Ettore Messinaren agur iskanbilatsuaren ostean, Real Madrilen aulkian eser zedin Florentino Perez klubeko presidenteak Pablo aukeratu izanaren atzean Real Madrilen saskibaloi saila hiltzen uzteko borondatea ikusi zuten askok. Futbolaren itzalean bizkarroi defizitarioa zen saskibaloi saila, inoiz baino gehiago, garaikurrik dastatu gabe bost urte zeramatzana. Inor gutxik ikusten zuen curriculum apaleko Laso kaosean hain eroso zirudien taldeari behar zuen iraultza kopernikarra ematen.
Aurkezpenean «zaleek bere egingo duten estilo bat bilatuta» harmailarekin «konexio berezia» lortu nahi zuela esanez estreinatu zen entrenatzaile gasteiztarra. Donostian bekain asko altxatu zituen aldarria izan zen, Illunben Lasok lau urte luzez ikusleen xuxurla etengabeak pairatu baitzituen.
2003an, jokalari gisa hemezortzi denboraldiz zortzi hiritan asistentziak banatzeaz aspertu ondoren, Pamesa Valentziaren bigarren taldea zuzentzen hasi zenean aitabitxiz inguratutako susmagarritzat hartua izan zen. LEB2 ligan hamalau partida bakarrik zuzendu zituelarik, Joan Roig Pamesako presidenteak izarrez betetako taldearen lema eskaini zion. Igor Rakocevic, Antoine Rigaudeau, Dejan Tomasevic edo Fabricio Obertok osatutako poker garestiarekin esku gehiegi galtzen ari zela iritzita, martxoan kaleratu zuen zuzendaritzak.
Entrenatzaile gisa nortasuna topatu nahian urrats bat atzera egin zuen Lasok 2006an. Bizirik iraun nahian Torrelavegatik Santanderra (Espainia) aldatu berria zen Cantabria Lobosek lanpostua eskaini zion, LEB ligan. Lantalde apalak sailkapena goitik ikusi zuen udaberrira arte berarekin osorik eman zuen urte bakarrean, baina lesionatutako Cuthbert Victor ordezkatzeko gaitasun ekonomikorik ezak kanporaketetako oilarrei lanak emateko aukera zapuztu zuen.
Lehiaketa berera jaitsitako Bruesa Gipuzkoa Basketen helburu askoz handinahiagoa ezarri zioten Lasori. Porfi Fisacekin galdutako ACB estatusa lehen ahaleginean berreskuratu beharra zegoen. Eskatu eta egin, Caceresen erdietsi zuen jomuga, Andy Pankok eta Bernard Hopkinsek lagunduta. Hurrengo hiru urteetan ere ekainera ikasgai guztiak gaindituta iritsi bazen ere, Illunbeko ikuslegoak ere susmagarri bihurtu zuen gasteiztarra. Bulegoetan fitxatzen ziren jokalari itxurosoak behar bezala ez zukutzea zen zale marmartien salaketa etengabea.
Arrisku salto bikoitza egin eta basamortuan zebilen Real Madrilera iristean, klubaren helburuak betetzearena ez ezik, entrenatzaile gisa bikaintasunera heltzearen presioa ere ipini zion Lasok bere buruari. Kirol arrakasta eta ikuskizuna uztartzen saiatzeko beharrezkoa den kuraia lortu nahi izan zuen, eta emaitzak aldekoak izan dira Real Madrilekin.
Lehen egunetik, norgehiagoketan baloia ohi baino kontrolatuago edukitzea lortu nahi izan zuen. Kanpoaldeko ale azkarrei pibot fisikoki ahaltsuak eta mugikorrak batzea gustatzen zaio joko antolatzaile ohiari. Defentsa oldarkorrei eraso biziek jarraitzen diete, eta, erritmoa jaits ez dadin, aulkia sarri mugitzen du Lasok, etxetik prestatuta ekarriak diruditen errotazio errepikakorrekin.
Madrilen daramatzan hiru sasoietan, lantaldea berak diseinatutako ezaugarrietara moldatu dio zuzendaritzak. Eransketarik deigarriena Rudy Fernandezena izan da, baina Jaycee Carroll,Marcus Slaughter eta antzeko bigarren mailako piezak funtsezkoak dira bilduman. Nikola Miroticen eta Sergio Rodriguezen loratzearekin tituluak iristen hasi ziren, denboraldi perfektu honetara iritsi arte. Sekula Europan aritu den makina gupidagabeena da Real Madril: Illunben igande arratsean irabaziz gero, 31. garaipena pilatuko du jarraian.
Euroliga jomugan
Halere, udaberrian Real Madril Euroligako Lauko Finalera bere karrozeria distiratsuan zartaturik jasan barik iritsiko balitz ere, ez da faltako begirada ezkorrik. Vassilis Spanoulisen lehen erreskada edo Zeljko Obradovicen ezusteko azpikeria taktiko bat nahikoa izango dira buru asko aulkirantz jira daitezen. Horrelakoak saihestearekin, susmagarri ospea ere uxatuko luke Lasok. Azkenean, eta merezi baino askoz geroago, ziur asko.
Gailurrean ere, susmagarri
Astero markak txikitzen ari da Pablo Laso Real Madrilen. Taldeak ez du galdu denboraldi honetan eta 30 partida irabaziak ditu. Igandean 31. garaipena lortu nahi du, Donostian, talde ohiaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu