Mikel Gonzalez. AEK Larnakako jokalaria

«Futbolaz gozatzen dut oraindik ere, beti egin dudan moduan»

Gonzalezek bi urterako kontratua sinatu du Zipreko taldearekin. Gustura egin du lehen hilabetea han, eta ondo egokitzen ari da taldera eta hirira. Andoni Iraola du entrenatzaile aro berri honetan.

BERRIA.
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Zaragozan denboraldi on bat egin ostean, Mikel Gonzalezek (Arrasate, 1985) AEK Larnaka Zipreko taldean jarraituko du bere ibilbidea. Hilabete darama han, eta dagoeneko partida ofizialetan ere hasia da talde berriarekin.

Zer moduz doa denboraldi-aurrea? Hasia zara lehiatzen.

Ondo. Segituan hasi gara partida ofizialekin, Europa Ligako sailkapenarekin. Hona uztailaren 10ean heldu nintzen, hilabete bat daramat hemen eta erritmoa hartzen ari naiz. Bi partida jokatu ditut Europa ligarako sailkatzeko. Egia esan, oso pozik nago.

Nola iritsi zitzaizun Larnakaren deia?

Hasieratik interesa erakutsi zuen Larnakak. Aurreko denboraldian Zaragozan oso gustura egon ginen, bai ni eta bai nire familia. Esperientzia oso ona izan zen hura eta beste urte baterako kontratua nuen Zaragozarekin. Asko kostatu zitzaidan joateko erabakia hartzea. Realetik irten aurretik ere banuen gogoa atzerriko esperientzia bat bizitzeko: beste hizkuntza bat, beste kultura bat... Eta aukera hau etorri zitzaidanean hona etortzea erabaki nuen.

Zer moduz etxetik urruntzea?

Ondo. Lehenengo esperientzia etxetik kanpo Zaragozan izan nuen; baina etxetik kanpo egon arren, gertu zaude, 300 kilometro inguru dira. Esperientzia hura oso ona izan zen, familia eta ni oso eroso sentitu ginen. Hitz onak bakarrik ditut Zaragozaz, klubaz eta hiriaz. Hau apur bat urrunago dago. Mundu guztiak ondo hitz egin dit hiriaz eta klubaz; oraingoz, oso ondo doa hemengo egonaldia.

Familia ere zurekin eraman duzu?

Bai, egun hauetan Arrasaten daude, baina urtean zehar hemen egongo dira nirekin.

Berriro futbolera itzuliz, zer moduzko taldea da AEK?

Taldekide asko ezagutzen nituen, euren kontra jokatu nuelako Lehen edo Bigarren Mailan. Espainiako ligan jokatutako jokalari asko daude. Toño Ramirez atezaina, nirekin Realean egon zena, taldekidea dut berriro. Multzo polita dago, maila oneko jokalariz betea, eta, alde horretatik, harritu egin nau taldeak. Aurreko denboraldian Kopa irabazi zuten, eta azken urteetan bigarren gelditu dira Zipreko ligan. Europa ligatik oso gertu gelditu ziren iragan sasoian; azken atarikoetan kaleratu baitituzte azken bi denboraldietan.

Zeintzuk dira taldearen helburuak?

Kopa txapeldun izanda, eta ligan bigarren gelditu ondoren, sasoi honetan ere hor goian ibiltzea izango da helburua. Europa ligari dagokionez, bigarren atarikoan hasi da taldea aurten, eta orain hirugarrena falta zaigu [Bihar jokatuko dute Austrian hirugarren atarikoko joaneko partida, Sturm Grazen aurka].

Zer moduzko giroa duzue?

Oso giro ona. Hona etortzeko erabakia hartu nuenean, giroari buruz oso ondo hitz egin zidaten, eta horrek animatu egin ninduen. Leku askotako jendea dago aldagelan: Txipreko jokalariak, brasildarrak, mazedoniarrak, Boli Kostako jokalari bat ere bada. Hemen daramadan hilabetean oso gustura sentitu naiz, egokitzapena erraza izaten ari da.

Ezagunak edukitzeak lagunduko zuen egokitzapenean, ezta?

Oso lagungarria da kanpora zoazenean bertan urte batzuk daramatzan jendea edukitzea. Taldekide batzuek bospasei urte daramatzate hemen, eta sor daitekeen edozein zalantzatarako ere mesedegarria da. Egokitzapen horretan taldekideak eta kluba oso gainean dauzkat, eskertzeko zerbait da. Asko ari zaizkit laguntzen.

Zipren greziera eta turkiera dira hizkuntza ofizialak. Zuek aldagelan zein hizkuntza erabiltzen duzue?

Oro har, ingelesa erabiltzen dugu, baina gaztelera ere asko entzuten da; izan ere, taldekideon erdiek baino gehiagok gazteleraz dakigu.

Andoni Iraolaren lehen esperientzia da entrenatzaile lanetan. Zer moduz ikusten duzu?

Oso ondo ikusten dut bere lehen urtea izateko. Nire ustez, lehenengo urtea beti izango da zaila, baina oso eroso ikusten dut lan berri horretan. Bera ere Ilusio handiarekin; erronka honetarako prest dagoela uste dut.

Zerk erakarri zaitu Zipretik?

Banuen kanpora irteteko gogoa. Europarako sailkatzeko aukera izatea motibazio bat da; txapelketaren bat irabaztetik gertu egotea ere erakargarria da. Alor profesionaletik kanpo ere alde on ugari ditu Ziprek: eguraldi ona dago, klima mediterraneoa, seme-alabek ere hemen heziketa ona jaso dezaketela esan zidaten. Horren guztiaren seinale da hona etortzen direnek urte asko egiten dituztela hemen.

Ari al zara Realari kasu egiten?

Ari naiz. Zaragozari eta biei kasu egiten diet hemendik.

Zer itxura hartzen diozu?

Realak oso talde ona du. Duela urte batzuetatik oinarriak ondo ezarrita dauzka; itxura ona hartzen diot aurten taldeari. Ikusi da aldaketa bat egon dela bai kirol zuzendaritzan bai organigraman. Jokalariei dagokienez, berriz, ez da egon horrenbesteko aldaketarik; denboraldi ona egingo du.

32 urte dituzu. Oraindik soka luzea gelditzen al zaizu?

Badakit geroz eta gutxiago gelditzen zaidala, baina hona etorri banaiz futbolean jokatzeko da. Futbola beti bizi izan dudan moduan, nire onena ematen. Gogotsu eta ondo nago; ondo ez banengo, ziurrenik ez nuke futbolean jokatzen jarraituko. Edo neure burua ez banu ondo ikusiko ez nintzateke Ziprera etorriko. Sasoi onean nago, bi urterako kontratua daukat Larnakarekin. Ez dakit noiz arte egongo naizen, baina oraingoz, hemen daramadan lehen hilabetean futbolaz gozatu egiten dut, beti egin dudan moduan. Garbi dut osasuna eta motibazioa dudan bitartean jarraituko dudala futbolean.

Erretiroa hartzean, futbolarekin lotuta jarraitzea gustatuko al litzaizuke?

Futbola niri betidanik gustatu izan zait, eta futbolean jarraitzea plazer bat izango litzateke niretzat, baina horretarako balio egin behar da. Eta horretarako balio dudan jakiteko, probatu egin beharko dut. Gustatuko litzaidake alor horretan hezkuntza bat jasotzea. Ilusio hori badaukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.