Ander Iturraspe. Athleticeko jokalaria

«Futbolean ezin da bizi egindakotik»

Argi du Manchester Unitedek ez duela esan azken hitza. Horregatik dio Europako Ligan aurrera egin nahi badute taldeak bere «nortasunari» eutsi behar diola.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Athleticen itxuraldaketaren adibidetako bat Ander Iturraspe da (Abadiño, Bizkaia, 1989). Bigarren mailako protagonista, lehen; aktore nagusia, orain. Taldeari oreka emateko eskatu dio Marcelo Bielsak, eta bikain jokatuz erantzun du. Ardurak hartzen joan den neurri berean hartu du pisua. Egun inork ez du ezbaian jartzen haren balioa.

Ahaztu duzue Osasunaren kontrako porrota?

Pena izan zen. Derbiak galtzea beti da mingarria. Gainera, taldea ondo dagoela uste dut. Baina ez daukagu denbora asko burumakur egoteko.

Azken derbi bietan zailtasunak izan dituzue. Baina, bi partiden artean, Old Traffordeko erakustaldia eskaini zenuten. Alde handia egon da ligako partidetatik Europako Ligakora.

Partida guztiak dira ezberdinak. Topikoa izan arren, egia borobila da. Nik uste dut Realaren kontra merezita lortu genuela garaipena; Manchester Uniteden kontra, berriz, oso ondo aritu ginen; eta Osasunaren kontra ez genuen ondo jokatu, baina aukera garbiak izan genituen. Azken hiru partidetan ikusi duguna da gorengo mailan bete-betean egin behar zaiola aurre norgehiagoka bakoitzari. Ezin da lo hartu.

Zein da une honetan Athleticen sasoia?

Ona da. Une gozoan gaude. Emaitzak ikusiz gero, bide onetik gaudela ondoriozta daiteke, baina horrek baino garrantzia handiagoa dauka taldea egiten ari den jokoak. Nire ustez, lehia gehienetan aurkaria baino gehiago izan gara.

Ez dakit Old Traffordeko neurketaz gozatzeko aukerarik izan duzuen, baina nola gogoratzen duzu partida ia astebete igaro ondoren?

Han egon ginen jokalari eta jarraitzaileek nekez ahaztuko dugun eguna dela uste dut. Niretzat gauza askorengatik izan zen garrantzitsua: 23 urte bete nituen egunean jokatu zen neurketa, Old Trafforden izan zen, irabazi egin genuen, familia harmailetan nuen… ez dut sekula ahaztuko. Hala ere, jokalariok ez gara egin dugunetik bizi, baizik eta egingo dugunetik. Hortaz, aurrera begiratu behar dugu. Horrelako egun bereziak sarriago errepikatzen ahalegindu behar dugu.

Ametsen Antzokiko gauza txar bakarra izan zen Manchester United bizirik atera zela.

Bai, hala da. Oso talde handia dela erakutsi zuen Manchester Unitedek. Ingalaterrako Premier League txapelketako egungo lehen sailkatua da, hain zuzen ere. Nahiz eta guk sekulako partida jokatu, bizirik atera zen. Adi egon beharko dugu.

Ezin zarete lasaitu.

Ez. Kontu handiz zelairatu behar dugu. Neurketa oso gaitza izango da. Nire ustez, kanporaketa zabalik dago. Gol bateko errenta daukagu, baina aurrean dugun taldea Manchester United da. Gure jokoa egiten badugu aukera izango dugu. Ezin dugu bidea galdu.

Erraza ez da ezer futbol profesionalean, baina goi mailako talde bat kanporatzeko aukera paregabea daukazue.

Bai. Badakigu aukera bikaina daukagula Manchester United kanporatzeko. Joanekoan osoemaitza ona lortu genuen futbolaren gotorleku batean, eta aprobetxatu egin behar dugu.

Manchester Uniteden kontraerasoa eta Wayne Rooney dira zaindu beharrekoak?

Duda barik. Joanekoan argi eta garbi erakutsi zuten ez daukatela inolako arazorik atzean sartu eta kontraerasoan jokatzeko. Beraz, ezin dugu baloirik galdu eremu arriskutsuetan.

Lehiaketa guztietan jarraitzen duzue bizirik. Ligan Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzea edo Europako Ligan bide luzea egitea izango da errazagoa?

Taldea gai da bi lehiaketetan lorpen handiak eskuratzeko. Ez dakit bietako zein lehiaketaren aldeko apustua egin. Egun, bi txapelketetan dugun guztia emateko asmoarekin jarraitzen dugu.

Athleticen 84 partida jokatu dituzu lau denboralditan banatuta. Horietatik erdiak, 42, sasoi honetan. Azken hilabeteotan zure egoera goitik behera aldatu dela erakusten du horrek.

Niretzat oso denboraldi aberasgarria ari da izaten. Konfiantza eman didate. Ez zen erraza hori pentsatzea joan den urtean gertatu zena ikusirik. Esker oneko berbak baino ezin ditut izan. Gainera, arlo pertsonalean lortzen ari naizenari taldearen sasoi ona gehitu behar zaio.

Zuretzat zer da Marcelo Bielsa?

Nire kirol ibilbideko mugarri nagusietako bat. Ez dakit zer emango dudan aurrerantzean, baina nire egoera nabarmen aldatu da.

Javi Martinez atzeko lerrora bidali du zuri lekua egitearren. Zure jokoan konfiantza erakusten duen xehetasun garrantzitsua da.

Asko erakusten duen gauza da. Guztiok dakigu zein maila duen Javi Martinezek. Nire aldetik, lan egitea baino ez zait geratzen.

Lehengo batean Lucho Fernandez futbolari argentinarrarekin alderatu zintuen Bielsak. Erasoan zein defentsan ondo aritzen den futbolaria zarela esan zuen. Lore handia da hori?

Aldagelan ere aipatu izan da inoiz. Txantxa ederrak egiten dizkidate taldekideek horren harira. Lutxo gertutik jarraitu dut bai Porton eta bai Marseillan aritu denean. Oso futbolari ona da. Beraz, jokalari batentzat ezin daiteke txarra izan norberaren izena argentinarraren parean ikustea.

Hala ere, izango duzu zer hobetu, ezta?

Asko. 23 urte egin berri ditut. Eskarmentua hartzen dudan heinean hobetu egingo dut. Hobetzeko gogorik ez badago, bidean geratzeko arriskua dago. Defentsan eta arlo taktikoan hobetu egin dut, baina asko falta zait oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.