Koronabirusa. Futbol profesionalaren egoera. Jaume Roures. Mediapro ikus-entzunezkoen taldeko burua

«Futbolak ere gerrikoa estutu beharko du»

Futboleko telebista eskubideen merkatuan erreferentzia nagusia da enpresari kataluniarra. Lehiaketa orain itzultzearen aldekoa da, «klubek behar dutelako telebisten diruaren oxigenoa, dinamika txarretan ez sartzeko». Luze gabe futbolarekin lotutako prezio guztiek behera egingo dutela dio.

ETIENNE LAURENT / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gaur egungo futbolean, diru mugimendurik handiena telebista eskubideek sortutakoa da. Milaka miloi dabiltza batetik bestera, eta lehia handia egoten da ekoizleen artean, haietako zeinek eskuratuko Europako liga nagusietako telebista eskubideak. Maisua da horretan Jaume Roures (Bartzelona, 1950), Mediapro ikus-entzunezkoen taldeko burua. Klubek ezinbestekoa dute telebisten dirua gaur egungo negozio moldeari eusteko, eta mundu osoko krisiak harrapatu egin du futbola ere. «Dinamika txarraren arriskua» aipatu du Rouresek futbolarentzat lehia orain itzultzen ez bada, telebisten dirutzaren zati handi bat kobratu gabe zail luketelako klubek orain bezala jardutea. Horregatik ari da futbol profesionalaren mundua hainbesteko presioa egiten lehia itzultzeko: diru asko dago jokoan.

Jokatuko da futbola?

Probak egiten hasi dira, eta, oraingoz, dena ondo doa. Alemaniarrak hasi dira jokatzen, eta ematen du aldeko itsasoa dagoelalehiaketa berriz itzultzeko. Gero, ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Baina aldeko dinamika dago.

Esan izan duzu kasu positiboren bat azaltzen bada dena pikutara joango dela. Azaldu dira kasu batzuk, baina aurrera jarraitzen du jokatzeko asmoak.

Ikusi egin beharko da nork ematen duen positibo, norekin egon diren, kutsatu ahal izan duten jende gehiago eta abar. Arazo asko sortuko lirateke, eta ikusi egin beharko litzateke konponbiderik baduten edo ez.

Klubek bizirik irauteko ezinbestekoa da orain jokatzea?

Ez nuke bizirik irauteko esango, baina oso beharrezkoa dute bizitzeko. Espainiako Liga oso indartsua da, eta ez da itoko futbola ez bada orain itzultzen, baina behar du oxigeno hori, dinamikaoso txarretan ez sartzeko, behintzat.

Adibidez?

Arazoa da futbola diru asko galtzen ari dela egoera eta krisi honetan: sarrerak, merchandisinga, kamiseta salmentak, bazkide kuoten zati bat, publizitatea, babesleak, museoak edota estadioetarako bisita gidatuak... Horiek denak kopuru oso garrantzitsuak dira, eta, telebistena gehitzen badiegu, egoera zaila litzateke. Kontua da gehiago ez zailtzea, eta konponbideak aurkitzea. Zaleak zelaietara lehen bezala ez dira itzuliko txertoa azaldu arte, beharko delako konponbide eraginkor hori zelai batean 30.000 lagun sartzeko, adibidez. Azkenean, zaleak zelaira ezin joatea ez da kasuistika bakarra; lehen aipatu ditudan egoera horiek guztiak ere harekin batera daude.

Konponbideen artean legoke klubei telebisten dirua ematen jarraitzea jokatzera itzuliko ez balitz ere?

Hori oso zaila da, ezin zaielako eskatu telebistei dirua ematen jarraitzea ezeren truke. Gauza bera eskatu beharko litzaieke bazkideei eta babesleei, adibidez, eta horrek ere ez luke zentzurik, inola ere. Futbola jokatzeagatik ordaintzen dute telebistek, eta, ez badago, zergatik ordaindu behar dute?

Klubak telebistaren diruari esker bizi dira?

Telebisten dirua oso zati garrantzitsua edo funtsezkoa da kluben diru sarreretan, baina klub handiek badituzte beste sarrera batzuk beste hainbat kontzeptutan. Klub txikiek, aldiz, ez hainbeste. Nola orekatzen dira, nolabait esateko, klub txikiak handiekin? Bada, telebistaren diruari esker. Desoreka hori orekatu egiten da neurri batean. Klub handiei, telebisten dirua ez zaie aurrekontuen erdira iristen.

Telebisten dirua modu orekatuagoan banatu beharko litzateke talde guztien artean?

Orain lehen baino orekatuago banatzen da Espainiako ligan: gutxien jasotzen duenak baino 2,5 gehiago jasotzen du gehienak. Lehen 1 eta 6ko aldea zen. Oraingo proportzioa da erabiltzen dena Europako ligetan, eta arrazoizkoa iruditzen zait.

Erabaki hori ligena da, baina zuk, telebistako enpresari bezala, aukera izaten duzu erabakia alde batera edo bestera mugitzeko?

Niretzat nahiko orekatuta dago orain. Telebisten diruaren erdia kopuru berdinetan ematen zaie klubei. Ezberdintasunak lehiaketetako sailkapenen bidez zehazten dira, eta beste aldagai honegatik ere bai: talde handiek bazkide gehiago dituzte, audientzia handiagoak dauzkate, eta hori dena ezin da albo batera utzi telebisten dirua banatzerakoan.

Burbuila bat da futbolaren negozioa, eta hausteko arriskua dago?

Burbuilarena duela hogei urteko kontua zen, nahiz eta orain ere hazten ari den. Baina futbola ez dago arriskuan. COVID-19a lagungarria izango da milioi pila balio duten fitxaketak amaitzeko, eta hori ona da gizartearen mailan, izugarria zelako klub batek 100 eta 150 milioi ordaintzea jokalari batengatik. Orain ezinbestean ardurarekin jokatzera itzuli behar dute agintariek, ez delako dirurik eta baliabiderik egongo horrelako fitxaketak egiteko.

Fitxaketetako dirutzei eta soldata izugarri handiei mugak jartzearen aldekoa zara?

Soldatei muga jartzearen aldekoa naiz ni, futbolean eta beste gauza askotan oreka behar delako. Fitxaketen kontua birusak ahulduko du, eta eztabaida horrek ere indarra galduko du. Hori bazen burbuila bat, artifiziala, eta ez zuen zentzurik, agintari batzuen apetak eragindakoa zelako.

Krisi honen barruan, gero eta jende gehiago ari da kritikatzen futbolean mugitzen eta ordaintzen den dirutzen gaia. Zein da zure iritzia?

Ez zait iruditzen jokalarien soldatei eragingo dienik honek, baina, lehen esanda bezala, muga bat jartzearen aldekoa naiz, ezin delako 50 eduki eta 100 ordaindu soldatetan. Gutxiago ordaindu beharko litzateke, eta muga baten barruan ibiltzea araua izan beharko litzateke. Horrek arduratsu jokatzera behartuko lituzke agintariak: diru sarreren kopurua baino gehiago ez gastatzea, azken batean.

Zeinen eskumena litzateke soldatetan muga jartzea, ligena?

Bai, jakina.

Estatuek mugak jartzea aukera bat litzateke?

Ez dakit hainbesteko boterea eman behar zaien gobernuei gauza batzuetan. Zergatik sartu beharko luke eskua futbolean, eta ez beste desorekak dituzten beste batzuetan? Ez dakit gobernuen lana litzatekeen. Ligetan badago kontrol ekonomikoa, eta horren barruan beharko luke soldatei muga jartzeak ere.

Krisi ekonomikoaren eraginez gutxitu egingo zaizkizue bezeroak telebistei, eta zuek ere eragingo duzue krisia?

Futbol munduko produktu guztien prezioek behera egingo dute: kamisetek, bazkide kuotek, sarrerek eta abar. Krisia oso handia izango da, eta jendeak ez du orain bezalako bitarteko ekonomikorik edukiko. Futbolak ere gerrikoa estutu beharko du.

Futbola negozio hutsa da?

Ez da negozioa bakarrik. Futbola hazi eta garatu egin da, eta leku garrantzitsua hartu du kirol munduan eta gizartean. Futbolari esker egitasmo asko gizarteratu daitezke, joan zaitezke estadioetera, jendearekin solasaldiak izateko aukera ematen du, eta sozializazio hori oso garrantzitsua eta ona da.

Futbolean hainbeste diru ez zegoenean ere bazegoen hori, baina.

Hainbeste ez, eta orain, mugimendua handiagoa denez, horrek berak sortzen du negozioa. Bere horretan ez da txarra. Beste kontu bat da prezioak neurriz kanpokoak izatea. Futbola eta kirola hazi izana, eta horrek guztiak pisu ekonomikoa edukitzea ez da txarra. Lehen ere ordaintzen ziren futbola ikusteko sarrerak, baina ez orain bezala, orain oihartzun handiagoa duelako. Gizartea ez zegoen orain dagoen bezain garatua.

Emakumezkoen futbola Mediaproren apustua da aspalditik. Zergatik?

Duela zazpi edo zortzi urtetik ari gara gu emakumezkoen futbolarekin, eta bakarrak izan ginen apustua egiten. Laguntza handia eman genuen garapenean, ikusten genuelako gizarte mailan ere oso garrantzitsua izango zela futbolaren alde egitea. Esperientziak esan digu erabaki ona izan zela.

Emakumezkoen futbolean iritsiko dira gizonezkoenean mugitzen den dirutza handi horietara?

Ez behintzat berehalakoan. Ez dezagun puztu emakumeen futbolaren burbuila. Garatu egin behar du, eta sortu egin behar du mugimendu ekonomikoa, telebista eskubideen arloan, babesleetan, sarreretan, asoziazioetan eta abar. Horrek eragingo ditu diru sarrerak, eta horri esker lortuko da emakumezko jokalariek orain kobratzen dituzten miseriak ez kobratzea.

Telebista ezinbestekoa da edozein kirolentzat ez dadin bazter batean geratu?

Kirolek egin behar duten planteamendua da aisialdirako aukerak direla, eta lehiatu egin behar dutela beste aukera batzuekin, kirolez kanpokoak direnekin ere bai: Internet, telesailak, pelikulak eta abar. Eskaintza handia dago merkatuan, eta kirolek plangintza egin behar dute ez badute lurpean geratu nahi beste eskaintza batzuen aldean. Telebista bozgorailua eta zabalkundea da, eta kirol horien banatzailea.

Kirol bakoitzak moldatu egin behar du gizartearen joeretara?

Moldatu edo. Gazteen kasuan esaten da ezin dutela 90 minutuko futbol partida bat ikusi, baina ez zait iruditzen horrela denik. Hala ere, gazteek beste modu batera ikusten dute telebista; beste era batera gozatzen dute aisialdiaz 50 urteko pertsonen aldean. Horri erantzunak eman behar zaizkio; egokitzen jakin behar da gizarteko geruza ezberdinetara, eta futbolak ere agertoki horretan jokatu behar du. Bestela, ez bada egokitzen, sufritu egingo du.

Futbol partidak motzagoak izango dira egunen batean, moldatu behar horretan?

Ez. Futbolak alde duena da ez dagoela spoiler-ik. Inork ez daki zein izango den partida baten emaitza aldez aurretik. Horrek ematen dio indarra zuzeneko emankizunari, eta sekulako zaletasuna sortzen du; eztabaida ere bai. Futbolaren arrakastaren erdia da astelehenetako hizketagai nagusia izaten dela, eta horrek egiten du handi. Ez dut uste asko aldatu beharko duenik futbolak, eta are gutxiago partiden iraupenak. Baina kontuan izan beharko ditu gizartea nora eta nola mugitzen ari den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.