Gailurretik, itsasoa bare

Isuntzan eta Donostiarran emaitza onen gozoa ari dira dastatzen, bata Eusko Label ligara eta bestea Euskotren ligara igota. Igoera horiek bizi izan dituzte Osertz Aldai eta Iñaki Mendizabal entrenatzaileek.

Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Hego haizearen garaiotan, itsasoak badaki bare egoten batzuetan. Ederra izan ohi da gailurren batera igo eta ur putzu amaigabearen lasaitasunaz gozatzea. Gutxi-asko, balio beza alderaketak bi arraun elkarteren egoera irudikatzeko: Isuntza Eusko Label ligan dago joan zen igandeaz geroztik, eta Donostiarra, Euskotren ligan, kanporaketetan igoera lortu eta gero. Goiko talaiatik, bare ikusten dute orain denboraldian bizi izan dutena biltzen duen itsasoa.

«Gozatzen ari gara lorturikoaz», esan dute bi entrenatzaileek, Osertz Aldaik (Hondarribia, Gipuzkoa, 1976) eta Iñaki Mendizabalek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966). Lana ondo bete izanaren patxadak ematen duen bakearekin mintzo dira biak urtean eta udan egindakoaren inguruan. Isuntzaren kasuan, Aldaik oso atzera egin du urteetan: «Gure kluba izan zen Traineru Kluben Elkartearen sortzaileetako bat, 2003an, eta, bi urte geroago, jaitsi egin zen. Harrezkero, hainbat saialdi egin izan ditu maila nagusia berreskuratzeko, eta, azkenean, aurten bete da nahi hori». Mendizabal ezin da hain atzera joan, iaz ureratu baitzen aurreneko aldiz emakumezkoen Donostiarra trainerua, eta aurtengoari begiratu dio: «Hauxe izan dut lehen denboraldia talde honetan, eta uda hasieran pentsatu ere ez genuen egiten orain hainbesteko lorpenak izango genituenik».

Aldaik aitortu du taldean igotzeko gogoa bazegoela uda hasieran, eta gailurrera heltzeko zein bide hartu duten ere garbi asko azaldu du: «Patxadaz eta pausoz pauso joan behar izaten da. Azkenean, ilusio hutsa da uda hasieran esatea igotzeko aukerak dituzula, pauso asko eman behar baitira bitartean». Pausoak zehazten hasita, ondorengoak aipatu ditu: «Aurreneko nahia genuen KAE 1 ligako ohorezko txandan sartzea eta finkatzea. Hori lortu genuen, eta, gainera, banderak irabazi ditugu, lau. Gero, kanporaketa jokatzeko aukera ematen duten lehen bi lekuetan sartzea zen asmoa, eta bigarren egin dugu, Astilleroren atzetik. Azkena geratzen zitzaigun, kanporaketarena, eta hor ere asmatu dugu gauzak ondo egiten».

Mendizabalek uda hasieran buruan zer ote zuen berak azaltzea onena: «Jokatu genituen estropada batzuk ETE ligakoak, baina ez ziren puntuagarriak. Probak egiteko erabili nituen, ontzia nibelatzeko eta abar». Heldu zitzaien, halako batean, ETE ligako lehen jardunaldi puntuagarria, eta zeinek irabaziko eta Donostiarrak, non eta etxean: «Garaipen horrek sekulako indarra eta konfiantza eman zion taldeari, eta orduan hasi ginen pentsatzen beste lorpen batzuetan». Baina oinak lurrean izanda betiere: «Bigarren jardunaldian Hibaikak irabazi zuen, eta Deustu ere gainean genuen». Aurkariek eman dieten estutuari heldu dio bere taldearen garaipenari balioa emateko: «Ligan, hamabitik zazpi bandera irabazi ditugun arren, ez da erraza izan aurrena izatea, eta batzuetan dezenteko estutasunak ere izan genituen».

Udako azken lanak geratzen zitzaizkien Isuntzari eta Donostiarrari: kanporaketa. Kezka handien estropadak, bi entrenatzaileek berretsi dutenez. Aldairen arabera, «lau aste asko dira gure liga bukatu eta kanporaketa jokatu bitartean. Lehiaketako bizitasuna galtzen da, eta ez dakizu kanporaketako lehen egunean nola ariko zaren. Bermeon, larunbatean, lehen jardunaldian, gure aukera alferrik ez galtzera atera ginen, eta dena biribil joan zitzaigun. Beste aurkariek ere ez zuten espero zen bezalako maila eman, eta, horri esker, ia erabakita utzi genuen gure igoera».

Mendizabal ere antzeko zalantzekin joan zen Bermeora, eta apaltasunez, gainera: «Ikusi nuen Hondarribiak kolpea hartu zuela Kontxarako ez sailkatuta, baina liga nagusian lehiatzeak eman ziezaiokeen beste ukitu bat. Ilusio txiki batekin joan nintzen irabazi egingo geniela». Bai lortu ere, eta alde handiz: «Halakorik bai ez nuela espero», onartu du. Donostiarrak ere, Isuntzak bezala, urrats handia egin zuen larunbatean igoera lortzeko, eta igandean, bikoiztu egin zuen alde hori, Portugaleten; zazpi segundotik hamabostera.

Aldai ere han zebilen uretan, emakumeen estropadaren atzetik gizonezkoena noiz hasiko zain. «Larunbatean, irabazteko asko eta galtzeko gutxi genuen bezala, igandean kontrako aldartean geunden, galduz gero dena galduko genuelako, baina ondo egin genuen lan, eta bezperakoa biribildu».

Biak dira segitzekoak

Uretako lanak poz algara betean bukatu eta gero, beste estropada batean murgilduko dira laster biak: datorren urtea prestatzen hasi behar dute. Biak dira oraingo lekuetan segitzekoak, «lotu gabe» duten arren. Aldaik «espero du talde ia osoari eustea». Garbi dauka bidea: «Isuntzak etxekoekin lan egiteko filosofia dauka, eta horretan segituko dugu. Taldea indartzeari ere ez diogu aterik itxiko».

Mendizabalek datorren urteko Euskotren liga aipatu du: «Garbi dago San Juanek, Oriok eta Arraunek taldeei eusten badiegu lan zailak izango ditugula, eta gustatuko litzaidake Arraunen parean ibiltzeko moduko taldea izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.