Iraia Iturregi. Athleticeko entrenatzailea

«Futbolak memoria txikia dauka, eta teknikariontzat are txikiagoa»

Urtarrilaren 7an beteko da urtebete iturregik lehen taldearen ardura hartu zuenetik. «Desgastea eta presioa» handiak diren arren, gozatzen ari da, eta gustura dago taldea egiten ari den lanarekin: «Uste dut ohiko identitatea berreskuratu dugula».

ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzailea (Bilbo, 1985) futbolaz hitz egiteaz aspertzen ez diren horietako bat da. Entrenamendua amaitu berri du, eta ez du presarik talde zuri-gorriaren zein emakumeen futbolaren inguruan luze eta zabal hitz egiteko. Bere lana gustuko duen seinale.

Ia urtebete daramazu karguan. Zer iritzi duzu?

Ona. Taldearen ardura hartu genuenean, inoizko egoerarik zailenean zegoen. Lehen hilabeteak gogorrak izan ziren, baina helburua lortu genuen: ahalik eta arinena beheko postuetatik irtetea.Horri esker, lasaiago amaitu ahal izan genuen liga. Denboraldi hau erabat desberdina gertatzen ari da. Izan ere, denboraldiaurretik taldearen ardura duzunean, zure erara lan egin dezakezu. Gure zigilua jarri diogu, eta bai emaitzak, baita sentipenak ere hobeak dira.

Higadura handiagoa da entrenatzaile moduan?

Bai. Entrenatzaile moduan ardura osoa zurea da, eta gauza asko koordinatu behar dituzu: jokalariak, entrenatzaile multzoa, osasun zerbitzuak... Beti sortzen dira gauzak, eta une oro egon behar duzu futbolean pentsatzen. Nik uste dut, gainera, etxekoa izanda, norberak zama eta ardura handiagoa jartzen diola bere buruari. Gainera, etxekoei beti exijitzen zaie gehiago.

Hori kontuan hartuta, zail iruditzen zaizu jokalari moduan egin zenituen adina urte egitea entrenatzaile lanetan?

Ez nuke jakingo. Momentua bizi dut. Futbolari moduan, badakizu zure kirol ibilbideak hamabost bat urte iraun dezakeela, eta urte horiek kudeatuz joan zaitezke. Baina entrenatzaile batek ezin du etorkizunean pentsatu. Beti esaten da futbolak ez duela memoriarik, bada entrenatzaileentzat are gutxiago. Nik neuk, adibidez, esperientzia desberdinak bizitzeko aukera izan dut. Lehen talde baten ardura duzunean, aipatu bezala, desgaste eta presio hori duzu, emaitzetan berehalakotasuna eskatzen baitizute. Zure etorkizuna horren menpe dago.Baina harrobian lan egiteko aukera ere izan dut, eta esperientzia oso bestelakoa da. Luzera begiraeta presa barik lan egiteko aukera duzu. Bietan egon naiz oso gustura. Presioarekin lan egitera ohituta nago, eta gustuko dut. Harrobiko epe luzeko lan horrek ere asko asebete nau. Bigarren taldearekin ere pila bat disfrutatu dut. Damaris, Naroa Uriarte, Ogiza... 12 urte zituztenetik izan nituen teknifikazioan, eta Lehen Mailara iritsi direla ikustea ederra da. Dena ez da Lehen Mailan entrenatzea.

Taldeari erreparatuz, denboraldi honetan ohi baino jokalari gehiago fitxatu dituzue: Mariasun Quiñones, Itxaso Uriarte eta Ainize Barea Peke. Zer ari dira ematen jokalari horiek taldeari?

Taldearen ardura hartu genuenetik, garbi genuen aldaketa batzuk egin nahi genituela lehiakorrago egiteko. Titularren eta jokatzen ez zutenen artean aldea horren handia ez izatea nahi genuen. Pekek golak ematen dizkigu. Oso jokalari bizkorra da arean, eta golak sartzeko egoera asko sortzen ditu. Aurreko sasoian, aurrelarien artean, soilik Luciak sartzen zituen golak. Honetan lau daramatza, eta Pekek, Yulemak eta Azkonak hiruna. Lehiakortasun hori ekarri du. Itxasok ere hori eman digu. Oreka ere lortu dugu hari esker zelai erdian. Mariasunek, berriz, ziurtasun handia eman digu, eta eskarmentua. Fitxaketei esker taldeak aurrerapauso bat eman du, eta hori denboraldi honetako hamaikakoetan ikusten da. Aurreko denboraldian hasierako hamaikakoan aldaketa gutxi egiten nituen. Honetan, berriz, sekulako buruhausteak izaten ari naiz, astero ikusten dudalako aulkian daudenak ere merituak egiten ari direla hamaikakoan egoteko.

Aurreko sasoian taldea zuloan egon izana lehiakortasun falta horren ondorio izan zen?

Denboraldi bat kaskarra denean, arrazoiak askotarikoak dira. Analisi bat egin genuen taldeak arlo guztietan zituen beharren inguruan, eta horren arabera joan ginen erabakiak hartuz. Lehiakortasun handiago hori lortu nahi izateaz gain, lan dinamikak ere aldatu egin ditugu: gehiago eta karga handiagoarekin entrenatzen gara, lan saio bikoitzak egiten ditugu, gimnasioan denbora gehiago ematen dugu... Ligan lehiakortasun eta maila handiagoa izateak, horretara eraman gaitu. Bestalde, genuen multzoaren azterketa egin genuen, eta jokalarien ezaugarrien arabera jokatzeko era edo estiloa egokiena aukeratu genuen.

Lehia hori tarteko, aurreko sasoietan baino gutxiago jokatzen dutenek nola daramate?

Argi dago ez dela gustagarria. Jokalari guztiek jokatu egin nahi izaten dute, eta normala da jokatzen ez badute haserretzea. Okerragoa da ez haserretzea, esan nahi baitu ez zaiela inporta. Gu geu, hamaikakoak egitean, ahalik eta justuenak izaten saiatu gara. Partida bakoitzerako hamaikakorik egokiena aukeratzen dugu. Jokalariek ulertu dute planteamendua, eta ongi erantzuten ari dira.

Minutuak hainbeste banatuta, kezkatzen al zaitu harrobitik igotako jokalariek gutxiago jokatzea eta haien progresioan eten bat izateak?

Ez, ez nau kezkatzen. Harrobitik igotako jokalarien plangintza egiten dugunean, beti erreparatzen diogu zein aukera dituzten lehen taldean jokatzeko, eta horren arabera hartzen ditugu erabakiak. Ahalik eta gehien jokatzea dugu lehentasun. Marianaren [Cerro] kasuan, adibidez, erabaki genuen lehen taldearekin entrenatzea, baina bigarren taldeko fitxa izatea. Hala, gure deialdian ez dagoenean, bigarrengoarekin jokatzeko. Ogizak asko jokatu du, eta Paula Aranak jokatu du gutxien. Baina hiru partidatan jokatu du hasieratik, eta beste gehienetan minuturen bat jokatu du. Haren kasuan ez du bigarren taldeko fitxarik. Beraz, gurekin ez bada, ez du jokatzen. Baina harekin hitz egin genuen, eta garbi ikusten genuen bi aldeek, lehen taldeko fitxa izan behar zuela. Beste gazte batzuk utzita daude. Ez dago harrobiko jokalaririk, beraz, jokatu gabe. Gazteekin izaten den helburua betetzen ari gara: formatzea eta jokatzea.

Baduzu denborarik harrobiko taldeak ikusteko?

Etxekoa izanda, beti joan naiz harrobiko taldeen partidak ikustera. Orain, lehen taldeko entrenatzailea izanda, denbora gutxiago dut. Baina ahal dudan guztietan joaten naiz haiek ikustera, edo bideoan grabatzen dizkidate. Batez ere, bigarren taldearen partidak ikusten ditut. Bigarren taldeko entrenatzailearekin, gainera, astero hitz egiten dut. Harrobian lan ona egiten ari dira, eta badago etorkizuna, dudarik gabe.

Lehen itzulia amaitzeko hiru partida falta zaizkizue. Zer iritzi duzue?

Sailkapenari begira, denboraldi helburu jakinik gabe hasi genuen. Ni Athleticen nagoenetik lehen aldia da hori egiten dela. Beti egon izan da helburu bat: liga irabazteko borrokan egotea, lehen hiruren artean sailkatzea... Baina iragan denboraldia ikusita, erabaki genuen zenbakirik ez jartzea sailkapenean. Jokalariekin hitz egin genuen, eta denen artean erabaki genuen arreta osoa sailkapenean jarri bainoago taldeak zelaian erakutsi nahi zuen horretan jarri behar genuela arreta. Izan ere, lortuz gero, garbi genuen sailkapenaren erdialdetik gora egongo ginela, eta bete egin da.

Bosgarren zaudete sailkapenean, 20 punturekin. Gustura?

Bai, bide onetik goaz. Sasoi hasieratik helburua bikoitza zen. Erasoan, gol aukera gehiago sortzea, eta lerro arteko joko zuzen hori berreskuratzea. Defentsan, berriz, ohikoa genuen sendotasuna erakustea. Gauzak hobeto egin ditzakegu, batez ere eraso antolatuan. Baina trantsizioetan, adibidez, oso ondo ari gara, geldikako jokaldietan ere golak sartzen ari gara... Defentsan, berriz, oso sendo gaude. Gu iritsi ginenean hor gabezia bat ikusten genuen. Izan ere, eraso antolatuan genituen arazoak tarteko, baloi asko galtzen genituen arrisku guneetan, eta gol asko sartzen zizkiguten. Onena da talde honek oraindik hobetzeko tarte handia duela,

Gorago egoteko, emaitzetan segida handiagoa izatea falta al zaizue?

Ziurrenik bai. Izan ere, pare bat partida irabazi eta gero, galdu edo berdindu egiten dugu. Ez dugu lortzen hiruzpalau norgehiagoka jarraian irabaztea. Sporting Huelvaren aurka berdindu genuenean, jokalariei esan nien aukera paregabea galdu genuela mahai gainean kolpe bat jo eta esateko gu goiko postuetatik borrokatu nahia genbiltzala. Halako partidetan erakutsi behar duzu goian egoteko moduan zaudela. Lan egiten ari gara aipatutako kolpe hori mahaian emateko. Anbiziotsuak gara, eta gehiago nahi dugu.

Kolpe hori emateko aukera aparta duzue larunbat honetan, Alavesen kontra. Arabako taldea sasoiko ezustea izaten ari da.

Dudarik gabe. Ezin hobeto egokitu da Lehen Mailara, eta sekulako konfiantza dute egiten ari diren horretan. Gainera, emaitza onak lortzeak lasaitasuna eta konfiantza eman die. Dena den, Alavesen jarduna segitzen denbora daramagunontzat ez da ezustea izan. Sasoiaurrean jada erakutsi zuten zer egiteko moduan zeuden.

Zein traza hartzen diozu partidari?

Gogorra, irekia eta lehiatua izango da, polita ikusteko. Izan ere, partiden bila joaten diren bi talde gara. Gauzak oso ondo egin beharko ditugu irabazteko. Baina jokalariei argi utzi diet, gure esku dagoela. Bi areatan hoberen moldatzen denak, eta joko zuzen hori hoberen egiten duenak, asko izango du irabazita.

Alavesetik harago, zer da denboraldi honetan arreta gehien eman dizuna txapelketan?

Bartzelona horren erraz gailentzen denez, jende askok uste du ligak ez duela mailarik. Baina ez da horrela. Ligan bezala, Europan ere Bartzelonak nagusitasunez irabazten ditu lehiak. Denboraldi oro ari gara esaten maila eta lehia igotzen ari direla, eta sabaia zenbat eta altuago egon, zailagoa daigotzen segitzea. Baina sasoi honetan ere beste urrats bat egin da horretan ere. Nire ustez, Europako hiru ligarik indartsuenen artean dago Espainiako Liga.

Zuek larunbatean jokatu zenuten Bartzelonaren kontra. Galdu arren, halako talde baten kontra jokatzeak hobea egiten zaitu?

Dudarik gabe. Nik partida aurretik jokalariei garbi esan nien ez nekiela zein probabilitate genuen irabazteko, baina horren bila joango ginela. Eta galtzen bagenuen, gutxienez helburu bat izan behar genuela: Bartzelonatikaurreko denboraldian baino gertuago egotea. Lortu genuela uste dut. Amorrua eman zidan4-0 galtzeak, batez ezer azken bi golak partida amaitzear zegoela sartu zizkigutelako. Azkeneraino partidan sartuta egon ginen. 2-0 galduta, Bartzelonak gol gutxien sartu dizkion taldea izango ginen. Baina, behintzat, 45 minututan golik jaso gabe eutsi dion talde bakarra izan gara, eta, alde horretatik, pozik gaude. Asteburuero Bartzelonaren kontra jokatuko bagenu, asko hobetuko genuke. Nahiz eta fisikoki eta psikologikoki asko sufritzen den.

Lau euskal taldetik hirutan emakumeak zaudete entrenatzaile. Zein hausnarketa eragiten dizu horrek?

Denbora kontua zela Lehen Mailan gero eta emakume entrenatzaile gehiago izatea, eta apustu horretan euskal taldeak beti izan direla aitzindariak. Pauso bat aurrera gaude. Baina apustu hori egiteaz gainera, garrantzitsuena da, gure alde egin dutela, ez emakume izateagatik, baizik eta maila dugulako, eta bila zebiltzan entrenatzailearen profila betetzen dugulako.

Noiz arte borrokatu beharko da profesionalizazioa lortzeko?

Nekagarria eta amorragarria da egoera. Ligaren maila asko hobetu da, eta emakumeen futbolak hazkunde eta ikusgarritasun handia lortu ditu. Baina profesionalizazioa lortzeko urratsak ez dira egin maila eta abiadura berean. Ez zaio eman merezi duenaitortza. Denen laguntza eta inplikazioa behar ditugu: klubena, federazioarena, futbol liga profesionalarena... Beste liga indartsuenenetan partida guztiak telebistaz ematen dituzte, eta hemen soilik pare bat. Bakoitzaren interesak alde batera utzi, eta beharrezkoa da akordiorako borondatea izatea, emakumeen futbolak irabaz dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.