«Gailur bat falta zaigu gainditzeko, hizkuntzarena»

2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Mendizalea adina euskaltzalea da Arrizabalaga. Biak uztartu eta zale atzizki hori modu aktiboan bizi duena: ahobizi, belarriprest, begierne; Euskal Herriko mendi ibilbideen dibulgazioan lan eskerga egin izan du, eta egiten du oraindik. Hizkuntza da Mikel Arrizabalagaren mimarria, mimoz lantzen duena, «tiki-taka, zizelarekin egunero-egunero», eta zinez harrobi emankorra da harena. Jada 400 ibilbide baino gehiago eman ditu argitara. Euskaraz beti. «Euskalduna naiz, euskaraz bizi naiz egunerokoan, eta mendia ere euskaraz bizi izan dut beti», dio, ere horretan azpimarra eginez. «Orduan, mendiaz idazteko orduan, zaila ez, ezinezkoa egiten zait gaztelaniaz idaztea. Ibilaldiaz euskaraz gozatzen dut, eta, beraz, txangoa berregitean, idaztean alegia, euskaraz egiten dut berriro. Hala egin izan dut beti BERRIAn, Pyrenaica-n, liburuetan eta leku guztietan».

Arrizabalagak beti euskaraz entregatu izan ditu bere lanak: BERRIAn idatzitakoak, nola ez, Pyrenaica aldizkarirako idatzitakoak, baita liburuak ere. Zenbaitetan —Migel Angulorekin batera Jaizkibeli eta Aiako Harriari buruz argitara eman zuen Cuadernos pirenaicos bildumako hura, adibidez—, gaztelaniara itzuli izan dizkiote, baina oraingoan Sua argitaletxeak apustua egin du, eta euskaraz argitaratu du Aiako Harria eta Jaizkibel gida. Arrizabalagak jatorriz idatzi bezala. Euskal Herria bildumako lehena da euskaraz, eta 55. titulua da. Bada hausnartzeko modukoa: mendi giroa oro har euskalduna izanik, Hego Euskal Herrian 50.000 federatu inguru egonik, mendiko gida eta liburu ia guztiak zergatik argitaratzen dira gaztelaniaz? «Badirudi, aisialdiari loturiko liburu hauetan, izan erosotasunagatik, izan ohitura faltagatik, askori errazago egiten zaiola erdaraz irakurtzea, batez ere adin batetik gora. Baina euskaraz hazi, hezi eta bizi diren gure seme-alabak, gure bilobak, hor daude; badago irakurle kopuru zabal bat gai dena produktu horiek euskaraz kontsumitzeko. Ea, bada, froga ondo ateratzen den eta joera aldatzen hasten den».

Sua argitaletxeak berak, pixkanaka, bide bati heldu dio, eta euskaraz eman ditu Robert Larrandaburu Pipas-ek idatzitako Xiberoako xendak, Carlos Velazquezek landutako Nafarroan eskalatzeko gida, Alex Txikon eta Pou anaien liburu narratiboak, euskal mendizaletasunaren historiari buruzko komikiak. Desnivel argitaletxeak euskaraz argitaratu zuen Iker Karrera, bidea ipar liburua... Bide bat da. «Nik beti esaten dut euskaldunok munduko mendirik garaienak igo ditugula, baina oraindik gailur bat falta zaigula gainditzeko, hizkuntzarena. Ea noizbait gailur hori ere zapaltzen dugun. Guk ez dugu ezagutuko, baina bidea egin dezagun. Beti urrats bat gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.