HERRI KIROLAK. Aspaldi adostu zuten apustua, eta iritsi da eguna. Julen Gabirondo segalari urnietarrak eta Xabier Zaldua aizkolari zumarragarrak indarrak neurtuko dituzte gaur, Leitzako (Nafarroa) Martin Borda baserriko belazeetan, 17:30etik aurrera. Bi orduko lana egin beharko dute. Aurrena, aizkorarekin ariko dira: hogei kana-erdiko moztu beharko dituzte; jarraian, bi ordu osatzeko geratzen zaien denboran, segarekin ariko dira. Kilo gehien mozten dituena izango da garailea. Bakoitzak 6.000 euro jarriko ditu.
Biek oso argi dute estrategia: Zaldua, aizkolaria izaki, hogei kana-erdikoak mozten ahalik eta alderik handiena lortzen saiatuko da, inoiz ez baita segarekin lehiatu; Gabirondo, berriz, ahalik eta denbora gutxien galtzen ahaleginduko da aizkoran, haren diziplinan, segan, atzetik aurrera egiteko.
Zalduak eta Gabirondok azaldu dutenez, hilabeteak daramatzate apustua buru-belarri prestatzen. Eguraldi ona lagun, ikuskizun ederra espero da.
Gabirondoren eta Zalduaren arteko apustua, gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu