Gabonetako partida kolokan dagoela adierazi du federazioak

2017ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
EUSKAL SELEKZIOA. Gizonezkoen futboleko euskal selekzioaren azken partidan bildu zen ikusle kopuruak —15.000 inguru, San Mames estadioaren heren bat— gogoeta eragin du sektore eta eragile askoren artean, eta Euskadiko Futbol Federazioak ohar bat kaleratu du orain, azalduz aztertu egingo duela «Gabonetako ohiko partida orain arteko antolamendu baldintzetan ospatzea komenigarri den edo ez».

Abenduaren 30ean jokatu zuen euskal selekzioak, Tunisiaren aurka. San Mamesen bildutako ikusle kopuru urriak «atsekabe sakona» eragin dio federazioari, Luis Mari Elustondo presidentearen esanetan: «Partida hori antolatzeko esfortzu itzela egin arren, konturatzen gara proiektatu den irudiarekin ezinezkoa gertatu dela haren helburu nagusia betetzea; alegia, Euskadiko Futbol Selekzioaren inguruko batasuna eta gizarte babes handia». Herritarren eta Gabonetako partidaren artean «deskonexioa» gertatu dela aipatu du. «Etsipena» sumatu du gizartearen zati batean: «Gabonetako ohiko partida ez zaio nahikoa iruditzen ofizialtasuna lortzeko».

Horrela, Elustondok iragarri du federazioak eztabaida prozesu bat hasiko duela erakundeekin, alderdi politikoekin eta abarrekin. Horrez gain, Euskal Selekzioak FIFA datetan jokatzeko aukera babestu du.

Nolanahi ere, nabarmendu du euskal selekzioaren inguruko «eragile guztien batasunak» ahalbidetuko duela «helburua lortzeko bidean dauden oztopoak gainditzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.