Lysa Tchaptchet eta Nerea Pena

Gailurrean daude

Lysa Tchaptchetek eta Nerea Penak Txapeldunen Liga irabazi berri dute Vipers Norvegiako taldearekin. Sasoia hasia zela iritsi zen Tchaptchet, baina oso ondo egokitu da, eta gero eta gehiago jokatu du. Penak, berriz, ez du ia jokatu, lesionatuta baitago urritik. Aldeak alde, «oso-oso pozik» daude biak.

VIPERS KRISTIANSAND.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Astebete pasatu da jada, baina berdin dio. Emozioak borborka dituzte oraindik Lysa Tchaptchetek (Jaunde, 2001) eta Nerea Penak (Iruñea, 1989). Ez da gutxiagorako, Europako eskubaloi kluben arteko lehiaketa nagusia irabazi berri baitute: Txapeldunen Liga. Euskal Herriko emakumezko bakar batek lortu zuen: Izaskun Mujika pasaitarrak, 1997an, Osito L'Eliana Valentziako taldearekin (Herrialde Katalanak). 25 urte pasatu behar izan dira inork lekukoa har diezaion; mende laurden bat.

Vipers Kristiansad Norvegiako taldearekin egin dute balentria. Lehen denboraldia dute biek han. Oso bestelako bizipenak izan dituzte: Tchaptchet urrian iritsi zen, sasoia hasia zela, eta, asteek aurrera egin ahala, gero eta gehiago jokatu du; Penak, ordea, hiru partida besterik ez ditu jokatu, sasoi hasieran; ezkerreko belauneko lesio bat dela-eta, ia hamar hilabete daramatza jokatu ezinda. Aldeak alde, «oso-oso pozik» daude biak.

«Zirraragarria izan da. Ziur naiz ez naizela eginikoaz jabetuko urte batzuk pasatu arte; zenbat eta denbora gehiago pasatu, orduan eta balio gehiago emango diot lortutakoari. Oso zaila da Txapeldunen Liga irabaztea, eta nik irabazi egin dut. Sekulakoa da. Kosta egiten zait sinistea», dio Tchaptchetek.

«Magikoa»; halaxe definitu du Budapesten jokatutako Lauko Finalean bizitakoa. «Zaila da hitzekin azaltzea zer sentitzen den halako lehiaketa batean. Handia bada Txapeldunen Liga jokatzea, zer esanik ez Lauko Finala». Giroa nabarmendu du: «Oso-oso giro berezia dago: hotelean, kalean, pabiloian... Ez du parekorik».

Vipersek eta Gyorrek jokatutako finalak marka berria ezarri du: 15.400 ikusle izan ziren Budapesteko MVM pabiloian. Inoiz ez zuen horrenbeste jendek ikusi emakumezkoen eskubaloi neurketa bat. «Itzela izan zen. Hasieran, urduri nengoen, baina berehala ahaztu nintzen harmailaz. Gainera, horren kontzentratuta jokatzen dut, ez dut ia ezer entzuten». Etxean jokatuta, Gyorren aldekoak ziren zale ia gehienak. Baina horrek ez zituen Viperseko jokalariak kikildu. «Aitzitik, horrek are eta gehiago motibatu gintuen». Azkenean, festa zapuztu zieten etxekoei. «Eta gurea hasi zen. Sekulakoa izan zen. Niretzat, oso berezia izan zen ospakizuna, ama, ahizpa bat eta bi osaba baitzeuden harmailan. Zirraragarria izan zen haiekin ospatzea. Ez dut sekula ahaztuko».

Ez zuen kendu domina egun osoan. «Harekin egin nuen lo». Jada topatu dio tokia. «Amaren etxean dago, Atarrabian [Nafarroa]. Ondo gordeta dago. Sekulako altxorra da. Lan handia dago horren atzetik; handia eta oso ona. Horren erakusle da jokatu ditugun txapelketa guztiak irabazi izana: Txapeldunen Liga, eta Norvegiako liga eta kopa».

Berehala egin du atzera, duela hiru urte eskas, Beti Onak Atarrabiako taldean ari baitzen, Espainiako Ohorezko B Mailan. Elxek maila nagusian jokatzeko aukera eman zion bi urtez, hirugarrena hasi eta gutxira Vipersek deitu zion arte. «Oso azkar doa dena, baina gozatzen ari naiz. Gainera, dena ezin hobeto ari zait ateratzen. Oso gustura nago, eta taldea ere gustura dago nirekin: beste bi sasoirako berritu dut kontratua. Hori gutxi balitz, ahizpa maila nagusira igo da Beti Onak-ekin. Ezin dut gehiago eskatu. Tira, bai, aurki berriro Nerearekin jokatzea. Jokalari handia da, eta sekulako harremana dut harekin. Izugarri lagundu dit niri, baita taldeari ere. Ziur naiz elkarrekin jokatuko dugula».

Nahi eta ezin

Horixe nahi du Penak: berriro jokatu. «Oraindik falta zait berriz jokatzeko. Mina dut oraindik. Oso luze ari zait egiten, eta sufritzen ari naiz. Uztailaren 18an ekingo diogu denboraldiaurreari, eta gustatuko litzaidake ordurako osatuta egotea. Baina ez dakit», aitortu du.

Horrenbeste denbora darama lesionatuta, «zalantza» zuen zenbat gozatuko zuen taldeak lortutakoaz. «Uste nuen pistan egon gabe askoz gutxiago gozatuko nuela; uste nuen pistan ez egoteak eragindako amorruak gain hartuko zidala. Baina ez da horrela izan. Ez dit gain hartu ez ezkortasunak, ezta berekoikeriak ere. Oso-oso pozik nago».

Duela 11 urteko arantza atera du ere bai. 2011n, txapeldunorde izan zen Itxako Lizarrako taldearekin (Nafarroa). Gol bakar batengatik egin zion ihes tituluak, Larvik Norvegiako taldearen aurka. «Ordukoa ezberdina izan zen. Etxean jokatu nuen, Iruñean. Apalagoa izan zen dena. Hau, ordea, handi-handia izan da. Gainera, Budapesten irabazi dut, nire etxea ere bai [zazpi denboraldiz jokatu zuen hiriko Ferencvarosi Rail Cargo taldean]».

«Pozik» dago, apustua «ondo» atera baitzaio. «Vipersen egitasmoa aukeratu nuen banekielako benetako aukera nuela Txapeldunen Liga irabazteko. Itzela izan da horrela amaitzea. Oso harro nago talde honetan egoteaz. Zoritxarrez, lehen sasoia ez da izan nahi nuen bezalakoa. Beste modu batean bizi izan dut dena. Baina halakoak ere kirolaren parte dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.