Rubiales

Futbolari eta kirolari askok egin dute Rubialesen aurka

Rubiales Espainiako futbol federazioko presidenteak ez duela dimitituko esan du. Futbolari eta kirolari asko bere aurka agertu dira.

2023ko abuztuaren 25a
16:23
Entzun

#SeAcabó (#BukatuDa) mezuarekin hautsi dute isiltasuna igandean Munduko Kopa irabazi zuten Espainiako selekzioko emakumeek. Rubialesek gaur ez duela dimitituko esan du, eta haren jarreraren aurkako mezua da. Alexia Putellas Bartzelonako jokalariak, 2021ean eta 2022an munduko jokalari onena izendatu zutenak, hautsi du isiltasuna X sare sozialaren bidez. Harekin batera beste kirolari askok defenditu dute Jennifer Hermoso jokalaria. Horien artean daude, besteak beste, Aitana Bonmati, Athenea del Castillo, Catalina Coll eta Olga Carmona. Irene Paredes legazpiarrak, Maite Oroz nafarrak, Nerea Eizagirre Realeko jokalariak eta Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalari ohiak ere Hermosoren aldeko mezuak igo dituzte sareetara.

Amaiur Sarriegi Realeko jokalariak Vilda selekzionatzailearen aurka egin zuen eta haren dimisioa eskatu zuen, Espainiako selekzioko beste jokalari askorekin batera. Sarriegik bere ekintza eta ideiei tinko eutsi zien, eta ligako jokalari onenetako bat izan arren, haren jarrerarengatik ez zen Munduko Koparako hautatua izan. Amaiur Sarriegik sareetan mezu bat igo du Rubialesen jarrera salatzen. Mapi Leon Bartzelonako defentsa, munduko onenetakoa den arren, Amaiur Sarriegirekin batera munduko txapelketatik kanpo gelditu zen, eta Hermosoren aldeko mezua igo du.

Mutilen artean ez dira hainbeste izan publikoki beraien iritzia eman dutenak. Betiseko lau jokalari izan dira Rubialesen aurka zerbait esan duten bakarrak, oraingoz: Borja Iglesias, Antonio Ruibal, Isco eta Hector Bellerin. Borja Iglesias aurrelariak esan du arazo eta gatazka hauek konpondu arte Espainiako selekzioan egoteari uko egingo diola. Iscok, orain dela pare bat egun argi utzi zuen Rubialesen muxua «botere abusua» izan zela. Ruibalek eta Bellerinek Instagrametako istorietan igo dute Ruibalesen aurkako beraien iritzia. Iker Casillas, Real Madrileko atezain ohiak ere «auzo-lotsa» idatzi du X sare sozialean.

Beste kirolari batzuk ere Rubialesen jarrera salatu dute. Maria Perez, ibilketan bi aldiz munduko txapeldun denak TVEn salatu du gertatutakoa. Andrea Vilaro, Ainhoa Lopez eta Maria Araujo saskibaloi jokalariek, berriz, X sare sozialera igo dute Hermosoren aldeko mezua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.