Lasaitu ederra hartu du Joseba Llorenteren buruak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979). Uda guztian une bakar batean ere ez zuen itzali sakelako telefonoa. «Baina ez zen iritsi ezer». Korrika saioa eginda iritsi da kazetariarengana, eta jokoan hain berezkoa zuen nerbio horri bere horretan eusten dio oraindik. «Baina ez, ez; futbolaren atea erdi itxita dago jada». Erdi horri azalpena emanda, «ia erabat» itxi du bide hori. «Zaila izango da itzultzea; oso zaila». Urteotan zaleek «izugarrizko indarra» eman diotela aitortuta, esker hitzak izan ditu denentzat.
Aurkezpenak egiten hasita... Joseba Llorente futbolaria, Joseba Llorente futbolari ohia...?
Oraintxe bertan, futbolari ohia. Azken momentura arte zain egon naiz betetzen ninduen zer edo zer agertuko ote zen. Baina, azkenean, ez da ezer gauzatu.
Pasatakoak pasata, zer moduz zaude zu?
Ondo, gustura eta lasai. Burua oso lasai daukat. Nire bizitzan beste etapa bat hasi dut orain. Azken bi urteotan ez dut eduki zorte handirik, baina nire azken bi urteei bakarrik begiratzen dietenei ez diet egiten batere kasurik. Joseba Llorente 14 urte zituenetik ibili da futbolean; hogei urte pasatu ditu bertan, eta hori ikusten duena bakarrik hartzen dut aintzat; beste guztiak, ez.
Zein izan da garairik gogorrena?
Urtero pasatu ditut une txarrak, leku guztietan erakutsi behar izan dudalako beste askok baino gehiago. Asko arraun egin behar izan dut. Lesio txarrak ere eduki ditut, baina horiek gogortu egin naute. Azken bi urteotan, jada, jendeak ez zeukan konfiantzarik nigan, eta hori ezin nuen jasan.
«Ikusten, Llorente jada ez da lehengoa». Gogorra izango da egunero horrelakoak entzun behar izatea, ezta?
Hori izan da futbola uzteko beste arrazoietako bat. Ez nuen nahi beste leku batera joan, eta, edozein izanda ere, hutsetik ez, zero azpitik bostetik hastea. Dagoeneko ez daukat adinik lehen egunetik denei azalpenak ematen hasteko. Kostatzen zitzaidan adierazpen horiek entzutea, baina... Jokatu ditut hamar minutu, jokatu ditut hamabost, askotan beroketak egin gabe edo gaizki eginda... Kirolari batentzat oso txarra da hori, eta nire kasuan are okerragoa, eduki nuen lesioagatik.
Hamar minutu jokatu eta tarte horretan dena erakutsi behar...
Bai... Baina horrela antolatuta dago hau. Futbolariak diru asko irabazten du, eta jakin egin behar du kontu horiek ere ondo barneratzen; presio horrekin bizitzen. Nik jakin izan nuen. Zirkulu horretan sartuta nengoen, eta guztiari aurre egin behar nion. Azken unera arte dena jasan dut, ez dut ezer esan; joan naiz, eta kito.
«Ondo entrenatzen da, eta gogo ikaragarria sumatzen diot, baina partida batzuetan nahi duela nabaritu arren, ez dela iristen ikusten dut». Gogorretik joan ziren Jose Luis Mendilibarren adierazpen horiek.
Aspalditik ezagutzen dut Mendi, eta badakit nola hitz egiten duen. Bere testuingurutik aterata dago dena. Lehen zortzi jardunaldi haietan, ni ez nenbilen ondo Osasunan, baina taldea ere ez; ni ez nintzen iristen, baina taldekideak ere ez. Orduan egin zituen adierazpen horiek, baina arazoa ez zen Joseba Llorente bakarrik. Baina, tira, ez dakit zeinek jarri zidan «Joseba ez dabil» etiketa hori, eta horri bueltaka hasi ziren.
Eibarren, Valladoliden, Osasunan... Mendilibar beti izan duzu oso kutuna. Jokalari berbera izango zinen haren ukiturik gabe?
Ez dut uste. Eibarrek fitxatu ninduenean, talderik gabe nengoen. Realetik atera ondoren, talderik ez neukanean, berak deitu zidan Bigarren Mailan jokatzeko, eta orduan hasi nintzen goraka. Dena zor diot Mendi-ri. Aurreko sasoian harekin garai txarrak igaro nituela? Tira, tentsio handia izaten da, eta gu ere zahartuz joan gara; jada ez gara 20 urteko gazteak. Baina Mendilibarri inoiz ez diot esango ezer txarrik; inoiz ez.
Ez Mendilibar eta ez Llorente, biotako inor ez dago jada Osasunan. Hitz egin duzu harekin?
Ez, ez. Gaizki hasi ziren, baina aurreko denboralditik Iruñean jende asko ez zegoen gustura Mendi-rekin, eta Osasunari gerta zekiokeen onena gertatu zitzaion lehen jardunaldietan: Mendi kargutik kentzea. Ikusten zen jada zuzendaritzak eta zale gehienek konfiantzarik ez zeukatela harengan.
Kike Sola Athleticera joanda eta Osasunak golak sartzeko daukan ezina ikusita, ez zeneukan lekurik talde honetan?
Ezetz ematen du. Baina ez dut eduki tokirik Osasunan, ez dut eduki Eibarren, ez dut eduki Alavesen, eta ez dut eduki inon. Udan inork ez zidan deitu. Numantziak bakarrik deitu zidan Espainiako Ligatik, eta atzerritik ere deitu zidaten. Baina ez neukan gogo askorik familia gehiegi mugitzeko.
Eibarrek ez zizun deitu, benetan?
Niri ez zait iritsi eskaintzarik. Gaizkarekin [Gaizka Garitano, entrenatzailea] konfiantza handia daukat, eta telefonoa piztuta eduki dut uda guztian.
Mendilibar kaleratu zutenean esan zenuen aldaketa eginda ere Osasuna ez zela sartuko Txapeldunen Ligan; ez zuela gehiago ematen.
Nik esan nuen Osasunak ez zuela ematen Txapeldunen Ligara iristeko lain; batzuek kontrakoa pentsatzen duten arren Mendilibar botata ere Osasunak ez zuela Txapeldunen Ligako maila emango. Osasunak oso argi dauka zer egin behar duen. Aurreko denboraldian ere ez geneukan talderik, ez geneukan ezer, baina Lehen Mailan berriz ere; eta talde asko gure inguruan eta Bigarren Mailan. Sasoi honetan ere, jokatzeko eran asko nahasten ez badira, Sadarrekin ez dut uste arazorik edukiko dutenik. Beti miretsi izan dut Sadarren jokatzea; izugarri gustatzen zait zelaia. %100 futbola da Sadar. Askori ez zaie gustatzen taldearen jokoa, baina ederra da.
Asko gozatu duzu futbolean, baina sufritu ere bai. Merezi du?
Nik ez dut sufritu, baina nekatu egin nau. Jendeak kalean esaten dit 'zer, futboletik erretiroa hartuta jada?'. Hamabost urte daramatzat egunero gorputza zorrotz zainduz, ostegunetik igandera futbola buruan; atsedena, elikadura... Futbola ez da arrauna; ez da bi hilabeteko denboraldia. Ia hamaika hilabete dira, oso luzea da, eta hainbeste urtean gauza bera egiteak nekatu egiten du.
Zuk lasaitu ederra hartuko zenuen futbola utzita, baina etxekoak ere ez dira izango oso haserre...
Asko sufritu dute haiek ere. Bai, oso polita izan zen Vila-realeko garaia; Txapeldunen Ligan aritu nintzen, Europan jokatu nuen, baina etxetik kanpo pasatzen nuen egun guztia, eta emaztea alabarekin egoten zen beti. Baina, tira, ez daukat kexarik ezerekin. Ikaragarri gozatu dut.
Zer dauka egiatik zure bizkarreko lesioak? Vila-realetik Realera min hartuta iritsi zinela esan zuten batzuek.
Ez dakit... Ahaleginik handiena bizkarreko lesio horren ondoren egin behar izan dut. Ordu askoko lana egin dut lesio hori ahazteko. Lesioaren ondoren hasieratik jokatu ditudan partidetan izugarrizko maila eman dut; beti gola sartu dut, eta gustura aritu naiz. Jendeak gauza asko esaten ditu, eta saiatu naiz kasurik ez egiten, baina beti iristen dira zurrumurruak. Indartsua izan naiz, kasta handia eduki dut, baina momentu horietan lotsagabe puntu bat falta izan zait. Azken bi urteotan ez dut eduki puntu hori zurrunbilo horretatik ateratzeko, eta poliki-poliki jan egin nau.
Krisi garai betean, Realak 2,2 milioi euro ordaindu zituen zu fitxatzeko, eta ilusio handia sortu zenuen.
Izugarria izan zen, izugarria. Partida asko jokatu nituen abendura arte, taldea Europako Ligako postuetan zegoen, Bigarren Mailatik igo berria zen Reala, eta inor gutxi zegoen jokatuta Lehen Mailan... Fitxaketa handia izan zen nirea, bazekitelako urte asko neramatzala futbol munduan. Ondo hasi bai, baina lesioaren ondoren taldeak berak ere behera egin zuen, eta...
Nihat eta Kovacevic, lehenengo; lesioa eta Montanierren erabakiak, gero; eta adina bera, azkenean. Beti zerbait falta azken pausoa emateko.
Ez zait batere inporta. Batere ez. Oso lasai nago. Zenbat jokalari pasatu dira nire ondotik? 200? 300? Hirugarren Mailatik ez dira pasatu horietako gehienak, eta asko ni baino hobeak. Jendeak asko hitz egiten du, baina niretzat txorakeriak dira. Egun Espainiako Ligan izugarrizko dirutza ordaintzen da edozein jokalari fitxatzeko, baina dirua galduz etorri nintzen ni Vila-realetik; ez nintzen etorri aberastera. Ez zen ondo atera eta kito. Ez daukat batere penarik.
«Noiz ez dakit, baina itzuliko naiz, eta arrakasta lortuko dut». Realetik irten zinenean esandakoak dira. Zale askori ez zaie ahaztu oraindik.
Hori zen nire intentzioa. Bete-betean ari nintzen entrenatzen, eta Osasunan ere dena eman nuen entrenamenduetan eta partidetan. Neukan ilusioa ez nuela bete? Pena. Bai. Baina zer gehiago esango dut? Azken bi urteotan bakarrik gertatu zaizkit gauza txarrak, baina Realak dena eman dit niri. Harrobian lanean aritu ziren askori esker izan naiz ni futbol jokalaria.
Futbolaren kontuak zer diren, Txapeldunen Liga hasi, bi partida jokatu, biak galdu, eta jendea urduri.
Horrela antolatuta dago hau, baina jokalariek lasai egon behar dute, eta gozatu. Agian, beste hamar urte igaroko dira Txapeldunen Ligara itzuli aurretik, eta, horregatik, gozatu behar da; hori bai, tamainan. Partida asko dira, liga ere hor dago, eta ligan despistatuz gero, zuloan sartzen zara. Taldea badago, baina lesioena ari da izaten txarrena. Geroz eta gehiago daude. Ikusten denez, azkenean ez naiz lesionatzen ni bakarrik; denak lesionatzen dira [barrez].
Zer da zailena liga, kopa eta Txapeldunen Liga elkartzen direnean?
Zailena? Manchester edo Getaferen aurkako partidek garrantzi bera dutela ulertzea. Ligan ere askotan gertatzen da Bartzelonaren aurka partida bikaina egitea, eta ondoren Betisen aurka, adibidez, 4-0 galtzea. Jokalariak eta zaleak ez dira berdin motibatzen, eta hori zen ulertzen ez nuena. Niretzat berdin-berdinak ziren Vila-real-Rayo eta Manchester-Vila-real. Amorru handia ematen dit partida jakin batzuetan jokalariak ez motibatzeak edo hanka ez sartzeak. Realak argi eduki behar du bete-betean jokatu behar duela beti.
Manchester, Bayer Leverkusen eta Xakhtar. Asko zaildu da egoera.
Lehen partidako hiru puntuak ia segurutzat zeuzkaten gehienek, eta joan egin ziren. Baina Realak esateko asko dauka oraindik.
Zure kirol ibilbide luzeko bizpahiru momentu on eskatuz gero?
Denak aukeratuko nituzke. Realarekin bigarren geratu ginen urtea; bi partida bakarrik jokatu nituen, baina gol bat sartu nuen, eta izugarrizko poza eman zidan. Eibarrekin ia-ia Lehen Mailara igo ginenekoa; hemezortzi gol sartu nituen. Valladolidekin igo ginenekoa, eta Lehen Mailan 17 gol sartu nituenekoa. Vila-realekin ligan hamabost gol, Txapeldunen Ligan lau eta Europako Ligan hamar sartu nituenekoa... Momentu on asko bizi izan ditut.
Gipuzkoan eta Euskal Herrian, oso gutxik lortu dute hori guztia...
Bai... Baina Joseba Llorentek lesioa dauka bizkarrean. Batzuentzat hori naiz.
Atzera begiratuta, aldatuko zenuke egindako zerbait? Edo egingo zenuke egin ez duzun zerbait?
Ez... Lasaiagoa izan banintz, ziurrenik ez nintzen izango jokalari berbera. Askotan gehiegi bizi izan dut futbola, eta Maitenak bakarrik jakin izan du hori, nire emazteak. Ostegunetik igandera, erotu egiten nintzen, eta, igandean partida galduz gero, mundua gainera erortzen zitzaidan berehala. Askotan jan egiten ninduen asteroko erritmo horrek.
Joseba Llorente. Futbolari ohia
«Futbolarekin ez dut sufritu, baina nekatu egin nau»
Realean eta Osasunan azken ostikoak eman ondoren, etxekoen babesean bizitzari beste zentzu bat eman dio Joseba Llorentek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu