri funtsezkoa den harropuzkeriarekin erantzun zien Klay Thompson eskoltak kazetariei, Golden State Warriorsek larrialdietarako gordetzen duen baliabidea nola indargabetu galdegin ziotenean. Baliabide atipikoa eta eutsiezina baita, jakingura eragiteko modukoa.

Stephen Curry, Thompson bera, Andre Iguodala, Harrison Barnes eta Draymond Green elkartzea da arma sekretua. Bostetatik garaiena Barnes da, apenas bi metro oinetakorik gabe. Saskibaloian anatema zirudiena abantaila bihurtu du bostekoak: pibotik gabe bakarrik ez, saskipeko lanean espezialista den inor gabe ere aritzea. 60 minutu pasatxo bakarrik eman dituzte juntu kantxan azaroan, hemeretzi lehietatik gutxi batzuei tankera bihurria hartutakoan. Ia 90 punturen aldea atera diete guztira pareko bosteko ezberdinei. Beraiek jaurtiketen %65ekin asmatu dute, eta arerioak %40ra iritsi gabe geratu dira. Hori saioa egitera iritsitakoak, Golden Stateko kuadrilla horrek baloi andana ere osten baitu. Knockout punch deitu dio Luke Waltonek konfigurazioari. K.O. kolpea. Steve Kerr bizkarreko minetik osatu eta aulkira itzuli artean ari da Walton ordezkoa entrenatzaile moduan.

Curry ez ukitu, bero dago eta

Joan den ekaineko Clevelanden aurkako finala zuzentzeko baliatu zuen lehenbizikoz Kerrek Knockout punch. Parean antolatzaile bat (Curry) eta lau hegaleko (Thompson, Iguodala, Barnes eta Green) zeudela ikusita, David Blatt Cavaliersen prestatzaileak ez zuen kaskoa askorik berotu. Timofei Mozgov errusiarra —2,16 metro luze da— bihurtu nahi izan zuen bere estrategiaren erpin. Porrota azkarra eta erabatekoa izan zen. Golden Stateko bostek zulo guztiak ixteko bizkor duten ahalmenarekin, ez zioten Mozgovi saskiaren inguruan baloirik ukitzen uzten. Erasotzea tokatzen zenean, kankailu errusiarra erotu egiten zuten, hara eta hona Green korrika jarraitzera behartuta.

Pibotik gabeko bosteko baxuak ez dira gaurko asmakizuna saskibaloian. Knockout punch ezohiko egiten duena bere koordinazio perfektua da. Adituek Tim Duncan eta LaMarcus Aldridge —aulkian Gregg Popovich dela— elkartu dituen San Antonio Spursen aurka ikusi nahi dute, historiarako bostekoa dela deliberatu baino lehen.

Azkenaldiko sentsazioa bada, hori bai, Stephen Curryk berdin irabazten segituko lukeela taldekideak baztertu, harmailetan eserita dauden lau laguni deitu eta berarekin jokatzen ipiniko balitu ere. Herenegun, laurden bakarrean 28 puntu fakturatuta gogaitu zuen estu zaintzen ari zitzaion Charlotte Bobcats. 34 minutuan 32 puntuko batez bestekoarekin dabil oraingoz. Wilt Chamberlain eta Michael Jordani bakarrik erregistratu zaie, historian, hain ekarpen egundokoa hain erritmo frenetikoan. Hogei lehiatan 102 hiruko erdietsi ditu, bost partidako; asko, hamar metrotatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.