Ez da gehiegizkoa esateaGipuzkoa Basketek bere historia laburrean izan zuen jokalari onena Andy Panko (Harrisburg, AEB,1977) izan dela. Balorazio subjektiboak alboratu nahi izanez gero, lotsarik gabe esan daiteke alderdi estatistikoan behintzat bai izan dela gehien nabarmendu dena, eta joan zenean zaleengan utziriko arrastoa taldean eginiko zuloaren tamainakoa izan zela. Urte eta erdi geroago, Andy Handia bere «bigarren etxera» itzuliko da gaur, Fuenlabradaren elastikoarekin, eta entzutekoa izango da pistara irtetean jasoko duen txalo zaparrada.
Denbora beharko du hegaleko gihartsuak partidaren aurretik Donostian utziriko lagun guztiak agurtu nahi baditu. Bost denboraldi egin zituen GBCn, 2007-08tik 2011-12ra arte. Urrezko LEB ligan hartu, eta titulurako kanporaketetaraino eraman zuen. Donostian osaturiko curriculuma harrigarria da, zeina azken sasoian ligako jokalari onenaren saria jasota borobildu zuen. Urte hartan bertan ACBko saskiratzaile onena izan zen, partidako 18,7 puntu sartuta. Marka bikaina, baina lau urteetan antzera ibili zen, 2008-09ko sasoian beste hainbeste puntu sartu baitzituen.
Donostian eginiko sasoi guztietako udetan, GBCtik irteteko eskaintzak izan zituen Pankok, baina Europan hainbeste itzuli eman ondoren, kostata aurkitutako lasaitasuna lehenetsi zuen. Tartean, eredu izaten jarraitu zuen, eta Gipuzkoa Basketeko edozein langileri galdetuz gero, beti goraipatzen dute Pankoren lanerako grina. Beti prest, beti sasoiko.
Bosgarren urtearen ondoren hautsi zuen Donostiarekiko kate afektiboa. Panathinaikosek sos asko jarri zuen mahai gainean, eta zale guztiek ulertu zuten Pankok joan beharra zeukala. Ezin zuen ezetz esan, baina iragan sasoia ez zen ona izan. Atenasen hasi, Malagan bukatu eta ekainean kontratua eten zion Unicajak.
Kutuna libre zen berriz, eta Donostian amets egin zuten harekin, baina GBCren diru kutxa ez da garai batekoa. Fuenlabrada ere babesle finkorik gabeko taldea da, baina eskaintza hobea egin zuen. Panko ez da apustu arriskatua, eta 36 urterekin oraindik ere bikain jokatzen du: 17 puntu eta lau errebote partidako, eta ia ordu erdi pista gainean. Jokaturiko azken hiru partidetan 25, 24 eta 21 puntu sartu ditu. Donostia utzi zuenetik izandako sasoi onenean itzuliko da Illunbeko hotzera. Haren taldea, ordea, ez dabil hain erregular, Gipuzkoa Basketek baino bi garaipen gutxiago lortu ditu, eta urrun du kopa. GBCrentzat, berriz, seigarren postua finkatzeko aukera ona da, lagun zaharra, Gabonetako bisitan, hori eragozten saiatuko bada ere.
Gabonetako bisita
Gipuzkoa Basketek Fuenlabrada hartuko du gaur, Illunben (20:00), eta, aurkariarekin batera, Donostiako taldeak bere historia laburrean izan duen jokalari onena itzuliko da: Andy Panko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu