Futbolari eskertuta doa

Vanesa Gimbertek hunkituta eta malkoei eutsi ezinda esan dio agur futbolari. Etxekoak, taldekideak eta zaleak izan ditu gogoan

Vanesa Gimbert, atzo, hunkituta, Lezaman eman zuen agur prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
«23 urteren ostean iritsi da ordua. Duela urte batzuetatik ari nintzen erabaki hau atzeratzen.Ez nuen nahi egun hau iristea, ez baitut bizitza futbolik gabe ulertzen. Luzea izan da bidea, baina motza egin zait. Dena den, uzteko momentua da. Pozik noa, pribilegiatu bat naiz bizi izan dudanagatik, eta asko disfrutatu dut. Txikitan, auzoan, mutilekin futbolean jokatzen nuenean, neskato bat futbolari izatea pentsaezina zen. Orain, posible da, eta gainera, emakumezko futbolariak erreferente gara haur askorentzat».

42 urteko erdiko atzelariak duela aste batzuk iragarri zuen denboraldia amaituta erretiroa hartuko zuela, Athleticen bederatzi denboraldi egin eta gero. Baina noiz hartu zuen horretarako erabakia? «Egia esan, ez dago momentu jakin bat. Sasoi hasieran arazoak izan nituen orpazurdetan, eta kostatu egin zitzaidan erritmoa hartzea. Denboraldia aurrera joan ahala ikusi nuen momentua zela». Atzo, taldekideak eta Athleticeko presidente Aitor Elizegi parean zituela ezin izan zien malkoei eutsi. Hasieratik izan zen hunkigarria haren agurra. Jokalariak elastiko berezia zeraman soinean: bertan futbol zelai bat ageri zen, jokatu duen kluben izenak eta eskerrik asko hitza.

Hain zuzen, jokatutako klub guztiak izan zituen gogoan: «Taldekide, zuzendaritzako kide, entrenatzaile, langile... Deneklagundu didate bidean». Iñigo Juaristi Athleticeko entrenatzaile ohiari eskerrak eman zizkion. Hark fitxatu zuen talde zuri-gorrirako. «Urtero deitzen ninduen hona etortzeko eskatuz, eta hari esker bizi izan dut hau dena».Baina batez ere Athletici eman zizkion eskerrak. «Berezia, bakarra eta diferentea izateagatik, eta aukera izan dudalako klub hau sentitzeko, bizitzeko eta defendatzeko».

Etxekoentzat ere izan zituen hitzak. «Beti errespetatu dituztenire erabakiak, nahiz eta batzuek haiengandik gehiago aldentzea zekarten». Ez zuen ahaztu bere psikologoa ere. «Azken txanpa honetan ere ondoan izan zaitut».

«Harro» agertu zen urte hauetan izan dituen taldekideez. «Eskerrik asko bizi izan dugunarengatik,zuen errespetu eta maitasunagatik, eta garai zailetan eman didazuen babesarengatik. Zorte handia izan dut».

Orain, atsedena

Zaleak ere ez zituen ahaztu. «Jokatu dugun zelai guztietan topatu dugu baten bat. San Mamesen jokatu dugun aldiro hunkitu egin naute, eta ez dut sekula ahaztuko, azken liga irabazi ostean Bilboko kaleetan egin genuen ospakizuna». Hura izan da Athleticen bizi izan duen unerik onena. «Liga lortzetik harago, asko disfrutatu nuen, bai partidetan, bai entrenamenduetan». Arantzaren bat aipatzekotan, hauxe: «Zalantzarik gabe Kopa, oso gustuko dudan txapelketa baita».

Orain atseden hartu nahi du: «Athleticen Fundazioan lan egiteko aukeraz hitz egin nuen klubarekin, eta entrenatzaile titulua ere atera nahi dut. Baina orain udaz disfrutatu nahi dut, erretiroaren ideia barneratu, eta atseden hartu. Etxekoekin egoteko eta disfrutatzeko gogoa dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.